Onartu behar dut ez zaidala futbola batere interesatzen. Munduko txapelketa hasi baino aste bi izan nuen mundialaren berri. Egunotan, hala ere, kezkatu nau jende askoren atxekimenduak Espainiako selekzioarekiko. Ez nabil Xabi Alonsori buruz, Bilboko kaleko jendeari buruz baino. Estraineko partida irabazi zuenean entzun nituen gool! batzuk eta bukaeran urruneko bolandera batzuk entzun nituen. Lehengoan ez nengoen partida ikusten eta algarak entzun nituenean Espainiaren garaipenagatik zela irudikatu nuen. Aitzitik, oraindik jende jatorra geratzen da zazpi kaleetan eta espainiarren porrota ospatzen ari ziren algarak.
Partida galdu zuenean frantziar zaletuen adierazpenak: “Zidane jubilatu nahi zutela? Toma!” Baina zeinek jubilatu nahi zuen ikertzen jarrita, Marcaren azal hau aurkitu dut. Hori bai kazetaritza garbia! Zaletuen jarduna ere maila horretakoa izan zen: beltzak zirela eta irain arrazistak botaz, marseillaise-a entzuten zen bitartean txistuak, Frantziarren aurkako topiko eta aurreiritzi espaƱolazo horiek guztiak…
Horrek frantziarrak euren handikerian puztu egin zituen eta espainiarrek jipoia hartu zuten. Eta errematerako, Domenech entrenatzaileak, Kataluniako erbesteratu baten semea bera, espainiarra baino, katalana sentitzen dela esan zuen. Bitxia da baina adierazpen horiek ez dute oihartzunik izan Espainiako prentsan, blog honen egilea (katalana) ohartu denez. Dena dela, kanariar batek gogorarazi digunez, Zidane amazigh jokalariaren golei esker irabazi zuen Frantziak. Berriro kolonizatu baten lana inperio errepublikarraren loriaren alde. Hau guztia irakurtzean, ez dakit zergatik, baina Trainspotting filmeko berba hauek gogoratu nituen, protagonista eskoziarrak esana:
“Some people hate the English, but I don’t. They’re just wankers. We, on the other hand, are colonized by wankers. We can’t even pick a decent culture to be colonized by. We are ruled by effete arseholes”
Gu berriz bi nazio loriatsuk inguratuta gaude, ez nazionalistez beterikoak biak. Zorionekoak gu.
Oraindino deukot zalantza bat, ez dakit Eneko Bidegainek argituko deustan: Espainia eta Frantziaren arteko partidan, Ipar Euskal Herriko euskal abertzaleak Espainiaren alde egongo ziran?
Ni Portugalen alde nengoen, egun hura gogoan (jendeak eggegeari Portugal! Portugal! esan zionekoa) : http://euskalherria.indymedia.org/images/2004/06/15390.jpg