Irakurri dut CBGB aretoa arrisku larrian dagoela. Litekeena da laster ateak betirako itxi behar izatea eta horrek benetan pena handia eman dit. Boweryko 315.ean dago, Little Italy-tik oso hurbil, New York-eko punk musikaren habia izan zen kontzertu areto mitikoa. Ramones etortzen zaigu gogora CBGB aipatzean, baita New York Dolls, Jonny Thunders, Patti Smith edo Dictators, bertan izan baitzuten abiapuntu eta erdigunea. Hala ere, zabalik daramatzan 32 urteotan lotu barik ibili dira kontzertuak antolatzen eta hiriaren musika giroa sustatzen. Baina egungo Manhattan-en ez ei dago horrelako ekimenentzako lekurik, dirua eta espekulazioa dira nagusi eta, errenta izugarri igota, CBGB ito nahi dute diruzaleek. Hainbat musikazale eta musikari bildu dira hori ekiditeko asmoz eta webgunea ere egin dute, Save CBGB.
Gogoan dut 16 urterekin izan nuela estrainekoz CBGBren berri eta ordurako bazen leku mitikoa. Basetxe batean sortu eta hazitako, Hilly Kristal-ek Country Bluegrass and Blues (CBGB) moduan ireki zuen aretoa, gehienbat musika mota hori zuzenean eskaintzeko asmoa baitzuen. Baina disco musika nagusi zen garai hartan, sagar handian zuzeneko musikaren eta sortzaileen bilgune modukoa bilakatu zen berehala, ez baitzegoen horrelako toki irekirik inguruetan. Hortik etorri zitzaion & OMFUG atzizkia: & Other Music For Uplifting Gormandizers, euskaraz eta bestelako musikak tripazagien lilurarako.
Duela hiru urte doi-doi, iraileko egun batez, Hilly Kristal berarekin solasteko aukera izan nuen eta horixe aipatu zidan berak, (han ere) rokanrolak ez duela dirurik ematen eta lokalaren errenta altua ordaintzeko gorriak pasatzen zituztela, sos gehienak kamisetak eta bestelako parafernalia saltzen poltsikoratzen zituztela.
Urte hauetan guztietan zuzenekoekin dirurik ez dutela irabazi azaldu nahi zidan: Leku mitikoa izan arren, sarrerako diruekin gastuak, teknikariak, alokairua… Zertaz ari zen banekiela argitu nion, baina berak biharamuneko kontzertuetara joateko gonbita egin zidan. Nire begiekin ikusita, hura oso familiarra nuen, hango diskoteken-eta oso bestelakoa: sarrera merkea eta barruan hiru bat talderen emanaldia, hemengo rock areto xumeetan moduan. Izan ere, lokal xumea da CBGB, estua, goiak eta beheak egurrezkoak eta itxura zaharrekoak. Kontzertu eta parranda asko iragandakoa, hori bai, horma guztiak estaltzen dituzten pegatinek salatzen dutenez. Bisitatu nuenean komuna ere, bere zikinean xarmagarria zen, punk xarma duen lokal batena. Eskenatoki txikia, kea eta garagardoa nagusi… Giroa hurbilekoa egin zitzaidan, familiarra.
Hiru hamarkadotan milaka musikari gazterentzako plataforma izan da CBGB eta orain diru zikinaren legeak behera bota nahi du, Newton-en sagarra bailitzan: merkatariak tenpluan sartu nahian dabiltza. Lower East Sideko Bowery inguru horretan beti izan dira homeless mozkortientzako hotel merkeak eta horrelakoei ostatu ematen dien erakunde batena ei da lokala. Azken urteotako espekulazioak eta lurraren garestitzeak (han ere) errenta garestitzea ekarri diote kontzertu aretoari. Neurririk eta aldez aurreko oharrik gabeko igoera batek ekarri dio egungo krisi larria eta rockzaleen elkartasuna.
Bere azken ahaleginak egiten ari da Kristal, esaterako, lehengo egunean Washington Square Park-en antolatu zuen elkartasun kontzertua. Besteak beste, Bad Brains, Blondie eta Public Enemy izan ziren bertan eta euren aliatuak etengabe ari dira aretoan kontzertuak eskaintzen: Dead Boys, Anti Nowhere League, The Offspring, Misfits… Johnny Ramone bezalako defendatzaile sutsuak dituzte eta blog bat zabaldu dute ekimenak iragartzeko.
Egungo Bilbo ezin izango nuke Kafe Antzokirik gabe imaginatu. Ezberdintasunak gorabehera eta errespetu guztiarekin, niretzat dorre bikiak baino esanguratsuagoa da CBGB. New York-era joaten naizen hurrengoan tragua eta kontzertua bertan, bai horixe. Save CBGB eta Gabba gabba hey!
Pingback: sarean.com » New York-eko argazki sorta osaturik