Egun zoroa izan dut gaur eta ez dut oraino aukerarik izan irudia jartzeko. Irratian ere mintzatu gara honen inguruan, ez dut askoz gehiagorik esango. Egunkari librea genuen, orain libre nahi dugu Egunkaria. Bost urte pasatu dira idazteko eta irakurtzeko egunkaririk gabe geratu nintzela, bost urte pasatu dira gertatzen ari zela sinistu ezinik iratzarri ginela, sarean.com honi bidea eman zion bidegabekeria gertatu zela, Martxelo bezalako gizon sendoa negarrez eta dardarka ikusi nuela, Martin Ugalde atxilotuko ote zuten beldur nintzela, hurrengoak nortzuk izango ziren-ginen pentsatzen serio aritu nintzela… Eta guztia biharamun egun batean.
Gogoan dut biharamun eguna zela otsailaren 20 hura, bezperan Manu Chao eta Fermin Muguruza izan genituelako Kafe Antzokian, Jai Alai Katumbi express harekin, lau-bost orduko kontzertu zoroan. Biharamunean errepikatu zuten emanaldia oso ezberdina izan zen. Egun osoko kolpearen ostean antzokia pankartez eta animo oihuz beterik, Egunkariaren aldeko kontzertua bilakatu zen jai hura.
Baina gogoratzen ditut orduko eta geroko beste hainbat kontu ere. Esaterako nire herrian orduz gero atzera gertatu ez den erantzun bateratua gertatu zela, kolore, eta jatorri askotako jendeak Egunkaria aurrera zioen kamiseta jantzita zeramala… Eta pentsatu nahi dut epaituek, euskararen komunitate honentzako lan egiteagatik umiliatu, zafratu eta torturatu zituzten horiek, Damoclesen ezpata buru gainean duten horiek, gure elkartasun mugagabe, gogor, tinko, bero eta gozoa sentituko dutela epaitegian, atzera begiratu gabe ere denok hor gaudela, eurengandik metro erdira zutik. Hori sentituko dutela epaileak bakoitza bere izenagatik deituko dituenean.