Sare sozialak

By | 2004/02/22

Harremanetarako bide berria agertu da sarean azken aldion eta arrakasta handia izaten ari da. Interneten bidez harremanak sortzeko eta bideratzeko zerbitzuak sortu dira social networking izenburupean. Friendster izan zen honetan aitzindari eta orain sekulako oihartzuna du Orkut zerbitzuak, bitakora egilen eta sektore zehatzen artean batik bat.

Sare sozialak web bidezko topaguneak dira, bertan harpidetza egiten duenak bere profila sortzen du bere datu pertsonalak eta bere gustoko jardueren gaineko informazioa sartuta. Horrela, antzeko joerak dituen jendea erakarriko du eta lagun horiek ezagutu eta onartuz gero elkarrekin gauza asko egin ditzakete. Norberaren helburuen arabera lagunak bazkideak edo bikotekideak topa daitezke. Aisialdiko txangoa, hitzordu erromantikoa edo negozio bat adostu daiteke. Aukera asko dira eta bada jarduera jakin batzuetara bideratutako sare sozialik. Aditu batzuek erabateko garrantzia ematen diote, sareko azken boom-a dela esanez. Beste batzuek uzkurragoak dira baina denek garrantzi handia ematen diete sare sozialei. Googlek ere ikusi du sare hauen garrantzia eta horregatik dago Orkut zerbitzuaren atzean.

Hala ere, Craig Newmark-ek sortutako craiglist.org izan zen arlo honetako aitzindaria. Erabiltzaileek erosi, saldu, eztabaidatu eta elkar ezagutu ahal izateko zerbitzu bateratua sortu zuen Craigek eta, haren arrakastaren ostean, Friendster, Evite, Emode, Meetup eta Orkut etorri dira antzeko zerbitzuak eskaintzera. Friendster zerbitzua iaz arrakastak hondatu zuela esan daiteke, erabiltzaile mordoak izena eman ostean zerbitzariek ezin izan baitzioten trafikoari eutsi, baina une honetan lehenengo lekuan mantentzen da sare sozialen sailkapenean.

Sare hauen funtzionamendua, bakoitzak bere ezaugarri bereziak baditu ere, antzekoa da: izena ematean nork bere zaletasunak adierazi behar ditu eta jada bertan dagoen baten laguna bada, haren adiskideen taldean sartuko da. Esaterako, Friendster famatuan gure lagunak zeintzuk diren ikus dezakegu, baita haien lagunak eta lagunen lagunak ere, baina lau urrats horiek baino urrunago ezin izango gara heldu. Lagun horietako baten lehenengo mailako lagun bihurtzen bagara, harenak ere zeintzuk diren ikusi ahal izango dugu. Orkut-en, antzekoa izanik, gonbidapen bidez sar gaitezke soilik, bertako batek gonbidatuta. Gogoan izan behar dugu trusted members community bat dela, elkar ezagutzen duten bizilagunez edo ezagunen ezagunez osatutako kideen komunitatea.

Baina ez dago dena argi honelako sareen inguruan. Milioika erabiltzaile izanik, euren balioa are hadiagoa da haien datu pertsonal zehatzak dituzten datu baseak direlako, erabilera komertzial asko dituzten jatorria, adina eta zaletasunei buruzko datuak, besteak beste. Horrek azalduko luke Yahoo-ko sortzaileak, eBay enkante etxeak edo Paypal zerbitzuak sare hauek erosteko interesa erakutsi izana. Google Friendster zerbitzua erosten saiatu zen baina ez zuen lortu. Handik hiru hilabetera, Googleko ingeniari Orkut Buyukkokten-i lotutako Orkut zerbitzua agertu zen. Argi dago Googlek interesa duela sare sozialak eta ingeniaritza soziala nola funtzionatzen duten jakitea bere bilatzailea hobetzeko eta bereari lotutako negozio lerro berriak zabaltzeko, horregatik erosi zuen Blogger zerbitzua. Mesfidantzarako arrazoi gehiago ematen dute Orkut-eko zerbitzuaren eta beste batzuen erabilerarako baldintzek, ez baitiote informazio hori guri ezer saltzeko erabiliko ez dutenik.

Baina onartu beharra dago Orkut-ek sekulako arrakasta izan duela bitakorak egiten dituztenen artean. Horren arrazoia izan daiteke blogger-ek gai baten inguruko sareak sortzeko duten joera, baina Orkut-en badira bestelako interesen inguruan eraikitako komunitateak ere: Linux eta kode irekia dira kide gehien dituztenak.

Batzuek besteak ezagutzen dituztela jakintzat eman ohi da, baina gehienetan gure friendster edo orkut lagunak ez ditugu benetan ezagutzen, benetako konfidantza maila apala dute baina gure datu pertsonal batzuk eskura ditzakete. Orkut erabiltzen duen Mariak bitakora batean dioenez, “ezin dut erantzukizunik hartu nik laguntzat onartu ditudanengatik, ez baitira benetakoak, lagun horietako batek nire beste lagun bati zerbatik erostea gomendatu badio”. Adiskide jatorrak soilik izango ditugula bermatzeko tentuz ibili beharra dago inor onartzekotan. Nortasun faltsuarekin, zerbait saltzeko edo iruzurra egiteko asmoarekin sartzen direnak aurkituz gero egotziko dituzte zerbitzutik, baita netiketa arauak hausten dituztenak. Orkut-en gartzela dago, arauak hausten dituztenentzako zigor birtuala. Sare hauetako batzuk ordainduzkoak bihurtu dira, Emode kasu, eta beste batzuk langileak eta patroiak kontaktuan ezartzeko topaguneak dira, tribe.net kasu.

Orkut
www.orkut.com
Friendster
www.friendster.com
FOAF
www.foaf-project.org

LABURRAK

Truke libre eta izengabea
Musika, filmak eta bestelako artxiboak trukatzeko erabiltzen diren P2P sareetako erabiltzaileak musika industriaren salaketen beldur dira AEBetan, haien lorratza jarraitu eta salaketa helarazi baitie hainbati RIAA elkarteak. Espainiako Pablo Soto gazteak asmatutako Manolito Peer to Peer protokoloak zeregin hori zailduko die, ordenagailuen IP helbideak izkutatzen dituelako trukea izengabea bihurtuz. Protokolo hori erabiltzen dute jada Blubster eta Piolet musika truke programek, baina beste batzuek ere interesa agertu dute berau erabiltzeko eta bestelako artxiboak ere trukatu ahal izateko.

www.blubster.com
www.piolet.com

Saharaui presoak
Marokok okupatutako Mendebaldeko Saharan ehunka preso eta desagerturen aldeko AFAPREDESA elkarteak webgunea ezarri du sarean bere lanaren eta eskakizunen berri emateko. Atzerriko kazetariek sartzea eta bertokoek informatzea zaila duten lurralde okupatuetatik errepresioaren inguruko albisteak eta argazkiak ateratzen dituzte sarearen bidez.

www.afapredesa.org

Bushen kontraerasoa bideoan
AEBetako demokraten artean John Kerryk aurrea hartu die azkenik Internetetik bultzatutako beste hautagai biei. Dean-en bazterketa salatzen duen blog batek Kerryk komunikabide handien erabateko babesa izan duela dio, batez ere Dean-ek “komunikazioaren korporazio handiak apurtuko ditugu” esan zuenez geroztik. Bushek berriz sarean ekin dio kontraerasoari Kerryren kontrako bideoa online jarriz. Oso Internet estilokoa den bideo horretan Kerryk komunikabideetan gastatu duen dirutza nondik eskuratu duen azaltzen dute Bushen propagandistek.

Dean-en alde
tinyurl.com/2lkq7
Bideoa
www.georgebush.com

2 thoughts on “Sare sozialak

  1. newton

    Eta zuk lortu ahal duzu Orkuten parte hartzea … ez dakit nire ustez moda bat besterik ez da, bestalde zenbait weblogetan kritika gogorrakk irakurri ditu azken moda berri honi buruz; hori bai iritziak alde batera utzita argi dago, ohiartzuna behintzat lortu duela, bai EuskalBlogen artean, bai Blog Mundialen artean …
    P2P sistemei buruz ez dakit zer esan, argi dago garai batean eD2K sarea puri purian zegoela, gaur egun ez baldin badago … hala ere hurrengo hilabeteetan Bit Torrent delakoaren presentzia ere hor egongo da.

    Reply
  2. ander

    Nahi duenak Orkut nolakoa den ikusi, bidali iezadala email bat ta inbitazioa bidaliko diot.

    Gero ta euskaldun gehiago gaude ta polita da atzerrian dauden euskaldunak elkar biltzea ta ezagutzea. Gauza txarrak ere baditu, baina datu pertsonalak ez sartzearekin saies daitezke.

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude