Muga taberna, sare soziala

By | 2014/05/06

Igandean 30 urte bete zituen Bilboko Muga tabernak. Hainbat lagun bildu ginen Kafe Antzokian Juankarri eta bere tribuari omenaldia egiteko. Hedabide nagusietan ez baina asko idatzi da egunotan han eta hemen tabernaz, eta Juankar berari elkarrizketak egin dizkiote GARAn eta ARGIAn. Igandeko jaiaz kronikak egin dituzte Roberto Mosok eta Oscar Cubillok eta ez daukat askoz gehiago gehitzeko: itzel pasatu genuen, aspaldiko lagun asko ikusi eta jan-edan-abestu genuen berandura arte. Muga bera niretzat zer izan den kontatuko dut hemen.

Lehengoan Juankarri irakurri nion GARAn Pablo Cabezak egindako elkarrizketan ea inor gogoratzen ote den “Bilboko turismo erakargarri bakarra alde zaharreko gaztetxea zen garaia”. Ofizialdegiak eta, salbuespen gutxi batzuk, komunikabide orokorrek ez dute inoiz estimatu taberna batean eta garagardo artean egindakoa, euren kontrolpean ez dagoen eta euren luzimendurako ez den bitartean. KULTURA hormigoizko letra larri instituzionalekin irakurtzen ohituta, azkenean badirudi zinegotziren batek esan behar digula zer den…

Bada, niretzat gaztetxea bezainbat erakargarri turistikoa zen Muga 80ko urteen bukaera aldean. Herritik etorri eta orduko Zazpikale zikin eta bizi haietako gure lehenengo geldiunea izaten zen beti, gaztetxera edo Barrenkalera abiatu aurretik. Baina zarata eta tragu artean ere kulturizatu ginela aitortu beharko dugu, egia esan. Nik duela 26-27 urte zapaldu nuen estrainekoz Muga, eta bertan ezagutu nituen Mamorro, TMEO, El Tuboko lehenengo zenbakia ere bertan erosi nuen, maketa piloa (agian azaldu beharko dugu zer zen zinta bat?)… Mundu berri bat zabaldu zitzaidan Youtuberik eta Facebook-ik ez zegoen garai hartan.

mugataberna-2

Ondo pentsatuta, sare sozial berezia izan da Muga hasierako urteetatik, nire sokakoak ezezik, Gauekoko zenbait rocker ezagutzeko aukera eman zidana, orduko Kortatu-LaPolla-Hertzainak-Zarama-Potatotik harago musika ilun eta garageroak ezagutzeko. Orduko interes horiek lagundu zidaten egun naizena eraikitzen, eta Mugak zeresana izan du eraikuntza horretan neurriren batean, seguru.

Bertan erosten genituen herrian eskuratzerik ez zegoen fanzineak, eta bertan erretzen genituen Herriko Tabernan erre ezin genituen petak. Bertan topo egiten genuen rocker, punki eta garageroekin… Gogoan dut Juankarren aita, izugarrizko edalontzi pilak batzen zituena, arreba, garai bateko Carlos Egia, Txarli (bazirudien Carlos izena eduki behar zenuela barran sartzeko)… eta azkenaldion bere estiloa ematen dion Jonny (el seco ez zaio gustatzen) mundiala. Bilakaera ere izan du Mugak, irizpideei eutsi arren, eta gaur egun bokata eta hanburgesa mundialak ateratzen ditu (kasu hiru pisuko sandwich bejeta itzelari, hori ere kontundentea egitea lortu du Juankarrek).

Juankar bera aitzindari goiztiarra izan zen Interneten ere bere lehen webgunearekin, baina utzi behar izan zuen hura. Tabernak asko lotzen du tabernaria, baina hala ere berak denbora atera du hainbat saltsatan murgiltzeko. Hainbat buruhauste eta makilkada jaso ditu zaletasunak bultzatutako ibilbide horretan, baita hainbat irakaspen ere, igandean Kafe Antzokiko mikrofonotik bota zigunez: “Gauza asko irakatsi dizkidazue 30 urteotan: ilusioa, proiektuak edukitzen, gauzengatik borrokatzen, instituzioetan ez sinisten, beraiek ez digute inoiz ezer emango”… Eta aurrera jo du berak, bere parrokia fidelak bultzatuta.

jabi-juankar-lutxo

Blog honen erruduna Juankar eta Lutxorekin

Igandean ikusi genuen zelako handia eta anitza den Mugako tribua, eta egunotan jabetu gara noraino gure mundua Mugaren inguruan garatu den. Urte askotarako, Juankar!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude