Altsasun sortu zen Herri Batasuna, eta Atzoko agerpena bertan egin izana kointzidentzia ez dela pentsatu nahi dut. Azken hilabeteotan gabiltza, azken asteotan batez ere, ezker abertzaleak azkenik bide armatuaren amaiera barneratu duen zantzuak jasotzen. Atzokoa horren berrespena izan zen. Idatziz, asteotan zabaldutako eztabaidarako txostenak zekarren, noski, baina atzoko mise en scène-aren helburua erabaki horren inguruko batasuna adieraztea zen, barrura eta kanpora begira.
Noski, ezker abertzalea zentzu zabalean hartuta (eremu soziopolitikoa) aspaldion arnasten den bertako gehiengo sozialaren hausnarketa eta gogoa norabide horretan doa, baina nukleo politikoaren eskutik berariazko hain adierazpen argirik ez da egon orain arte. Lehengoan Arnaldo Otegik, Rafa Diezek eta sarekada berean atxilotutako besteek beste fase bat, beste estrategia batzuk, beste tresna batzuk izango zituen fase politiko berriaren hasiera eskatu zuten gartzelatik: “estrategia horrek oinarri bakarra izan beharko du: herritarren atxikimendua” zioten. Atzokoa ezker abertzaleko egitura politikoaren eta erreferentzia nagusien hitz horiekiko berrespen argia eta garbia izan zen.
Hausnarketa eta analogia interesgarriak plazaratu zituen lehengo egunean Jose Maria Perez Busterok Salir de la torre a la plaza artikuluan. Bat nator: gotorlekutik plazara atera behar du ezker abertzaleak, menditik ibarrera jaitsi, aurrera egingo badu ezinbestekoa izango du, agorafobiarik gabe, proposamen interesgarri eta erakargarriak egiteko ahalmenak ematen duen indarrak bultzatuta. Lagunak eta bidaideak lortzeko bide bakarra da, inor uxatu gabe, eta hala ulertu duela argi dago Oinarriak eta borondatea dokumentuan:
Fase berrian eskuratu beharreko helburuak Euskal Herriaren nazio aitorpena eta autodeterminazio eskubidearen aitorpena izanik, aldaketa egiteko ezinbestekoa da gero eta zabalagoa izango den indar metaketa bideratzea eta konfrontazioa estatuak ahulen diren eremura eramatea; hau da, konfrontazioa eremu politikora eramatea. Horrenbestez, masa borroka, borroka instituzionala eta borroka ideologikoa, indar harremanen aldaketa eta nazioarteko babesa bilatzea estrategia berriaren funtsezko oinarri izango dira.
Autokritika eginez, besteak beste aitortzen da gatazkaren aro armatua gehiegi luzatu dela denboran, kalte larriak eraginez. Barnera begira, oso makalduta dago ezker abertzalea higadura horren ondorioz: babes soziala oso murriztua, instituzionalki neutralizatua, polizialki zafratua eta moralki burumakur heldu da gogoeta honetara. Asko gara urte hauetan bertako egituretan ibili izanda, ilusioak zapuztuta eta atsekabeturik urrundutakoak.
Aldiz, itxaropenerako arrazoirik handiena ekar lezake aro armatuaren amaierak: ezker abertzalea, bere zentzu zabalean den sektore handia eta dinamikoa izanik, bere ahalmena gizartean benetan dagokion indarraren benetako isla izatera heltzea.
Beti egongo da, edozer esanda ere, egunotako adierazpenetan ezer berririk ez dagoela edo tranpa dela dioenik. Beste batzuek gehiago zehazteko eskatu dute. Ni atzokoarekin konformatzen naiz momentuz, gehiegi estutu gabe. Lokarrikoen lehenengo galdera bien erantzuna baiezkoa da, eztabaida txostenetik eta atzoko adierazpenetik ondorioztatzen denez. Hirugarrena aldiz, ez dakit publikoki eskatuko dioten ETAri armak bertan behera uzteko, IRAri Sinn Fein-ek eskatu zion bezala, baina publikoki ez bada ere, argi dago eskatu egin diotela. Argi hitz egitea, ausardia eta gehiago zehaztea eskatzen diote betikoek ezker abertzaleari. Nik uste dut nahiko argia dela azken egunotako diskurtsoa, ulertu nahi duenarentzat. Ikuskizun dago ea denek ulertu edo ulertu nahi izango duten. Bitxia eman dezake ezer berririk ikusten ez duten politikarien erreakzioak, baina ez dut uste berritasunez ohartzeko gaitasun faltak jota daudenik. Ez, aitzitik, gustora dauden paradigmaren aldaketa ekar dezakeenaren beldur direla eta, normala da PP-PSOEren erreakzioa.
Armen uztea gauzatuz gero, ordea, zer egingo dute? Gai izango dira plazara jaitsi eta besteekiko berdintasunean, denontzako askatasunean, beren proposamenak defendatzeko, besteenak haintzat hartuz? Balizko armen uztearen aurrean PPren jarrera zein izango den ez daukat zalantzarik, baina PSOE? Orain oso gotortuta ikusten dut baina, Espainian PPk aurki gobernua kenduko dion ziurtasunak bultzatuta, karta potenteren bat (elkarrizketarena) jokatu beharko du.