Askotan entzun eta errepikatu dugu Internetek AEBetako militarren asmakizun batean duela sorburua. Hala ere, sarea garatu dutenek beti ukatu dute hori, unibertsitateetan eta eremu zibilean lan egin zutela azpimarratuz. Sareko mito askoren artean mitoena dugu hau, sarearen beraren sortzearen ingurukoa. Militarren dirulaguntza edukitzea nahastu dute kondaira epikoagoa-edo egiteko xedez, helburu militarrarena artifizialki puztuz.
Militarren proiektuak defentsa sareko nodoak lotu behar zituen sistema nahi omen zuen, balizko eraso nuklear baten aurrean irauteko eta erantzuteko gai izango zena. Elkarri lotuak baina independienteak izan behar zuten nodo horiek, euretako bat edo batzuk suntsituz gero sistemak erasoari eusteko pentsatuak. Baina sarearen aurrekari ARPANET sortu zutenek ez zuten hori buruan eta urte asko daramatzate hori gezurtatu nahian. Militarrak ez ziren urrun ibili, baina Internet militarren asmakizuna dela esatea erredukzionismoa da, kondaira ikusgarriagoa lortzeko.
ARPA proiektua (Advanced Research Projects Agency) Eisenhower presidenteak defentsarako 1958an sortutako agentzia zen, gerra hotzaren garaian helburu militarretarako erabil zitezkeen unibertsitate ikerketak diruz laguntzen zituena. Testuinguru horretan sortu zen ARPANET 1969an, baina bertan lan egiten zutenek helburu militarrena handitu dela diote. AEBetako armadak ikerketa eta garapen arloko proiektu asko lagundu ditu diruz, goi mailako teknologia eurek lehenengo aplikatu nahi baitute eta ondoren erabilera zibilera igaro dira euren laguntzaz garatutako proiektu asko, mikrouhin labeak esaterako.
Javier Pedreira ikerlariak eta Stanforden bizi den Andreu Vea kataluniarrak bakoitzak bere aldetik nabarmendu dutenez, ARPANET sortu zutenean, zientzialarien eta militarren helburua dirua aurreztea zen, ordenagailuak batzuk besteekin lotuko zituen sare baterako komunikazio protokoloa sortuz. Orduan oso ordenagailu gutxi zeuden munduan, tona eta milioi askoko makina erraldoiak ziren eta atarramendua atera nahi zioten euren kalkulu ahalmenari eta erabilerari, urrunetik erabiliz eta batzuk besteekin bateragarriak bilakatuz.
Langintza horretan MIT institutu famatuko ikerlariak aritu ziren eta militarrek diruz lagundu zuten proiektua, baina lehenengo onuraduna komunitate zientifikoak berak izan behar zuen. Nahasmena eragin duen beste faktore bat sarearen diseinua dugu: akatsen aurrean babestu nahi zutela eta, logikoa den moduan, sarea osatzen duen elementu batek huts eginez gero egun bezala oso gauza ohikoa orduan besteek lanean eta elkarren artean arazorik gabe komunikatzen jarraitu ahal izango zuten diseinua lortu nahi zuten. Ikerketaren lehenengo helburuak komunitateak baliabideak profitatu ahal izatea eta gastuak murriztea ziren.
Mitoaren sorburua garai hartako blokeen arteko gerra hotzean eta talde horren lanarekin zerikusirik ez zuen beste ikerlari baten idatzietan aurki dezakegu. Militarrentzat lanean zebilen Baran izeneko ingeniari batek aurrerapen hauek ikertu zuen, balizko eraso nuklearraren erabilera proposatuz, baina bera ez zebilen lantaldean.
Egun sareko komunikazioaren funtsa den paketeen kontzeptua sortu zen orduan. Informazioa pakete txikietan bidaltzea zen helburua, pakete bakoitzak, barruko informazioaz gain, bere osotasunean jaso den ziurtatzeko eta igorleari hori konfirmatzeko informazioa eramanez. Geroago, 1973an, Stanford-eko Vinton Cerf-ek garatu zuen paketeak bidaltzeko egun erabiltzen den TCP/IP protokoloa, IP helbide bakunez identifikatutako makinen artean paketeak igortzeko protokoloa. Egun ezagutzen dugun World Wide Web eta hipertestuen bidezko nabigazioa, berriz, hainbat urte geroago etorri zen.
LABURRAK
Blog teknofiloak
Informazio eta Komunikazio Teknologiak hizpide dituzten euskarazko bi blog berri agertu dira azkenaldion. IKTeroak dugu Jakintza ikastolako irakasle batzuen eskutik agertu dena, Informazio eta Komunikazio Teknologiak (IKT) irakaskuntzarekin lotzen dituena. Bertan azaldu dutenez, blog honez gain, bitakorak irakaskuntzan erabiltzeko esperimentu kolektiboa eta partehartzailea prestatu nahi dute beste ikastegi batekin. Bestalde, Gorka Julio kazetaria sarean eskaintzen hasi da berak Gaztetxulo aldizkarirako idatzi ohi dituen erreportaiak. Artxiboak, momentuz, PDF bertsioan daude bakarrik eta banaketa libreko Creative Commons lizentziapean eskura daitezke.
Stallman-en bideoa
WordPress sistemara aldatu da irratia.com irratsaio-bitakoraren edizio sistema, Movable Type erabiltzeari utzita. Bertan beste gauza berri bat aurki dezakegu, sistema eta itxura berriaz gain: software librearen aita Richard Stallman guru ezagunari eginiko elkarrizketa. Kataluniako telebista batean gaztelaniaz egin zioten elkarrizketa sarean eskuragarri dago euskal irrati digitalaren webgunean. DivX formatoan dago eta 109 Megabyteko neurria du. Informazio gehiago Stallman-i buruz.
Xuxen online
Euskarazko zuzentzaile ortografikoa on-line kontsulta daiteke orain, berau webgune baten bidez erabiltzeko moduan jarri baitu Eleka enpresak. Orain arte, xuxen erabiltzeko saretik eskuratu eta nork bere ordenagailuan ezarri behar zuen, Word edo OpenOffice.org-en gehigarri moduan. Dagoeneko ez da beharrezkoa, webguneari esker edonondik konektatzeko modua baitago eta zuzendu nahi dugun testua Xuxen-en leihoan itsatsita berehala erakutsiko digu ortografia akatsik daukan.
Ba nik Tim Berners Lee delako baten eta CERNen artean sortu zutela irakurri dut “Angeles y demonios”en. Hau da, Europan sortu zela sarea. Ez da egia?
Horiek sortu zutena ez da Internet, Internet nabigagarria edo World Wide Web delakoa. Sarea erabiliz hipertestuen bidezko nabigazioa sortu zuten Tim Berners Leek eta CERNekoek. Hipertestuen garraiorako protokoloa (HTTP) sortu zuten CERNen 1990an. Egun gehien ezagutzen den sarearen erabilera da, baina sortu orduko sareak bazituen urte dexente.