Ekonomia eta segurtasuna dira software librearen dohainik ezagunenak. Horiez gain, tokian tokiko hizkuntzetara moldagarria da eta horregatik mundu osoko administrazio publikoak ari dira software librera pasatzen. Gurean ere, erakunde publiko eta alderdi politiko gehienak bat datoz software librea bultzatu behar dela esatean, baina irizpide horiek gauzatzeko prozesuan oztopo asko gainditu behar dira.
Hasteko eta badaezpada ere, software librea zer den azalduko dugu, gainetik bada ere. Edozein programa informatiko agindu multzoa da, ordenagailuari zer informazio nola prozesatu behar duen azaltzen diona. Agindu multzo horri iturburu-kodea esaten zaio. Programa prestatu duenak iturburu-kodea erregistratu eta berau babesteko neurriak hartzen baditu, inork berak prestatutako kodea profitatuz programa horren antzekorik egin ez dezan, jabedun kodeaz ari gara hizketan. Azken urteotan software enpresa gehienek jabedun kodea garatu eta babestu dute.
Aitzitik, kode irekiaz ari gara programatzaileak berau erregistratu barik besteentzat eskuragarri uzten duenean, lagunek kode hori hobe dezaten eta programak garapen handiagoa izan dezan. Noski, egileak bere eskubideei uko egiten die eta horren kontura aberasteko aukerari ere bai.
Kode librea software librearen oinarria da, baina software libre esaten zaio hobekuntzak beti filosofia berarekin jarraituko duten bermea ematen duen lankidetza ereduari. Eredu honi esker, programak hobetu baizik ez dira egingo, ekarpenak beti hoberako izango direla bermatzen baitu eredu honen mekanismoak.
Software librea garatzen edo hobetzen dutenak ez dira erabiltzaile arruntak izaten. Alde batetik, software librea sortu eta garatu duten enpresak daude, edo eurek lagundutako fundazioak. Mozillaren garapena abian jarri zuen Netscape edo OpenOffice.org garatzen duen Sun enpresa kasu. Unibertsitateak edo ikerketa zentroak ere badira, BSD sistema eragileak garatu dituztenak kasu. Azkenik, bolondres talde koordinatuak daude, programatzailez osatuak eta dirulaguntzarik gabe jarduten dutenak. Filosofia horren propagandistarik sutsuenak dira talde hauek eta arloka egiten dute lan, talde bakoitza eremu batean berezituz.
Filosofia honek oraintsu arte indarrean zegoena irauli egin du, programa gero eta hobeak garatuz eta jabedun softwareari aurrea hartzeko gai direla frogatuz. Erabiltzaile arruntak, eskaintza librea ezagutu ahala, konturatzen ari dira alternatiba ona dela eta arrakasta honek euren jabedun softwarea saltzen duten enpresak jarri ditu kinkan. Batez ere orain arte izugarri aberastu diren multinazionalak dira software librearen arrakastak kaltetuko dituenak eta denen artetik bat nabarmentzen da: Microsoft inperioa.
Bill Gates-en enpresa bere nagusitasuna profitatzen ari da oraindik, prozesu luzea izango baita erabiltzaile gehienak software librera pasatzea. Hasteko, milioika erabiltzailek jakin ere ez dakite alternatiba librerik dagoenik, Windows sistema kargatzea, testuak Word-en idaztea, sarean Explorer-ekin nabigatzea eta posta elektronikoa Outlook-en jasotzea munduko gauzarik naturalenak dira eurentzat. Besterik badela jakinda ere, zaila izaten da errotutako ohiturak aldatzea, orain arte egiten genuena egiteko programa berriak ezagutzeko lanak hartzea eta horrek Microsoft-en alde egiten du. Gainera, nagusitasuna eta berarekiko dependentzia teknologikoa bermatze aldera maniobrak egiten ari da Gates-en enpresa, edozer egiteko haren produktuetako bat erabil dezagun.
Baina software librearen aldeko argudioak gero eta sendoagoak dira eta horietariko bat segurtasuna da. Kooperazio lan molde batean garatua, gardentasun bermea du software libreak, begi gehiagok akatsak hobeto nabarmentzen dituztelako. Horrek erabiltzailearen pribatutasuna zainduko duen bermea ere badakar, ez baitugu itsu-itsuan enpresa baten esana sinetsi beharrik. Gainera, segurtasun arloan Windowsek eta Microsoften beste programek dituzten akatsek erabiltzaile asko gogaitzen ari dira azken urteotan, denbora, dirua, datuak eta pribatutasuna galtzen baita birusen erasoen ondorioz. Horrelako arazoak oso gutxitan agertzen dira Linux edo BSD sistema eragile libreak dituztenen ordenagailuetan.
Ekonomia da beste argudio inportantea, bataz beste, Windows sistema eta Office sorta ordainduta dituen ordenagailu bakoitzeko 300 bat euro kostatzen dira programa horiek. Hirugarren munduko herrialde asko ari dira Linux eta OpenOffice.org bultzatzen, dependentzia teknologiko eta ekonomikoa amaitzeko helburuarekin. Hala, Namibiako eskoletan edo Indiako ordenagailu gune komunitarioetan aurki dezakegu software librea. Vietnamen inon baino software pirata gehiago dago, Windows sistemaren kopia piratak egiten baitira. Baina pirateria ez dirudi irtenbide ona denik, eguneraketak eta laguntza teknikoa lortzeko gaitzak dira, segurtasun arazoak mantentzen dira eta dependentzia ere bai. Txinako gobernuaren helburua da apurka-apurka windows bertako ordenagailuetatik desagertaraztea. Horretarako, Linux sistemaren banaketa bat garatu dute Red Flag izenekoa. Gainera, Windowsen alternatiba izango den Asianux ari dira garatzen japoniarrekin batera.
Euskararentzat aproposa
Software librearen beste ezaugarri bat dugu hizkuntza ezberdinetarako moldagarritasuna. Honek berebiziko garrantzia du hizkuntza gutxituentzat, oso merkea baita Linux sistemaren edo gehien erabilitako programen euskarazko bertsioak sortzea. Windows euskaratzeko Microsoft-i bere sistema itzul zezan sekulako dirutza ordaindu behar izan zion Eusko Jaurlaritzak, erabiltzaileek berdin erosi behar izan zuten euskarazkoa eta gainera laster zaharkituta geratu zen itzulpena.
Extremadurako administrazioak munduan ospea irabazi du bere Linex sistema bultzatzeagatik. Linux-en banaketa berezi hau milaka CDtan banatu dute doan herritarren artean eta askok instalatu dute euren makinetan. Funtsean, nabigatzeko, postarako, idazteko eta beste hainbat gauza egiteko programak ditu, baina idazmahaiak, karpetek eta elementu grafikoek Extremaduraren irudiak erakusten dituzte. Hala ere, gure etxeetan bezala, ezinezkoa da gure udaletxe, aldundi eta bestelako instituzioetan aldaketa egun batetik bestera egitea.
Asmoak behintzat norabide horretan doaz. Izan ere, software librearen aldeko aldarrikapenak onartu dira Nafarroako Parlamentuan eta Eusko Legebiltzarrean, baita hainbat aldundi, unibertsitate eta udaletan ere. Politikarientzat erakargarria da aldarrikapena eta jada PSOEk agindu du datozen hauteskundeak irabaziz gero administrazioan software librea ezarriko duela. Baina uste onen deklarazioak gora-behera, eguneroko jardunean erabakiok praktikara eramatea zaila izango da.
Eusko Jaurlaritzaren webgunean euskarazko softwarea eskura daiteke. Xuxen zuzentzaile ortografikoa, Mandrake Linux 8.2 banaketa eta OpenOffice.org euskaraz.
LABURRAK
Hizkuntza gutxituen alde
Erandion Interneten hizkuntza gutxituak sustatuko dituen fundazioa sortu dela iragarri du Cybereuskadi albistegi digitalak. Bizkaiko enpresari eta profesional talde batek Club Unesco Metalingua Fundazioa sortu dute, informazioaren gizartean hizkuntza aniztasuna defendatzeko. Enpresa batean izango du egoitza fundazio berriak eta, besteak beste, Paul Ortega Unesco Etxeko kidea ageri da bultzagileen artean. Bitxia bada ere, sareari buruzko fundazio honen gaineko informazio gehiagorik ez dago momentuz sarean.
Katalunian GoogleCat
Iragan astean aipatu genuen google.com euskaraz erabiltzen genuenak erdarazko google.es domeinura desbideratzen gaituela orain bilatzaileak. Bada, Katalunian beste modu bat asmatu dute google.es horretatik igaro beharrik ez izateko. GoogleCat sortu dute bilatzaile famatuaren ispilua da baina hizkuntza eta itxura ezberdina duena, .es domeinutik igaro beharrik gabe, erabat katalanez dago eta senyera erakusten du GoogleCat-ek. Gainontzean, googleren itxura du eta bilaketen emaitzak ere harenak dira. Haren sortzaile izengabeak adierazi duenez, ¨”Googlek katalana nazioarteko hizkuntza moduan ezagutu barik, Google España-ren barnean kokatu izanak” bultzatu du webgune hau ezartzera.
www.googlecat.com
Iaz Eusko Jaurlaritzaren aldetik artikuluan aipatzen diren aurrerapausuak eman ziren, baina zertan geratu da hori guztia urtebete beranduago? Eus-Linux Mandrake-n oinarritu zen, baina 8.2 bertsioan, atera zenerako guztiz gaindituta zegoena, eta gainera 3 CDetatik bakarra zekarren. Gaur egun Mandrake 10.0 dugu, eta berez gehien-gehiena euskaratuta dator, baina badirudi hori ez dela bultzatzen eta iazko saio hure itxura kontuan geratu zela.
Xuxeni buruz zer esanik ez, guztiz zaharkituta geratu da, ez da OOo bertsio ofizialekin bateragarria eta ez da software askearen bidez egin, kodea ez baita irekia.
Orain Madrilen Linux jarri dute abian irakaskuntzan. Hemen noizko? Badirudi Eusko Jaurlaritza berriro jarri dela Microsoft-i begira, abian jarri duten esperientzia piloto horrekin eta Windows XP-ren euskaraketarekin. Noren mesedetan, bnork irabazteko? Benetan, administrazioak ez badu sendo egiten software librearen alde eta oztopoak Microsofti jarri, etorkizun iluna dugu, batez ere gure hizkuntzaren kaltetan, Windows 98 euskaratu eta gero zer gertatu zen argi ikusi baitugu.
Euskarazko software askearen aldeko mugimendua behar da, benetako bultzada, jarrera estetikoetatik at.