Iragan astean nork bere bideo interesgarriak besteekin trukatzeko sareak ematen duen aukeraz jardun genuen. Aktibismo telematikoak bideoak trinkotuta eMule bezalako truke sareen bidez hedatzeko modua aurki dezakeela azpimarratu genuen, oraindik bide hori oso jorratuta egon ez arren. Gaurkoan banaketaren aurreko urratsei erreparatuko diegu, hau da, bideoak filmatzeko, editatzeko eta formatu trinkotu horietara moldatzeko moduei.
Gaur egun kamara digitala, ordenagailua eta sarerako konexioa edukita informazio multimedia enpresa osoa daukagu esku artean, Al Jazeera txikia edo suntsiketa mediatikoko armategi erabilgarria, biana erabiltzea eta atarramendua ateratzea da gakoa. Posta elektronikoz jaso ditugun mezuen arabera interesa piztu du bideo digitalen kontu honek, baina irakurle askok ez dakite nola digitalizatu bideo interesgarri horiek sarean besteen esku jartzeko. Ondorengo lerrootan, oso laburki bada ere, bideo digitalak sortzeko eta editatzeko urratsak azalduko ditugu.
Hasteko, demagun jada grabatuta daukagula sarerako moldatu nahi dugun bideoa, ez baitugu hemen zine eskolarik emango. Hala bada, bideoa kamaratik edo bideo zinta batetik ordenagailura pasatzea izango da lehenengo urratsa. Egun kamara digitalak nagusitzen ari dira eta normalena izango da kamarak USB edo Firewire konexioa edukitzea. Kable baten bidez lotzen zaio ordenagailuari eta orain bideoa harrapatzeko programatxoa erabili behar da. Mac OS ordenagailuek iMovie programa dakarte sistemarekin, bideoa harrapatzeko eta editatzeko programa xaloa. Horren modukoa da Windowserako WinDVD programa, beste asko ere badiren arren.
Kamara konektaturik badago eta ordenagailuan programa aktibatuz gero, beronek kamara ezagutuko du eta irudiak hartzeko prest egongo da. Ordenagailutik kamararen lana kontrolatuko dugu irudiak hartu eta, nahi dugunean ordenagailuan grabatuko ditugu. Ondoren edizio sinple bat egin daiteke: irudiak hartu, moztu, bata bestearen atzean jarri, trantsizioak ezarri, soinua moldatu eta musika gehitu, azpitituluak jarri…
Baina bideoa kamara analogiko batetik edo VHS zinta arrunt batetik ordenagailura pasatu nahi badugu, pixkat konplikatuko zaigu kontua, bideo eta audio seinaleak digitalizatu beharra baitago lehenengo. Horretarako ordenagailu berri askok ekarri ohi duten irudiak harrapatzeko txartela erabiliko dugu. Txartelak eta gure etxeko bideo aparailuak dituzten konexioen araberako kableak erosi beharko ditugu: Audio/Bideo RCA konexioa edo bideo konposatua dira ohikoenak. Gero, irudiak harrapatzeko programa bat behar da, Virtual VCR librea da estimatuena.
Editatu dugularik (jo dezagun bideoa muntatzen badakigula), formatu ezberdinetara pasatzeko unea izango da eta programak berak emango dizkigu aukerak. Kalitaterik handienekoa DVD formatua izango da eta hori grabatzeko DVD grabagailua behar izango dugu. Demagun gure etxeko filmak betirako gorde nahi ditugula, bada, hori izango da modurik aproposena. Baina filma ez bada luzeegia eta DVD grabagailu bat eduki ezik aukera interesgarriak dira DVD formatua CDan, VCD edo SVCD. Abantaila bakarra dute azken bi horiek, etxeko DVD aparailuetan irakur daitezkeela.
Programa batzuek formatu trinkotuan exportatzea ahalbidetzen digute eta hor hainbat codec daude, bakoitzak izen eta konpresio maila ezberdina duena. Baina ezagunena dugu azken aldion DivX konpresio modua, kalitatea mantenduz gehien trinkotzen duen formatua delako.
DVDak DivXera pasatzeko hainbat programa daude, baina ezagunenak VirtualDub edo DVD2AVI dira. Lehenengo, DivX codec-a divx.com webgunetik jaitsi eta instalatu beharko dugu. Ondoren, programa horiekin bideo eta audio seinaleak disko gogorrera pasatu eta, azkenik, DivXa sortuko dugu, audioa eta bideoa artxibo bakarrean nahastuz.
Ordu eta erdiko film arrunt bat 700 Megabyteko CD batean sartuko zaigu eta nahiko ondo ikusiko da filma. Horrelako neurrikoak izan ohi dira eMule bezalako truke sareetan dauden filmen artxiboak. Laburragoak direnak neurri txikiagokoak egin ditzakegu edo kalitatea handituz gutxiago trinkotu eta 650-700 megaren bueltan mantendu.
Badira aipatu beharreko formatu batzuk, sofware librekoak.Izan ere, DivXen alternatiba libre Xvid da eta soinu bandarako MP3 barik Vorbisen OGG librea erabil daiteke. Biek lortzen dute besteen pareko kalitatea eta trinkotze maila, batzuen arabera are hobeak diren arren. Emaitza OGM bideoa izango dugu, bestearekin bezala MPEG 4 estandarreko AVI bideoa izango da baina guztiz librea.
Askoz gehiago sakon daiteke bideoen digitalizazioaren inguruan baina gaia gainetik azaltzea izan da testu honen helburua. Sarean hainbat eta hainbat azalpen zehatz eta sakon aurkituko ditugu, baina saltseatzen, proba asko egiten lortuko dugu gure gustoko bideoak sortzea, hasieran beti zeozer geratzen baita gaizki baina praktikak egiten hasteko hobe izango dugu familiako VHS zahar haiek berreskuratzea eta digitalizatzea, zintak erabat usteldu baino lehen.
LABURRAK
Bideo pilulak
Kazetaritzaren inguruko Ciberperiodismo atari osoa eraki du Gorka Palazio EHUko irakasleak, software libreak gizarte komunikaziorako izan dezakeen erabilerari buruzko artikulu interesgarriekin. PHP lengoaia, Zope plataforma, GNU-Linux sistema eragilea dira Palaziok eginiko beste webgune batzuen gaiak eta hemen ere islatzen dira, baina orokorrean, euskarazko kazetaritza komunikazioa du hizpide ciberperiodismo.com atariak. Bertan, besteak beste, bideo laburrak sortu ditu, kazetari eta irakasle zenbaiti eginiko bideo elkarrizketak erakutsiz.
Konfidentzial berriak
Sareak argitaratzeko ematen dituen aukerak baliatuta aldizkari konfidentzialen loraldia ari da gertatzen Interneten. Gurean, EAJren inguruko izaronews.org ari da azken aldion albiste eta off the record asko argitaratzen. Molde horretan baina bertoko PPren jarrera politikotik gertuago euskadiconfidencial.com agertu da duela gutxi, lehenago bilbaoconfidencial moduan agertua. Espainian nabarmentzen ari dira elconfidencialdigital.com, elconfidencial.com eta vistazoalaprensa.com gisakoak euren jarrera eskuindarragatik, lehenagoko libertaddigital.com bezala.
Jakin ezine euskalduna
Hacker euskaldun batzuek Jakin bataiatu dute euren ezine edo sareko fanzinea. Hacking-jakin hitz joko polit horren ostean asmo handiko proiektua dago, GNU-Linux sistemaren banaketa euskalduna sortzea, Jakin OS goiburukoa. Baina horrez gain, Jakin argitalpen baten izena da eta bere zenbaki batzuk webgunean bertan irakur daitezke. Proiektu libreen Sourceforge zerbitzarian ostatu hartuta dagoen aldizkari honetan Euskal Herriko hacker eszena, kultura gaiak, lotura interesgarriak eta sareen inguruko artikulu teknikoagoak aurkituko ditugu.