Argi gorria piztuta dago gure postontzi elektronikoetan. Azken bi hilabeteotan MyDoom, NetSky eta Bagle birusek eta euren aldaerek mundu osoko ordenagailuak kutsatu dituzte. Antibirusak inoiz baino gehiago saltzen ari dira baina gaitzak etengabe hazten jarraitzen du eta inork ez du erabateko sendabiderik ikusten. Ondoriorik larriena ez da gure ordenagailuak kutsatzea, sare osoaren saturazioa baizik. Sareko baliabide nagusia zena ia baliogabetu dute birus egileen eta spammerren artean eta, dagoeneko, bada posta elektronikoa erabiltzeari utzi dion makina bat lagun.
Milioika postontzi erabat blokatuta daude, zabor-publizitatea eta birusak e-posta hondatzen ari baitira. Gero eta denbora gehiago behar dugu egunero postontziko kaka garbitzeko. Garai batean, spam-a eta birusak banaka ezabatu egiten genituen; orain, berriz, benetakoak direnak -gutxienak- hartu, beste karpeta batean gorde eta beste guztiak ezabatu behar ditugu arinago amaitzeko.
Oraintsu arte spam-a edo eskatu bako publizitate mezuak ziren internauten kezka nagusia, gure helbide elektronikoa spammerren eskuetan jausi eta, berehala, gero eta jasangaitzagoa izango den zabor mezu zaparrada jasotzen hasiko baikara ezinbestean. Duela gutxi spam-ak benetako korrespondentzia elektronikoari aurrea hartu zion sareko trafiko osoan eta dagoeneko askoz gehiago da, baina mundu honetan gauzak azkarregi doaz. Inork uste ez zuena gertatu da azken hilabeteotan, birusek spam-a bera gainditu baitute gehienon postontzietan. Izurrite bikoitza da orain eta egunetik egunera hazten ari da.
Spam-a baino askoz izurri maltzurragoa da birusena, orain arte spammerren hatzaparretatik libre ziren helbiderik ezezagunenetaraino heltzen hasi baita. Izan ere, nahikoa lorratza utzi dugu helbide sekretu hartatik mezu gutxi batzuk bidalita, bai: ezinbestean birusak jasotzen hasi gara inor gutxik ezagutzen zuen helbide hartan ere. Baina nola heldu gara egoera honetara?
Melissa aitzindaria
Duela bost urte, jakinminak eta desioak bultzatuta, Melissa birusak milioika ordenagailu kutsatu zituen ordu batzuren buruan. Puntucom eztandaren gailurrean, gero eta lagun gehiago ari ziren estrainekoz sareratzen. Garai hartan birusena kontu berria eta interesgarria zen erabiltzaile gehienentzat, ez zuten pentsatzen birusak kutsatzeko ohorea izango zutenik.
Askori Outlook-eko sarrera-ontzian agertu zitzaien mezuak atxekitako fitxategian klik egitera gonbidatzen zien, sexua ikusiko zutela iradokiz. Dokumentuak Microsoft Word makro birusa zekarren, bere burua Outlook-eko kontaktuen zerrendako 50 helbidera bidaltzen ziona. Lagunak bidalitakoa zelakoan, beste 50 lagun horietako gehienek ere klik egin zuten eta horrela zabaldu zen lehendabiziko birus izurrite masiboa.
Ordutik hona, posta elektronikoaren bidez zabaltzen diren birusak garatu dira, are maltzurragoak bilakatuta. Euren burua mozorrotzen dute, lagunengandik datozela pentsa dezagun. Esaterako, azken aldion ugarienetakoa den Netsky birusak forma ezberdin mordoa hartzen ditu, mezuaren izenburu eta gorputz ezberdinak. Sistema askotako antibirus programek mezua bidaltzen digute, birusa bidali diegula esanez. Ez da egia, gure helbidea eta harena zituen makina batetik bidali baitiote, baina ondorioa betikoa da: mezu gehiago gure postontzian.
Dagoeneko Netsky-k ez ditu kontaktuen zerrendan begiratzen bere burua bidaltzeko helbideen bila, ordenagailu osoa arakatzen baitu. Ondoren, bere bidalketa motorea sortzen du, inoren zerbitzaria erabili barik, mezuaren jatorria izkutatzeko. Melissa agertu zenean emandako aholkuek ez dute eragin handirik izan, azken birusek agerian utzi dutenez, orduan tranpan jausitako asko berriro itsu-itsuan jausi baitira azken birusen amarruan.
Orduan askok ikusi zuten horrelako birusek spammerrei ematen zizkien aukerak: mezuak inoren makinatik bidali ahal izatea eta e-posta helbide berriak erabiltzaileen makinetatik eskuratzea. Itxura guztien arabera, aurrerantzean birusen eta spam-aren arteko nahastea agerikoagoga izango da, birusek eurek kutsatutako makinak spam-a bidaltzeko zerbitzariak bihurtuko baitituzte eta gure ordenagailu osoa arakatuko dute e-posta helbideen bila. Ondorioz, spam-a inoiz mezu gutxi batzuk bidaltzeko erabili diren e-posta helbide guztietara hedatuko da helbidea sortu eta egun batzuetara. Horrexegatik dago kinkan posta elektronikoaren beraren iraupena, egun ezagutzen dugun moduan bederen.
Errua erabiltzaileena da hein handi batean, askok ordenagailuak gutxieneko ezagutza eduki gabe erabiltzen dutelako. Autoa karnetik gabe gidatzeak ondorio larriak dituen bezala, askoren arduragabekeria telematikoek beste erabiltzaileei kalte egiten diete. Microsoft dugu, ondoren, arduradun nagusietakoa, bere Outlook eta Outlook Express programek, euren segurtasun akatsei esker, birusei hedatzen lagundu baitiete. Antibirus enpresei ere, zeharka bada ere, oraingo egoeraren ardura leporatzen diete segurtasun aditu askok, birusak garaiz geldiaraztea baino, euren ordainduzko harpidetza bidezko eguneraketa sistema saltzea hobesten dutelako.
Datorren astean gaia aztertzen jarraituko dugu eta orain arte proposatu diren alternatibak eta babes neurriak aipatuko ditugu.
LABURRAK
Go jokalariak
Txinatik etorritako joko tradizionala da Go, Asia osoan oso hedatua dago eta Europan zabaltzen ari da. Arau errazak dituen estrategia joko xaloa da Go, arauon funtsa ikastea erraza da baina goi mailako jokalaria izateko ordu asko eman behar ditugu abilezia lantzen. Agian horregatik, xakean ez bezala, ordenagailuekin egindako ahaleginek ez dute jokalari amateur baten maila gainditzea lortu. Gurean bada Gozoro talde bat, webgunea sortu duena eta astero jokatzeko bildu ohi dena.
Hizkuntzen amarauna
Unesco Etxeak Munduko Hizkuntzen Amarauna webgunea aurkeztu du, hizkuntza aniztasunaren aldeko topagune telematikoa. Horen bidez UNESCOrentzat aniztasun horren egoera eta arriskuak agerian utziko duen txostena osatzea dute helburu eta bertan diotenez, “edozein pertsonak nahiz erakundek parte hartu ahal izango du: lanak aurkeztuz, bere ezagutzak eskainiz eta bere esperientziaren ondorioz bildutako jakituria ekarriz”.
Forum-a gora eta behera
Iragan astean Bartzelonan hasi zen Forum-ak kritika ugari jaso ditu bertako ekintzaileengandik. Hizkuntza aniztasunaren aldeko webgune handi eta txukuna ere baduen arren, Forum-aren aurkako aldarrikapen ugari azaldu dira eta beronen inguruan dagoen espekulazioa, kulturen zapalketa eta enpresa handien negozioa salatzen duten webgune asko daude sarean. Indymedian ere atal osoa dago horren inguruan.
Ni ere konklusio horretara heldu naiz, azken hilabete hauetan ikusten dut gero eta inutilagoa dela mezuak ezabatzea. Baina jendea ez da konturatzen birusak dituela ala zer. Beti errakuntza berdinak egiten ibiliko dira. Uste dut jendeak erabiltzen dituela ordenagailuak jakin gabe ze nolako mina egin dezakeen gaizki erabiltzeagatik.
Ba nik uste dut dagoen moduan erabiltzen jarraitu beharko dugula, ez dagoelako momentuz alternatibarik. Helbide berria sortu, zaharra lurperatu eta berria kontuz erabili inori ematekotan.
windows = birus
linux = birusik-ez
Niri behin Joseina Etxeberriaren e-mail helbidetik iritsi zitzaidan birusa zuen e-mail bat. Eta The balde aldizkariritik, eta Eitb-tik, eta…
Aupa, bakarrik aipatzea Gozoro Go taldearen webguneak helbidea aldatu duela (webgune.net goian bego):
http://www.gozoro.org