Prentsa askatasunik ez dagoen herrialde askotan gobernuek komunikabideak itxi ostean Internet bilakatu da zentsura saihestuz informazioa hedatzeko bide bakarra. Sareak ematen duen askatasun horrek beste aurpegi bat badu: gartzelaratutako internautena, baina sarean bertan eraso horiei emandako erantzuna ez da makala izaten.
Ali Lmrabet kazetaria aski ezaguna da Marokon. Berak zuzentzen zituen Demain Magazine eta Douman aldizkariak, satiraren bidez marokoar erregimenarekiko kritikak zabaltzen zituen, askatasun eza eta ustelkeria salatuz. Gobernuak bere lehenengo aldizkaria itxi zuen, bigarrena ere bai eta, azkenik, gartzelaratu zuen kazetaria. Lmrabet-ek ez zuen Internet zentsuratutako aldizkaria argitaratzeko erabili, baina haren aldeko elkartasun kanpainiaren erdigunea bilakatu zen lagun eta lankidez osatutako batzorde batek argitaratutako webgunea.
Human Rights Watch erakundeak internauta disidenteei buruzko atal bat dauka bere webgunean, Txinako, Vietnamgo eta Tunisiako kasuak aipatuz. Txinan gero eta internauta gehiago dago eta asko preso daude Interneten gobernuaren kontrako iritziak zabaltzeagatik. Mugarik Gabeko Kazetariak (RSF) erakundeak ere Interneten euren iritziak eta informazioak plazaratzeagatik atxilotutakoen kasuak aipatzen ditu, beti Kuba eta Txina askatasun gutxien duten estatuak direla nabarmenduz. Baina badira kasu gehiago, batzuk AEBei eta Mendebaldeari lotutako herrialdeetan ere, Zoheir Yahiaoui tunisiarrarena kasu.
Yahiaouik Tunezine agerkari elektroniko satirikoa argitaratzen zuen ezizen bat erabiliz. Ziberkafe batean atxilotu zuen tunisiako poliziak 2002an eta urte biko gartzela zigorra ezarri zioten. Orduz gero tunezine.com argitaratzen jarraitu zuten haren lagunek, zerbitzaria Tunisian ez zegoenez Ben Aliren erregimenak ezin izan baitzuen zentsuratu. Are gehiago, Yahiaouiren aldeko elkartasun webgunea bilakatu zen eta sekulako oihartzuna lortu zuen, giza eskubideen aldeko hainbat erakunderen arreta erakarriz. Egun, ziberespazioan Tunisiari buruzko erreferentzia garrantzitsua da eta bertan politika eta gizarte gaietako eztabaida mamitsuak izan ohi dira bertan. Yahiaoui askatu behar izan zuten protesten ondorioz, 18 hilabete gartzelan eman ostean, baina giza eskubideen egoera ez da hobetu Tunisian. Bai, ordea, bere burua paradisu turistikotzat aurkezten duen herrialde baten errealitatearen ezagutza.
Antzeko egoeran dago prentsa askatasuna Maldivetako paradisu turistikoan, sandhaanu.com aldizkarian irakurri ahal izango dugunez. Saudi Arabian, berriz, milaka webgunetarako sarbidea galerazita dago, gobernuak sortutako agentzia batek 400.000 webgunetarako sarbidea blokatu du eta ezinezkoa da bertatik sartzea, bahea herrialdeko hornitzaile guztietan ezarrita baitago. Bertako erbesteratu batzuek egiten duten miraserve.com aldizkaria ere blokatuta dago, baina bertakoek zentsura saihesteko teknikak garatu dituzte. Hala, webgunea blokeatu gabeko helbide baten bidez ikusteko nahikoa izango dugu mezu bat helbide jakin batera bidaltzea. Erantzun automatikoa jasoko dugu bisitatu beharreko helbidearen berri emanez. Anonymizer edo Safeweb proxyak horrelako kasuetan baliagarriak dira, hemen horien bidez ikuska baizitekeen debekatutako batasuna.org domeinua.
Bitakorak fenomeno kontrolagaitzagoa dira eta adierazpide libreagoa izaten dira ohiko komunikabideak baino. Iranen, adibidez, politika kontuen gaineko blog asko daude eta zentsura ahalegin handiak egiten ditu bertako gobernuak, stop.censoring.us bezalako webguneetan salatu dituztenak. Webgune asko blokatuta dauden arren, iraniarrek idatzitako bitakora kritiko asko daude sarean. Hala ere, blokatutako webguneetako arduradun batzuk atxilotuak izan dira, poliziak berauek ezabatu ahal izateko FTP sarbideko pasahitzak nahi zituelako. Sina Motallebi bere rooznegar.com bitakora zela eta atxilotu zuten Iranen, baina mundu osoko blogger-en sinadura bilketa koordinatuaren ondorioz askatu behar izan zuten.
Iparraldean ADSL hobea
Cybereuskadi aldizkariak berriki aipatu duenez, artean alde ederra dago Bidasoaren alde bien artean ADSL zerbitzuen abiadurari et kalitateari dagokionez. Sarbide arrunta Hegoaldean 256Kbpsekoa da eta hileko 39 euro kostatzen da gehienetan, Arsys enpresa errioxarrak 29,90 euroan eskaintzen duen arren. Iparraldean, aldiz, Free enpresak 29,99 euroan eskaintzen du 2 Mbps-eko ADSL sarbidea, nahiz eta, webgunean frogatu dugunez, herri gehienetan 1024 Kbps-eko gehienezko abiadura eskaini.
Gainera, aurki Baionan 6 Mbps-eko abiaduraraino igoko da zerbitzua, hiriburuan bere sarea hedatzen ari baita Free eta, horrek, enpresak bere webgunean dioenez, zerbitzuaren abiadura igotzea ahalbidetuko du. Enpresaren arabera, urtea amaitu baino lehen egongo da prest zerbitzu berria, Baionarrei ADSL zerbitzuaz gain, 29,99 euro horien truke hainbat telebista kanal eta telefono deiak doan egiteko aukera emango diena.
Hegoaldekoak kontsolatzeko Telefonicak agindutakoa gogoratuko dugu, enpresak ADSL arrunten abiadura doan biderkatuko duela. Abiadura igotzearen arrazoia Telefonicak laster eskainiko duen ADSL bidezko telebista zerbitzua da, gutxienez 512ko abiadura eskatzen duena. Igoera hori haren sarearen bidez konexioa eskaintzen duten enpresa guztietako ADSLetan igarriko da. Bestalde, kontratua Telefonicarekin dutenentzako doako promozioa dago, hilabetez zerbitzuaren abiadura doan 512 Kbps-era edo 2 Mbps-era igotzeko aukera ematen duena. Berau aktibatzeko 1004 telefonora deitu beharra dago.
LABURRAK
Spam-a Espainiatik
Interneten bidaltzen diren zabor mezuen jatorriari dagokionez Espainiak bederatzigarren lekua eskuratu du sailkapenean, Frantziaren ostean, berau debekatu duen LSSI legea gorabehera, bertatik gero eta spam gehiago bidaltzen baita. Sophos segurtasun enpresak eginiko ikerketa baten arabera, munduko spam guztiaren %1,16 Espainiatik bidalia da. AEBetatik bidaltzen da spam-aren %42,53 baina gero eta indar handiagoa hartzen ari dira spammerrak Txinan, Korean eta Brazilen.
Bitakora gehiago
Euskarazko blog berria agertu da azken asteotan. Kili-Kili izenburuko bitakoran gogoetak eta argazki batzuk bildu ditu Mifune ezizeneko internautak euskaraz. Horrek baditu erdarazko beste bitakora bi, bata japoniar itxurakoa eta bestea anorexia eta bulimiari buruzkoa, baina Kili-Kili izenekoan soilik euskarazko testuak agertzen dira. Beste bitakora berri bat agertu da Amodioblog goiburupean, ikasle batek egina, burutazio malenkoniatsuak biltzen dituena.
Sustatu berria
Abuztuko oporraldia igarri da Sustatun, Interneti buruzko aldizkari eta weblog guztietan bezala, bertan albisteen ekoizpena moteldu baita azken hilabetean. Hala ere, atsedenaldian izkutuko lana egiten ibili dira Sustatukoak webgunea eraberritzeko eta horren emaitza atzo bertan agertu zen gure pantailetan: guztiz eraldatua ageri zen webgunea, itxura berria erakusten eta nork bere argazkiak bertan argitaratzeko aukera berria gehituta.
Euskal Herrian ere zentsura kasu nabariak gertatu dira. Besteak beste Batasuna eta Euskal Herritarrok-en webguneak zentsuratuak izan ziren. Horretarako estatu espainoleko hornitzaile guztiek lagundu zutelarik.
Bai, Batasunarena aipatu dut esateko zentsura gorabehera Anonymizer-en bidez ikuska zitekeela, testuaren gaia kazetaritza argitalpenen zentsura bada ere.
Arlo horretan gurean badira adibideak, EGIN egunkaria itxi ostean sarean agertu baitzen http://www.contrast.org/egin helbidean Euskadi Informacion. EGUNKARIA itxi ostean, berriz, http://www.egunero.info agertu zen informazioa emanez. Gaiaren gaineko informazioa emanez, berriz, aurrera.net sortu zen.
Baina zentsurari aurre egitearen kontuan, eta batasuna.org-en gaira bueltatuta, harrigarria egin zaigu euskal internauta askori batasunak sarea zentsura horri aurre egiteko erabili ez izana. Ilegalizatu orduko Interneten argitaratzea utzi zion Batasunak, gatazka leku primerakoa izan zitekeenean. Proxyen aipatu erabilera ez du egin, adibidez, eta internautek ez dute aurkitu Batasunaren iturri ofizialik, saretik ere desagertu baita ilegalizazioari webgunearen bidez aurre egin beharrean.
Ez nago oso ados azken horrekin. Izan ere Ezker Abertzaleak ilegalizazioa gauzatu zenetik burutu dituen ekimen gehienen islada izan baitu interneten. Kandidaturak, autodeterminazioaren aldekoak (orain.info), herritarren zerrenda… eta beste guztiak ez bezala inolako diru sarrerarik gabe, militantzia hutsez.