Mezu kateen bilakaera

By | 2004/11/25

Gure postontzietan askotan jasotzen ditugu eskatu gabeko mezu kateak. Lagun batek bidaltzen digu berari bidali dioten mezua, bertan ahalik eta jende gehienari bidaltzeko eskatzen baitiote. Netiketak eta segurtasunak eskatzen digute kate horiek ez jarraitzeko, baina jende askok ez dio horri erreparatzen eta bertan sartzen gaituzte gure helbidea daukatelako. Hala ere, mezu kateena ez da egungo kontua, paperean idatzita aspaldi jarri baitziren abian.

Lagun batek edo guk geuk sor ditzakegu kate sinpleak konturatu barik, irudi bitxi bat edo PowerPoint aurkezpen barregarria lagun batzuei bidalita eta haiek beste hainbati. Katea jarraitzen ez badugu ere, gure helbidea hor geratuko da, besteei bidalitako mezuetan kateatuta. Ordurarte jasotzen ez bagenuen ere, handik gutxira jasotzen hasiko garen spam edo zabor publizitatearen errudunak dira kateak, gure postontzia erabat buxatzeraino hel daitekeen izurritea ekarriko baitu gure helbidea spammer bihozgabeen eskuetan jausteak.

Baina badira propio kate bilakatzeko sortutako mezuak, hedapen geometriko
amaigabean biderkatzeko sortuak. Interneten asko dira horrelakoak, baina hedapena lortzeko internautari sinestarazi behar diote mezua hedatzea beharrezkoa dela. Gezurren bidez egin ohi dute eta hoax ezaten zaie horrelako mezuei.

Batzuek heltzear den balizko birus kaltegarri bati buruz ohartarazten digute, gure lagun guztiei abisua pasatzeko esanez. Jendea ez da konturatzen birusa, azken finean, mezua bera dela, bere burua hedatzeko duen formari erreparatuta. Beste batzuek ustez gaixorik dagoen umeari laguntza emango diogula diote, mezua beste 20 laguni bidaliz gero, eta beste batzuk zortearen katean datoz, berau mozteak zorigaitza ekarriko digula ziurtatzen digute.

Izan ere, mezu kateen sorburua ez dugu Interneten aurkituko, askoz zaharragoak baitira jarduera hauek. Zortearen katea izan da azken 100 urteotan paperezko postaren bidez gehien hedatu dena, toki eta hizkuntza askotan agertu dira eta, gaiari dagokionez, aldaera ezagunekin baina beti eredu berbera jarraituz hedatu dira. Ikerketa batzuen arabera, papera bezain zaharrak dira eta zaharrenak Japonian agertu ziren duela mende batzuk. Are, Egipton aurkitu izan dira beren burua ugaltzea eskatzen duten aintzinako mezuak.

Kateak ez dira masiboak bilakatu XX. mendera arte, teknologiaren garapenak kopiak egitea erraztu zuelako. Orduan, 30ko eta 40 urteetan zabaldu ziren gehien, baina dirudienez, kateak agertu, izugarri hedatu eta gero euren hedapena moteltzen da. Badirudi kateak bere mugak aurkitzen dituela, ez muga numeriko posiblea, hau da, gizateri osora zabaltzea, baina bai berau hedatzen jarraitzeko prest daudenen kopurua mugatua delako. Etxean galdetuz gero, seguruenik, inoiz pezetaren karta jaso dutela erantzungo digute. Dirudienez, Interneten agerpenak bertara desbideratu ditu horrelako asko, baina oraindik bueltaka dabiltza kateak posta bulegoetan.

Daniel W. Van Arsdalek gaia ikertu du, gutunak sailkatu eta Interneten jarri du bere lana, honelako mezuen azken mendeko eboluzioa erakutsiz. 525 gutuneko lagina hartuta, motak eta aldaerak ezberdindu ditu: errukia, zorte ona, karitatea, politika arloko eskaerak, dirua bidaltzekoak, haien parodia egiten dutenak… Dirua bidaltzea eskatzen dutenek Ponzik asmatutako piramidearen eskema jarraitzen dute, enpresa batzuek kide berriak egiteko eta, bide batez, etxetresnak edo sendabelarrak saltzeko darabiltenaren antzekoa.

Amaitzeko, ohar bat egin behar dut: testu hau Ecuador-eko misiolari Aita Juan Sandiak idatzi zuen, zuzenean jainkoak belarrira esandakoa kopiatuz eta munduari hogei buelta emanda dago, ez da txantxa. Irakurtzen duenak 20 kopia egin behar ditu eta beste hainbeste laguni berau bidali, postaz edota e-postaz. Idahoko Joe Urliak jaso zuen eta emaztea galdu zuen katea apurtu ostean. Carlo Berendiak, aldiz, katea jarraitu zuen eta handik gutxira, Filipinetan zela, hango loteriako sari nagusia egokitu zitzaion. Katea jarraituz gero, laster igarriko duzu zure postontziko spam mezuen beherakada, erabat desagertzeraino. Ez duzu berriro ordenagailuarekin inolako arazorik izango eta birusak ez zaizkizu hurbildu ere egingo. Hori bai, badaezpada, hartu C bitamina asko eta berokia jantzi.

LABURRAK

Messenger nabigatzailean
Microsoftek bere berehalako mezularitza zerbitzuaren baliabide berria atera du, nabigatzailearen bidez erabil daitekeen Web Messenger izenekoa. Modaz pasatzen ari den arren, jende askok erabiltzen du MSN Messenger programa. Lagunekin kontaktuan egoteko eta chat berriketak izateko baliabide hau, orain arte, gure makinan instalatu beharreko programa zen, baina webgune honi esker programa ez da beharrezkoa izango zerbitzua erabiltzeko.

Web Messenger
webmessenger.msn.com

Firefox-en arrakasta
Sekulako arrakasta ari da izaten iragan astean atera zen Firefox nabigatzaile librearen 1.0 bertsioak. Berari ongi etorria emateko Googlek itxura berezia erakutsi die programaren erabiltzaileei. Internautak eta, batez ere blogosferakoak ditu babesle eta gizarte mugimendu modukoa sortu da haren alde. A9 eta Clusty bilatzaile berriek ere Firefox-entzako nabigazio barra atera dute.

Kanpainia
www.spreadfirefox.com

iFavoritos zerbitzua
Norberaren gustoko helbideak gordetzeko zerbitzu berria atera da gaztelaniaz, ingelesezko delicious arrakastatsuaren antzera. Funtsean, webgune hauen bidez, gure gogoko helbideak nabigatzailean gorde ordez, zerbitzu horretako gure kontuan gordetzen dira eta, nahi izanez gero, horietako batzuk beste internauten esku jartzeko aukera dago. Gainera, xml feedak erabiliz, edozein webgunetan argitara daitezke guk hautatutako helbide horiek.

Gogokoak
www.ifavoritos.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude