Katalanezko komunikabide digital aitzindaria dugu Vilaweb, atzo hamar urte bete zituen informazio webgunea. Hamar urte hauetan ibilbide eredugarria egin du Vilawebek eta, ezinbestez, sarean izan den bilakaera ere islatu du bere web orrialdeetan. Era berean, ohohar, kazetaritzari eta profesionalon jardunari aldaketa ikusgarriak ekarri dizkio Internetek. Horregatik, bere hamargarren urteurrenaren zuzuan, La web i el periodisme, deu anys després jardunaldia antolatu dute biharko Bartzelonan. Azken hamarkadan Internetek kazetaritzan eta hedabideetan izan duen eragina aztertuko dute, aditu ospetsu zenbaiten eskutik.
Nazioarteko bilkura honekin Vilawebek hamar urte hauetan ohikoa izan duen jarrera mantendu nahi du, jardunaldiaren webgunean azaltzen dutenez: “komunikabide tradizionalen eta sareko hedabide berrien arteko elkarrizketa eta elkargunea sustatzea, batzuen eta besteen arteko komunikazioa handia izan dadin”.
Bestalde, gurean ez bezala, Katalunian kazetaritza digitalak oso rol garrantzitsua du eta kanpoan ere ezaguna da hori, Europan aitzindiaria baita Kataluniako kazetaritza digitala. Horregatik European Journalism Centre eta AEBetako Poynter Institute ikerketa gune ospetsuekin lankidetzan antolatu dute jardunaldia. Besteak beste, La Vanguardia egunkariko zuzendaria izandako Lluis Foix izango da, egun edizio digitala zuzentzen duena eta oso blogari aktiboa bilakatu den kazetaria. Alemaniako netzeitung.de egunkari elektronikoko zuzendari Michael Maier-ek bere esperientziaren berri emango du, berau baita Vilaweb-en antzeko proiektu bakanetakoa, sarean eta sarerako kalitatezko proiektua.
Vicent Partal bera ere han egongo da, berak sortu baitzuen Vilaweb duela hamar urte, Euskal herrian artean antzeko proiekturik ez zegoenean. Pasatu ziren urteak eta, atarien aroan, inbidiaz begiratzen genion hemendik Vilawebi (1), (2), (3), (4), Galiziako Vieiros webguneari bezala. Aro horiek atzean geratu ziren eta Vilaweben bilakaerak aurrera jarraitu zuen. Bitartean, hamar urteok igarota ez dugu horrelako proiekturik gurean gauzatuta ikusi. Agian egun ez luke zentzu handirik izango, baina teknofobia eta atomizazioa gurean nolako indar handiak izan diren erakusten du adibideak.
Ikuspegi berriarekin, komunikabide glokal moduan definitzen zuen berea Partalek Argia aldizkariari emandako elkarrizketa batean, Al jazeera birtual moduan ere bai, beranduxeago. Izan ere, Kataluniako eskualdeen tokian tokiko edizioekin hasi zen arren, egun Euskal Herria edo New York hizpide duten edizioak ere baditu. Bilatzailea ere badu Vilawebek, nosaltres.com izenekoa, eta hainbat komunikabidetako berriak ere eskaintzen ditu, El Punt, El 9 esportiu edo lesfinances.info kasu.
Baina egungo joeren isla ere bada egungo Vilaweb. Nork bere bloga edukitzea ahalbidetzen duen Mes Vilaweb ordainduzko zerbitzua atera dute aurten, posta elektronikoa eta webguneen itzulpen zerbitzua ere eskaintzen dituena. Partalek berak ere badu blog bat edo bloc bat, katalanez esaten dioten moduan, Mails per a Hipàtia izenekoa, eta bertan ia egunero idazten du.
Urteurrenaren inguruan bestelako jardunaldiak ere antolatu ditu Vilawebek. Iragan astean El nou dietarisme dels blogs (Blog-en dietarismo berria) gaiaren gainean jardun zuten, blogen fenomenoa dietarioen generoaren berpizkunde moduan aurkeztuz.
Bitartean, Euskal Herrian Interneteko kazetaritza hutsaren hurrengo da saretik kanpotik ikusita, Interneten euskaraz egiten den gehiena bezala. Vilaweb bat edukitzea ez dugu lortu denbora honetan, baina dagoeneko ehunka blogari euskaldunez osatutako multzo gero eta handiagoa dugu, Aurki edo Sustatu bezalako ekimenek trinkotua. Luistxo Fernandezek aste honen hasieran bere bitakoran idatzitako Papera / Digitala izeneko artikuluan salatzen zuenez, komunikabide tradizionalen arreta ez du erakartzen sareko esfera euskaldun horretan egiten denak. Jarraituko dugu, arretaz eta inbidiaz begiratzen Vilawebi eta katalanez telematikaren arloan egiten den lan guztiari. Urte askotarako, Vilaweb!
Feedmaniak itxi du
Zerbitzua bertan behera uztea erabaki du Feedmania zerbitzuko Jose Manuel Abraldes internautak. Bloglines-en antzeko zerbitzua ematen zuen Feedmaniak, RSS jarioen harpidetza zerbitzu pertsonalizatua, baina ekimen pertsonala zen erabat eta ekonomikoki errentagarria ez izateaz gain, denbora eta diru asko kentzen zion kudeatzaile bakarrari. Zerbitzuak 1.800 harpidedun zituen eta egunero 350 bat lagun sartzen ziren bertan euren blog eta albistegi gogokoenak bertatik irakurtzeko. Googleren AdSense iragarkiek ez zuten zerbitzuaren kostuaren zati txiki bat baino ordaintzen.
Itxieraren inguruko gogoeta eginez, Feedmaniak kanpotik ematen zuena baino erabiltzaile gutxiago zituela dio Abraldesek eta hori blogek eragiten duten gainbalorazio efektu bati egozten dio berak. Hainbat blogetan aipatuak diren webgune askok ez dituzte horregatik bisita asko jasotzen, baina blogetan aipatuak izateak ustez ospetsu bihurtzen ditu. Abraldesen arabera, bitakorek webgune baten garrantzia puztu egiten dute artifizialki berau askok aipatzen dutenean, baina hori ez da islatzen gero bisitetan, blogarien zirkulo txiki batean baino ez baita ospetsu bihurtu.
Adsense iragarkiak erakusten zituen Feedmaniak, baina feed edo jario askoren lizentzia ez komertziala denez, publizitatearekin ados ez zeudenen jarioak kentzeko prest zegoen Feedmaniaren sistema. Inork ez zuen eskatu bere jarioa kentzea. Hala ere, Abraldesek azkenean zerbitzua bertan behera utzi behar izan du. Bere erabilgarritasuna kontutan hartuta, oso diru gutxi kostatzen zen proiektua kendu behar izan dute, inongo dirulaguntzarik lortu ez duelako.
Papera/digitala artikuluan *salatzen* dudanaz… Bai, baliteke hala ulertzea nire testua. Baina ez dut uste ezer salatzeko posizioan nagoenik. Konstatazio bat da. Paperak bere bidea daroa, eta ez badigu kasurik egiten digitalean egiten dugunari, ba, horixe da egoera. Izan daiteke meriturik ez dugulako, ez besteak itsu direlako. Hedabide tradizionalek askoz merkatu eta audientzia handiagoa dute, eta digitalak du, oraingoz, irismen testimoniala euskaldunen artean. Baina konstatazio hau kexu moduan ulertzerik ez nuke nahi. Gauden tokian gaude, eta, bueno, ba horixe da abiapuntua: abiatu gaitezen, gure publiko xumearekin, proiektu txikiekin, dirulaguntzen morrontzarik gabe. Digitalaren irismena noraino iritsiko den, digitalisten esku dagoela sinesten dut, ez paperisten esku.
Pingback: La invisibilidad del ambito tecnófilo euskaldun