Euskaldunok Madrilen = Etiopeak Martitzen

By | 2005/05/07

Sareko ibilerak, loturak klikatuz eta klikatuz, nahiko kaotikoak izaten dira eta badakizu nondik abiatzen zaren baina ez non amaituko duzun. Gaur aurki.com-en Etiope bat Martitzen blogaren lotura jarraitu dut. Katixa izeneko neska blogari euskaldunak egiten du. Itxura denez, Madrilen dabil gidoilari telebista batean eta bere bitakoran gogoeta bitxi eta interesgarriak idazten ditu, literaturazalea eta gasteiztarra da, beste daturik ez dut. Patxi trapero fan handia du. Bada, gaur gustatu ez zaion telebista saio baten inguruan idatzi du eta bertan agertu den Almudena Montero izeneko hizlari bat jasangaitza iruditu zaio.

Bada, Almudena Montero hori blogger ezaguna da espainiako blogosferan, eguneroko pertsonal inozoen atalean, Antes Muerta Que Sencilla izeneko bloga idatzi baitu eta orain bere blogeko testuak paperean bildu ditu Mi vida perra goiburupean. Katixak liburudendan ikusi du eta ez zaio gustatu: “Bridget Jones kastizo bat zen hura, oso txabakanoa, topikoz beteta. Hogeitamar urte inguruko emakume ezkongabe baten abentura banalak ad infinitum errepikatuak. Gaizki idatziak gainera. Inongo graziarik gabe”, dio.

Bada, Mi vida perra Espainian blog batetik ateratako testuekin argitaratu den lehendabizikoa da, Libertad Digitalen irakurri dugunez. Joxeren liburua ofizialki bost egun beranduago banatzen hasi zela kontutan hartuz gero, zurrunki egiazkoa izan daiteke baieztapena, baina ez Joxerena Espainiako liburutzat hartzen zutelako, Arcadi Espada izeneko bati aurrea hartu ziola nabarmentzen baitzuten albistean. Ez zen hori Libertad Digital-en nahia izango, ez horixe, baina de facto, espainiako=gaztelaniazko oinarri horrek onartu egiten du besteok ez garela espainiarrak. Ez kontutan hartu beharrekoen multzokoak bederen, liburu edo disko bat argitaratzen dugunean, soilik bonbaren bat ipintzen dugunean. Salbuespena Athletic-ena da (el único cuyos once jugadores son españoles).

Bestela planteatuta eta Joxeren liburua bost egun lehenago atera balitz, atera zezakeen Libertad Digital horrek albistea “Medikuak esan dit minbizia dudala de Joxe Aranzabal, el primer libro que se edita en España con textos sacados de un blog”. Baina denok dakigu ez zutela aterako. Galdera da, nola enteratuko ziren espainiarrek hala izan balitz? Erantzuna Googlek eman dit: erdaraz erreferentzia bakarra aurkitu dut, (liburu-dendenak kenduta) bertoko egunkari batean gainera. Euskaraz gertatzen den guztia, espainiarrentzat ez da gertatu, y punto pelota.

Euskara bera ez da eta euskal blogosferarik ere ez da. Duela gutxi abian jarri dute Podcast-es.org, domeinuan espainiako podcast-en direktorioa. “Lista de Podcasts en castellano” izenburuarekin. Gero, baten bat gogoratu da estatuan badirela beste hizkuntza batzuk eta, parentesi artean gehitu dute (y en catalá) eta geroago, gure berri izan ondoren (y en catalá y en euskara). Gu ari gara irratia.com-en podcast 2004ko abendutik egiten. Comunicando izenekoa estatuko lehenengoa izan zen, urrian hasi baitzen. Gurea izan balitz? Beti daukate “en español” jartzeko aukera edo, ohikoena, euskaraz egiten dena euren estatistiketan kontutan ez hartzea. Azken finean euskaldunak martiztarrak baino ez gara Madrilen edo, hobe esan, etiopeak Marten.

2 thoughts on “Euskaldunok Madrilen = Etiopeak Martitzen

  1. Janire

    Arrazoie dekozue, bai zuk, bai Katixak, Madrilen, azken finean, martiztarrak baino ez garela emoten dau. Baina, trankil, euskaldunak estadistiketan agertu ez arren garrantzie dekogu bai, jeje. Nik, benetan, harro nau euskadunok eitzen dogun lanagaz blogetan. Eta zeuri, ZORIXONAK zeure lanagaitzik!

    Reply
  2. katixa

    Iepa!

    Martitzen pozik bizi gara etiopeak, nik behintzat bai, baina zaila da jendea bere hiru-lau topikoetatik ateratzea. Karrera euskaraz egin zenuen???? mila aldiz galdetu didate harrituta.

    Nire galdera da: etiopeak gara nahi dugulako edota horretara bultzatzen gaituztelako? Nik uste bietatik dagoela.

    musu bat eta jarraituko dugu eztabaida nire blogean!

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude