Copyright-aren diktadurapean bizi garela diote eta eredu libreagoa proposatzen dute Creative Commons-eko kideek, sortzaileek nahierara euren lanak besteekin elkarbanatzeko eredua aukera dezaten. Etorkizuneko sorkuntzak Lawrence Lessig-en bidetik joko duela diote arte elektronikoaren aitzindariek ere, honek galdatzen eta proposatzen duen kultura librearen eta sorkuntzaren jabego ez murriztailearen bidetik.
Aurtengo Ars Electronica jaialdia egin berri da Linz-en (Austria), arte teknofiloaren inguruan Europan den bilkurarik inportanteena. Irailaren 2tik 7ra mundu digitaleko punta-puntako sorkuntza islatu du jaialdiak. Hitzaldi, instalazio, mahainguru eta aurkezpen mordoa egin dute, beti bezala, ardatz moduan aukeratutako gai baten inguruan. Aurten 25 urte bete ditu Ars Electronica-k eta, horregatik, datozen 25 urteotan teknologiak izango duen bilakaera igartzen saiatu dira.
Golden Nica sariak ere banatu dira bertan, arte eta pentsamendu digitalaren munduko Oscar-ak. Antolatzaileek sorkuntzak eremu digitalean aurrera egin dezan garrantzitsutzat jotzen dituzten ekimen bi saritu nahi izan dituzte: komunitate digitalen proiektu partehartzaile horizontalak koordinatzen dituztenak eta kultura librearen alde lan egiten ari direnak. Lehenengo sektorea ordezkatuz Wikipedia saritu dute, berriki aipatu genuen entziklopedia librea. Bigarren saritua ere jakintzaren eta sorkuntzaren banaketa librearekin lotuta dago: Lawrence Lessig-ek bultzatutako Creative Commons proiektua.
Copyright-aren diktadurak bizi gaituen honetan, Lessig ziberzuzenbidearen inguruko erreferentzia nagusietakoa bilakatu da. Stanford-eko unibertsitateko zuzenbide katedradun honek Creative Commons zuzentzen du, erabilera libreko edukien lizentzia sistema kudeatzen duen elkartea. Creative Commons (CC) nork bere sorkuntza lanak elkarbanatzea oztopatzen duen Copyright (C) kontzeptuaren osagarri moduan sortu zen. Sortzaile batek, berez, bere lanen gaineko eskubideak ditu, berez, eta Copyright-aren zeinuak hori ezin dela kopiatu edo baimenik gabe erabili adierazten du. CC zeinuak, berriz, egileak bere eskubideak mantendu arren, erabilera batzuetarako baimena ematen duela adierazten du.
Lizentzia horren termino zehatzak egileak ezar ditzake, erabilera batzuk baimenduz eta beste batzuk ez. Esaterako, testu edo musika hori edonork erabiltzeko baimena eman dezake, aldatzen edo mozten ez den bitartean, edo aldatzeko baimena ere eman. CC lizentzia mota ezberdinak eta kontzeptuaren azalpen interesgarriak aurkituko ditugu creativecommons.org webgunean.
Liburuak ere idatzi ditu Lessig-ek, azkena Free Culture izenekoa, Kultura librea edo Kultura askatu bezala itzul daitekeen esangura bikoitzeko goiburua. Azpitituluan dioenez, komunikabide handiak teknologia eta legeak erabiltzen ari dira sormena mugatzeko eta kultura giltzapean gordetzeko.
Mardula eta mamitsua da liburua, oso interesgarria. Bertan jabego intelektualaren gatazkan dauden elementu guztiak aztertzen ditu eta kontzeptuak azaltzen ditu banaka: musika, irratia, kable bidezko telebista, pirateria, grabagailuak, bildumazaleak, jabegoa, oinarriak, kontzentrazioa, arkitektura, erabilera librea, bidezko erabilera… Azkenik, sorkuntza bultzatzen duen kultura librearen eredua proposatzen du.
Noski, berak ere CC lizentzia batekin argitaratu du liburua: nahi beste kopia egin daitezke eta erabilera ez komertzialak baimentzen ditu, betiere egilea aipatzen bada. Hori da Lessig-ek bere libururako aukeratu duen lizentzia mota, eta horri esker gaztelaniazko itzulpena etorri da, CC lizentziak berau itzuli duten internauta batzuen ekarpena ahalbidetu baitu.
Euskal sindikazioa aurrera
Ez gara langile mugimenduaz ari, Internet euskaldunean arrakastaz hedatzen ari den edukiak elkarbanatzeko moduari buruz baizik. RSS feed baten bidez nork bere bitakora edo webguneko testuak besteen esku jartzen ditu, beste internauta batzuen webguneetan ere ager daitezen.
Baina kontrakoa ere lor daiteke teknologia honi esker, euskarazko webgune askoren berriak webgune bakar batetik ere irakur baitaitezke dagoeneko, Bloglines zerbitzua erabiliz. Behinola azaldu genuen sindikazioa zer den, gure bitakora edo aldizkari digitaleko titularrak eta testuak automatikoki beste webgune askotan ager daitezen sortutako teknologia sinple eta moldagarria. Bada, euren edukia RSS (Real Simple Syndication) formato horretan argitaratzen duten webgune askoren informazioa bildu eta argitaratzen duten programa eta webgune asko daude. Esaterako, Bloglines zerbitzuan euskarazko webgune askoren goiburuak ikuska daitezke batera, euskaraz edo sarean izeneko bildumetan.
Bestalde, Sustatukoek teknologia honetan oinarritutako del.icio.us webgunearen moldaketa bitxia eta baliagarria egin dute, Jamaika ikusteko izenburupean. Edonork sor dezake del.icio.us horretan kontu bat eta bertan bere intereseko loturak jarri, bakoitzari iruzkin txiki bat gehituta. Nahikoa da gure bilduma horri kode batzuk gehitzea, guk proposatutako lotura horiek Sustatuko azalean ager daitezen.
LABURRAK
Web museoa
Nicholas Pioch internautaren ekimenez sortu zen orain dela 10 urte Webmuseum izeneko webgunea. Bertan, estilo askotako margolari famatu askoren lanak daude ikusgai. Margoen jabegoaren inguruan eta webgune honen zilegitasunaren inguruan zalantzarik duenak ez du erabateko azalpenik aurkituko bertan, eztabaidarako elementuak baizik. Agian horregatik azalpen honetara laburtzen du kontua egileak: hemen sartzen bazara zure erabakiz egingo duzu. Bisitariek ekarritako irudiez hornitzen da museoaren fondoa eta eguneko 24 orduetan dago zabalik.
Caballito Ebay-n
Cybereuskadi aldizkariak zabaldu duenez, Gasteizko Caballito enpresako langileek enkantea egingo dute Interneten euren erresistentzia kutxarako dirua biltzeko. Iragan urteko azarotik soldatarik kobratu ez duten langileek Arabako kirolari batzuek emandako arropak eta Celedon-en euritakoa Ebay zerbitzuaren bidez saldu nahi dute. Hala ere, ez dute momentuz ebay.es domeinuaren bidez egingo, es.ebay.com helbidean baizik. Izan ere, multinazionala Igorreko Ebay enpresari domeinua erostekotan dago, Cybereuskadik berak argitaratu duenez.
Dropload baliagarria
Nork bere artxiboak lagunei helarazteko zerbitzu interesgarria ematen du doan Dropload webguneak. Demagun 5 Megabyteko artxibo potoloa daukagula eta lagunei helarazi nahi diegula. Bada, Dropload honetara igo eta gure lagunen helbideak bertan idatzi. Eurei mezua helduko zaie, artxiboarekin baino, berau eskuratzeko lotura batekin. Zerbitzuak 100 Megako muga du, lagunen postontziak ez blokatzeko modua da eta, diotenez, ez dituzte gure lagunen helbideak beste ezertarako erabiliko.