Euskal Herriko udal batzuk, haririk gabeko Wi-Fi teknologia baliatuz, udalerriotako gune asko estaltzeko sareak egiten hasi dira azken urteotan, herritarrei doan edo oso gutxi ordainduta Internetera sartzeko aukera emateko. Sare horien bidez herritarren Internetera sartzea bultzatu nahi dute, sarbidea unibertsalizatzeko bidean, Wi-Fi teknologiak hori modu erraz eta nahiko merkean egitea ahalbidetzen duela profitatuz. Baina Espainiako administraziotik honelako ekimenak babestu beharrean, CMT erakundea honelako sareak ixten ari da, doako sarbidea emanez telekomunikazio enpresei konpetentzia ez leiala egiten dietela argudiatuta. Jokoan dagoena zera da: sarerako sarbidea ezinbesteko zerbitzu unibertsaltzat hartzen den eta ondorioz, errepideak edo osasuna bezala, administrazio publikoek berau biztanle guztiengana heltzeko ardura hartzen duten.
Sopelan, Donostian, Oñatin eta, duela gutxi Etxebarrin honelako sare publikoak sortzeko proiektuak jarri dira abian eta batzuk dagoeneko martxan daude. Areatza, Artea, Bakio eta Portugaleteko udal eraikuntza batzuetan ere honelako sareak hedatu dituzte eta gehiago etorriko dira ziurrenik. Izan ere, EAEko SPRI erakundeak dirulaguntzak ematen ditu jende asko dabilen leku irekietan honelako sareak ezartzeko, besteak beste, udaletxe, liburutegi, ospitale, geltoki, museo eta hoteletan. Dirulaguntza jasotzeko baldintzetako bat, hala ere, sare horren erabilera edonorentzako irekia eta doakoa izatea da, lehenengo urtean bederen. Beraz, Interneterako sarbidea SPRIren aburuz babestu beharreko interes publikoa den bitartean, Espainiako telekomunikazioen merkatua arautzen duen batzordearen (CMT) iritziz, telekomunikazio enpresen negozio eremua da eta euren interesak babestu behar dira sarbide unibertsalaren gainetik.
Atarfe herriarena kasurik ezagunena bilakatu da Espainian. Granadako herri horretan alkateak hitzeman zuen haririk gabeko sare publikoa zabalduko zuela, herriko 12.000 biztanleei doako sarbidea emateko. Berbatutakoa betez sarea hedatzeari ekin zion udalak baina herriko Internet hornitzaile txiki batek CMTren aurrean udala salatu zuen. Honek, borroka luze baten ostean arrazoia eman zion salatzaileari, egungo telekomunikazioen legearen arabera lehia librea babestu behar baita, ez sarbidearen unibertsalizazioa. Honen ostean Bartzelonako udalaren Sense Fils proiektua itxi du CMTk, dagoeneko hirian 11 sarbide puntu zituena. Pontevedrako Ponterareas herriko udalari ere berea itxiarazi dio, bertako ziberkafe baten salaketaren ostean. Udalek ezarritako beste sare guztiak ere arriskuan daude, nahikoa baita kaltetutako enpresa baten salaketa CMTk espedientea zabaltzeko. Ez da horrela gertatzen, ordea, sarea erabiltzaile talde batek hedatua denean.
Hori ikusita galderak datozkigu burura: sare hauek administrazioak jarri behar ditu? Momentuz jende gutxik erabiliko duen sare publikoa denon diruarekin ordaindu behar da? Aurki aparailu eta leku askotara hedatu eta haziko den komunikabidea da Internet, ezagutzaren gizartea delakora sartzeko bidea. Garapenaren bidean jarraituko badugu erantzunak baiezkoa izan behar duela dirudi beraz. Hala ere, horrek ez du esan nahi herritarrek euren udalak bere sarea ezarri arte itxaron behar dutenik. Badira bestelako ereduak ere, Huescako Altorricon herriarena kasu. Banda zabaleko konexiorik ez zuten herrian eta, Telefonicari ADSL zerbitzua herrira ekartzeko behin eta berriro eskatu ostean, erantzunik jaso ez zutenez, euren kabuz egitea deliberatu zuten. Ondoko herri batean ADSL batzuk alokatu eta seinalea Wi-Fi teknologiaren bidez eraman dute eta gero seinalea etxerik etxe banatzen dute, herri osoa estaltzen duen haririk gabeko sarean. Hor ez dago lehiakortasun librerako aukerarik, banda zabalaren eremuan behintzat, lehiakideek ADSLrik ezin zutelako eskaini. Gainera, udalaren babesa izan arren, bizilagunek osatutako elkarte bat izan da ekimenaren bultzagilea. Hortaz, CMTk ezin izango luke espediente baterako argudio handirik eman.
Administrazioak eman ezin duen lehia libreko zerbitzutzat hartua dago egun Espainian Interneterako sarbidea, horretara dedikatzen diren enpresa lehiakideak (telefonia enpresak egun) kaltetuko lituzkeelako. Gogoratu behar dugu duela urte gutxi batzuk telefonia enpresak ez zirela sarbidea ematen zutenak, hornitzaile pribatu batzuk baizik. Normalki enpresa txikiak edo elkarteak izaten ziren eta batzuek zerbitzuagatik kobratzen zuten baina beste batzuek bazkidetza baizik ez zuten eskatzen. Ondoren, telefonia enpresa berri eta handiak etorri ziren eta hornitzaile txiki gehienek itxi behar izan zuten, horiekin ezin zutelako lehiatu.
Gero eta ugariago dira wireless edo haririk gabeko konexioak, baina ez dira udalak edo hotelak honelako sareak ezartzen dituzten bakarrak. Unibertsitateetako kanpus batzuetan badira honelako sareak eta, adibidez, Leioako kanpus osoa estaliko duen sarea hedatzen ari da EHU. Erabiltzailen komunitateak teknologia honen onurez jabetzen lehenak izan ziren eta, AEBetako adibideak jarraituz, wireless komunitateak sortu dira han-hemenka. Software librearen filosofia bera duten bizilagun taldeak dira, sarerako sarbideak ere unibertsala izan behar duela aldarrikatzen dutenak. Horiek ezagutzeko bilbowireless.net edo arabawireless.net bisitatzea besterik ez dugu eta bertan ikusiko dugu zeintzuk diren uneoro erabilgarri dauden sarbide puntuak. Guztiz alegalak dira sare hauek, gehienetan herritarren etxeetan dauden ADSL konexioetatik bideratzen baitute Interneterako sarbidea eta konexio horiek herritar edo enpresa batek telekomunikazio enpresa batekin hitzartutako zerbitzuak dira. Horien kontratuetan zehazten da zerbitzua ezin dela lantoki edo bizileku horretatik kanpo eman… Baina uhinek ez dituzte bizilekuaren muga fisikoak errespetatzen eta, sarritan, bizilagun batzuren artean konexio bakarra ordaintzen dute.
Testu hau argitaratu eta hurrengo astean telefono deia jaso nuen SPRIko prentsa bulegotik. Bertako arduradunak zehaztu nahi zidan SPRIk ez dituela kaleko sare libreak sustatzen. Udal batzuetatik kezkatuta azaldu omen zaizkio SPRIri, neuk idatzitako testuan udal sare horiek debekatzeko arriskua dagoela ondorioztatzen baitzen. Aretxabaleta andreak zehaztu zidan kalerako ez dituztela instalazioak egiten, eraikin publiko batzuetan erabiltzeko baino.
Egia da, hala ere, SPRIk Wi-fi sareen ezartzea diruz laguntzen duela eta, horretarako baldintzen artean, urtebetez sarbidea doan ematea dagoela.
Egia da, bestalde, nik egiaztatu ahal izan dudanez, kaletik (Sopelako udaletxe aurrean edo Bilboko kale nagusian adibidez, baina baita programan sartzen diren hotel eta enparauen inguruetan) horrelako sare askotara konektatu gaitezkeela.
Euskaltelek (eta beste enprea batzuek) egin dituen instalazioetan boletoen sistema erabiltzen du, sartzen diren erabiltzaileak aldez aurretik identifikatuta egon daitezen, baina araudian ez du esaten kudeaketa sistema boleto horien bidezko izan behar duenik, are gutxiago instalazioa derrigorrez Euskaltelek egin beharko duenik. Araudia irakurrita, beraz, diruz lagungarria da erabiltzaileak libreki konektatzea ahalbidetzen duen sare bat. Areago, hori dela urtebetez mantendu beharreko ezaugarria, instalazio horrek SPRIren dirulaguntza jasoko badu.
Prentsa arduradunari esan nion orduan zeozer zehaztu nahi izanez gero honen moduko iruzkinak egiteko aukera zuela webgune honetan, hori zela hemen feedback-erako bidea (telefonoa baino eraginkorragoa eta modernoagoa) eta bazekiela erantzun zidan. Hilabete igaro ostean, SPRItik ezer idatzi ez dutenez hemen jartzen dut informazioa, euren zehaztapena ezagutu dezazuen.
Pingback: sarean.com » Air Bites probatzen