2004 azaroan lagun bat galdu nuen, Joseba Sanchez, Matrako askorentzat. Minbiziak eraman zuen eta lur jota utzi ninduen haren heriotzak, triste eta amorratuta aldi berean, gu utzi baino bi egun arinago bera bisitatu bainuen ospitalean eta oso efektu bortitza eragin zidan aspaldiko laguna, lagun sendoa, alaia, jatorra eta bizia zena hain makalduta ikusteak. Ez nuen hemen ezer aipatu, kontu intimoa iruditzen zitzaidalako eta ni ez nago blogean horrelakoak biluzten ohituta.
Baina kontua da orain Josebaren familiak gure laguntza behar duela, laguntza ekonomikoa, jarraian azalduko dudanez, eta eskerrak Josebak lagun ASKO, asko eta onak zituela han eta hemen. Erromon hazi zen bera, baina aita arrantzalea izanik gurasoak Bermeon bizi dira aspaldi. Horregatik lagun talde ezberdinak zituen Matrakok Erromon, Gorlizen, Plentzian, Bermeon, Portugaleten… Horregatik eta, batez ere, kriston pertsona zelako bera.
Josebaren heriotzak lagun talde horiek biltzeko eta elkarlanean aritzeko bidea eman zuen. Plentziko sanantolinetan eta urte zaharrean txosna antolatu dute eta orain, Erromoko lagunek haren aldeko jaialdia antolatu dute Errekaldeko Kukutza gaztetxean.
Gogoratzen dut nola gustatzen zitzaion indabak jatea. Portugaleten, serbilleta bat bekokian ipinita, plater aurrean izerditan… Zelako bihurria zen, harrotasun puntu baziloia zeukan, beti txisteak egiten, gizonkeriak egiten besteetan, beti alai, beti irribartsu… Militantzian batera ibili ginen herrian, kartelak ipintzen, pintadak egiten… Intsumisioaren aldeko taldetxoa ere montatu genuen Gorlizen, gauzak egin nahi genituen… Ze ondo pasatu genuen koartelaren aurkako martxetan, inbasioak egiten… Oso momentu onak pasarazi zizkigun Josebak bere umorearekin, baita bere epaiketan ere epaileari irribarrea aterarazi ziola gogoratzen dut.
Baina zoritxarrez minbiziak eta Osakidetzaren arduragabekeriak bat egin zuten eta, hainbat hilabetez birus gastrikoa zeukalakoan bueltaka ibilarazi ostean, Osakidetzak minbizia zuela egiaztatu zuenerako ez zuen operatu nahi izan. Denon diruarekin ordaintzen dugun erakunde horrek azterketa ekonomiko hotza eginez erabaki zuen Joseba preszindiblea zela, ez zuela merezi hesteetako ebakuntza arriskutsu batean dirua gastatzeak arrakasta bermatuta ez bazuen. Bistan da ez zutela ezagutzen, oker zirela. Joseba ezinbestekoa zuen familiak eta lagunek. Ez zuen zalantzarik izan eta, euren ondasunak hipotekatuz, klinika pribatu batera eraman zuten, dirutza bilduta, berau salbatzeko ahaleginean. Maite duen edonork egingo lukeen moduan.
Onik atera zen ebakuntzatik, baina hilabete batzuk geroago agertu zen beste konplikazio batek ospitalera eraman zuen berriro. Beste ebakuntza bat egingo ziotela esan zioten orduan Osakidetzakoek… Bai zera! Ebakuntza ez zen inoiz heldu eta amatatzen utzi zuten apurka-apurka. Zergatik ez zioten ebakuntza egin? Eginez gero argi dago aurrekoagatik arrazoia emango ziotela eta, hilez gero, berak emango zien aurreko erabakia defendatzeko argudioa. Hori pentsatzen dugu Josebaren lagunok.
Baina esan dudan moduan, Josebak lagun asko eta onak zituen, eta horietako batzuek antolatu dute asteburu honetarako Matrako jaialdia Kukutza gaztetxean. Euren laguntza eman dute Kukutzakoek, Doctor Deseo, Atom Rhumba, Obligaciones, Bosco el Tosco, Ander Lipusek eta beste hainbat lagunek… Ez ditut ezagutzen Erromoko lagun horiek baina hemendik nire babes guztia eta laguntza eman nahi diet. Jaialdi interesgarria izango da, gainera, eta sarrera 5 euro baizik ez da kostatzen. Nik erosi dut txartela… Eta zuk?
Ni kontzertuan izan nintzan, eta oso giro ona zegon, “El Toro” eskenatokian agertu arte.
Ene ustez, berak Matrakoren agerrera itzaldu zuen, bere ohizko protagonismoa erreklamatuz (eta bere ohizko matxismoz, ikusle-entzule oroen iritziz).
Liluragarria Matrakoren lagunen borondatea, hunkigarria benetan.
Penagarria “ospetsu“lokal batzuen portaera (Arriaga Antzokian ezdakate honelako “koherentzi”-rik, konzejalen aurrean, kazetarien aurrean, etab). Dirudienez ez daude batere ohituta zerua beste izarrekin elkarbanatzera (Matrakorekin ote? Atom rhumbarekin? Kukutzako kolektiboekin?).
Dena den, egun oso hori adibide batean bihurtu da hiritar anitzentzat, ni barne. Benetazko laguntasunak edozein gauza lor dezake, eta, kasu hontan, lortuko du. Direnik direla (Bosco, Toro..), eta beti jende errespetutsuari esker.
Tira, bakarrik esan nahi dut oso ondo pasatu nuela kontzertuan. Han zeuden Erromokoak, Plentzikoak, Mungikoak… Egia esan ez nion gehiegi erreparatu kontzertuari, aspaldiko lagunekin berriketan-eta eman bainuen denbora gehiena. Ia seietan atera ginen handik, mahaspasa ederrarekin nire kasuan… Pozik, jaialdia ondo atera zelako. Badakit gorabeheraren bat egon zela Boscoren inguruan, baina ez zait ika-mika hori interesatzen.
Zorionak Gaizkari, Geo, Barbara eta Plentziko lagun guztiei. Esker mila Kukutzako jendeari eta zorionak, batez ere Matrakori, horrelako lagunak edukitzeagatik.