OHARRA: Gaur Andoni Egaña izango dugu irratia.com-en zuzenean. Argazkia, ejem: IKEA.
Berriki erdaldunen aurrean euskal esfera teknofiloaren erdaldunen arten duen ikusezintasunaren gainean idatzi nuen, denbora eta geografia berean jardun arren ikutzen eta ikusten ez diren esferak baitira euskalduna eta erdalduna. Beste euskaldun batek, iruzkin batean, fenomenoa eremu teknofilora ez zela mugatzen zehaztu zuen. Egia da, nik eremu jakin horren adibideak eman nituen, baina fenomeno orokorra da eta jende asko ari da hori somatzen azkenaldion. Horregatik uste dut erdaldunei gure unibertsoa aurkezteko ahalegina egin behar dela uste dut. Bertsolari txapelketak berriro agerian utzi du ikusezintasunaren fenomenoa, baina beronen aurkako lan handia egin duelako hain zuzen ere.
Ez daukat nire burua bertsozaletzat. Gustatzen zait bertso on bat entzutea, are gehiago sortzea (denbora, arkatza eta papera emanez gero), posible denean. Baina ez dut uste BECera hurbildutako guztiak bertsozale porrokatuak direnik. Txirrindularitzarekin gertatu ohi denez, zale askoko eta gutxiko boladak izaten dira, mass medien eta (Euskaltelen) publizitatearen arabera eragindakoak.
Bada, Bertsozale Elkartean jende gazte eta gogotsua dabil, giro hori sortzen erabat asmatu duena. NBAko saskibaloi partida zirudien Bertsolari Exhibition Centre-ak. Arrakasta izan du Patxik iraila aldera proposatutako izen aldaketak, ETBko aurkezleak beranduago jaso zuen Olariagari egotzi zion arren eta zenbait hedabidek datua zabaldu duten arren.
Internet ederto erabili dute, kanpo eta barne komunikaziorako. Internautei eta irratietara bertsoen grabaketak helarazteko ere erabili dute, Skype bidez telefonoz hitz egiteko… Prentsa arduradun Joseba Kamio elkarrizketatu genuen Skype bidez, txapelketa hasi orduko eta berak azaldu zigun hori guztia.
Ikusezintasunera bueltatuta, horren adibidea eman zigun Espainiako prentsak atzo, txapelketaren biharamunean. Gaztelaniazko Google News-en Andoni Egaña bilatuta, atzokoaren erreferentzia bakarra ageri da Espainiako prentsan: Terran agertutako albiste bat. Betiko kontua da: Getxon paperontzi bat erretzen badute, biharamunean kale terrorismoari buruzko ehunka erreferentzia aurkituko ditugu Espainiako prentsan. Bertso txapelketa ez da notizia, ordea.
Bertoko prentsa erdaldunean, hala ere, izan du islarik txapelketak, inoiz baino gehiago. Adibidez, Radio Euskadiko Mas que palabras saioak, berriro ere, euskaldunon gaiak erdaldunei hurbilarazteko lan ederra egin du Iñaki Aurrekoetxea ohiko gonbidatu bilakatuz. El Correon gaia jorratu dute, finalaren aurretik eta biharamunean testu pedagogikoen bidez azaldu diete euren irakurleei zer den bertsolaritzaren asuntu hori. Javier Armentia bertoko blogari erdaldunak bere irakule erdaldunei bertsoen kontua azaltzen die bere bitakoran. Gainera, Bertsozale elkarteak berak sarean eta gaztelaniaz argitaratutako liburua ere aipa daiteke langintza horren adibide moduan. Erdaldunenganako zubiak eraikitzea jokabide egokia delakoan nago, horregatik nabarmen du nahi izan dut horrek ekarri duen emaitza positiboa, non eta Barakaldon, gainera. Zorionak Bertsozale Elkarteari eta munduko bertsozale guztioi!