Azken urteotan ETAren erabaki eta ekintza bakarrarekin bat etorri naiz: su-etenarekin. Gainerakoan bere estrategia eta ekintza gehienak ulertezinak iruditu zaizkit, teorian erdietsi nahi diren helburuen kontrakoak, burubako batzuek gidaturikoak. PP goratu zuten botereraino, haren propagandista nagusia izan dira politikariak, enpresariak, sukaldariak, trenaren edo autobusaren zain zeuden langileak eta zibil errugabeak garbituz, gero eta ekintza dorpeagoak eta zatarragoak eginez. ETAren zuzendaritzan PPko satorrak zeuden susmoa burutik pasatu zait hainbatetan azken urteotan.
Orain, bake prozesuak aurrera egiten ez zuela ikusita, mahai gainean ukabilkada eman nahi izan dute miliek (edo haietako batzuek?), IRAk 1996ko otsailaren 9an Londreseko City-an eragindako zartakoa fotokopiatuz. Su-etena indarrean zuen orduan IRAk, eta Downing Street-eko akordioan zehaztutako promesak ez zituen betetzen gobernu britainiarrak, Sinn Fein-ekin hitz egin behar zuen baina elkarrizketa behin eta berriro atzeratzen zuten, errepublikarrek ondorio larriez ohartarazten zuten bitartean. Ondorioa otsailaren 9an etorri zen, IRAk sekulako bonba jarri zuen Londreseko negozio gunean, su-etena derrepentean hautsita, bi lagun akatuz eta kalte handiak eraginez. Ohi baino askoz dinamita kilo gehiago zituen bonbak, eta apurketaren oihartzuna biderkatu zuen kristal hautsien irudiak nazioarteko prentsan.
Orain haren fotokopia egin nahi izan du ETAk, bere abilezia gehituz. Ustegabekoa izanagatik eta eragindako kalte itzelak gorabehera, ez da ia ezer nabarmendu munduan bezperatik iragarrita zegoen Sadam Hussein-en exekuzioak lausotuta. Ondorioak: euskal gizartea harrituta, atsekabetuta eta PPkoak pozarren, gauzak euren gustoko “normaltasunera” datozela ikusita. Gainera, bi ekuadortar hil ditu bonbak, seguraski urrundik ere ezagutzen ez zuten euskal gatazkaren kalte kolaterala. Hori bai gatazka nazioartekotzea!
Nor kaltetu du Barajasekoak?
Besteak beste, eta hildako etorkin biez gain: aireportuko erabiltzaileak eta kotxedunak, Arrasateko hainbat biztanle, Iñaki de Juana, gainerako presoak, berriro frustrazioak jotako herri oso bat… Baina ondorioak bazter askotara zabalduko dira, denboran ere, bonba honek hasierako laukira garamatzalako. Esaterako, beste hainbat herritakoak bezalaxe, neure herrian ezker abertzaleko hautagaitza osatzeko eta aurkeztu ahal izateko lanean dabiltza. Aurreko su-etena apurtu zenetik burua jaso ezinik dabil ezker abertzalea eta ezkerreko oposizio kritikorik gabe PNVkoek nahi dutena egin ahal izan dute azken urteotan…
Nor onuratu du?
Zer lortu dute ETAren izenean bonba jarri duten horiek? presoen hurbilketarik, ezker abertzalearen legalizaziorik? ETAk bestela ikusi nahi ez duen arren, Espainia ez da erakunde uniforme eta bakarra, horrelako ekintzen aurrean monolitikoki eta ETAren logikak espero duen arabera erreakzionatuko duena. PP eta PSOE mokoka dabiltza, euskal gatazkaren inguruan gehienbat. Asko dago aldatzeko Espainiako gizartean, apurka-apurka egin beharreko lana da urteotako antiterrorismoaren pozoia garbitzea eta argi dago prozesuak bakarrik PSOE boterean egonik izan dezakeela aukerarik. Bien arteko aldea ttikia eta mugikorra da, inkestek erakusten duten moduan. Gainera, alde hori ETAren ekintzen arabera mugitzen da alderdi batera edo bestera.
Bestalde, prozesua posible izan dadin, Espainian prozesuaren aldeko mintzakidea egon beharko da ezinbestez. PSOEk ez du ezertxo ere egin, eta ETA ezeren truke konforme geratuko zela pentsatzeari komunikazio arazo deritzo Blancok… Baina honelako ekintzekin PP onuratu baizik ez da egiten, edonork ikus dezakeen moduan. Daborduko inkestek buelta eman dute eta Barajasekoaz gero PPk puntu erdiko aldea aterako lioke PSOEri Espainian oraintxe hauteskundeak egitekotan… Akaso bonba jarri dutenek uste dute Madrilen PP gobernuan jarrita prozesuak aukerarik nimiñoena izango duela? Mariano Rajoy ez da inondik inora John Major-en fotokopia izango.
Demokrazia eskatzen dugu abertzaleok Euskal Herriarentzat, eta Espainiako gobernuari dagokio hainbat urrats ematea, garrantzitsuena herritarren hitza eta erabakia errespetatuko duela adieraztea. Baina eskaera horrekin ez da bateragarria lau lagunen artean, izkutuan eta abertzale gehienen asmoak aintzat hartu gabe gure herriaren etorkizuna baldintzatuko duten erabaki garrantzitsu eta lazgarriak hartzeak. IRAren fotokopiak egitera mugatzen badira, jarraituko ahal dute horrela azken bururaino, baina nik ETAri su-etenarekin jarraitzeko eskatzen diot argi eta ozen, besteak beste Arnaldo Otegik edo Fermin Muguruzak egin duten bezala. Gizarte zibilaren garaia da, eta ezker abertzale zibilarena.
A! Eta urte berri on, oztopoak gorabehera.
Buzzin’ in my head: Zaindu maite duzun hori (Ruper).
“Espainia ez da erakunde uniforme eta bakarra, horrelako ekintzen aurrean monolitikoki eta ETAren logikak espero duen arabera erreakzionatuko duena.”
Hori dok eta. Bi Espainia, gitxienez, badago. Aspaldiko bi Espainiak, hain zuzen be. Eta neuri, behintzat, ez jat bost espainiar batzuk edo beste batzuk boterean egotea.
Tamalez, ETAren barruan askok kontrakoa pentsetan dabe, Francok-eta pentsetan eben ber-berbera: Espainia bat eta bakarra dagoela.
Ez zara lehenengoa ETAren kupulan baten bat aspalditik satorlanean dabilela pentsatzen duena. Gauzak konpontzeko abagunean gaudela pentsatu duigun bakoitzean etortzen da ETAren zartakoa. Zein mentatalitate euskaltzalek justifika dezake behin eta berriro hasierara garamatzaten kolpeak? Sisiforen zigorra izatera kondenatu behar al gaituzte, ba?
Sisifo baino Ulises izan beharko genuke… Itakara noiz iritsiko garen? Nik geroz eta urrutiago ikusten dut.
Argazki originala hi
Pingback: Karrajua