Bitakoren iraultza (I)

By | 2003/10/19

Egun Interneteko fenomenorik indartsuena dira weblog-ak

Era guztietako bitakorak daude egun, baina definizio baten bila bagabiltza, zera esango dugu: weblog, blog edo bitakorak itxura xaloko webguneak dira, bere editoreak (edo editoreek) albiste edo oharrak idazten ditu eta berauek ordenu kronologikoan ageri zaizkie bisitariei, berrienak goikaldean. Hori da oinarrizko bitakoraren definizioa eta hortik aurrera milaka aldaera aurki daitezke, gehitzen zaizkien funtzio edo apaingarrien arabera.

Batzuek bisitariei albiste horien gaineko iruzkinak idaztea ahalbidetzen diete, besteek ez. Beste batzuek argazkiak dituzte, inkestak, chat berriketa, audio artxiboak…

Bitakora gehienak pertsonalak dira, pertsona bakar batek eginak direlako, eta hauetan gehienak pertsonalak dira gaiei dagokienez ere, pertsona horrek egunean gertatu zaionaren gainean edo bere iritzi, paranoia, gogoeta edo dena delakoen gainean idazten duelako. Beste batzuk kolektiboak dira, gai baten inguruan sortuak eta editore sorta batek informazioz hornituak. Badira teknologia, musika, Internet, politika, kirolak, bidaiak, kontsumoa edo beste edozein gai hizpide dutenak.

Argitalpenen munduan autoedizioak 90en hasieran ekarri zuen iraultzaren parekoa ekarri du Interneten weblog-en agerpenak. Duela hiru urte webgune informatibo dinamikoak, itxura txukunekoak eta sarri eguneratzen zirenak atari handien edo komunikabideen monopolioa ziren. Diru dexente gastatu behar zen horrelakorik edukitzeko.

Abantaila ugari dituzte bitakora dinamikoek webgune tradizionalen ondoan. Hasteko, editatzeko ez da beharrezkoa HTML edizioa ezagutzea. Behin bitakora dinamikoaren sistema martxan egonda edizioa web nabigatzailearen bidez egiten da, formularioak betez: titularra, sarrera, gaia data eta beste jakingarri guztiak, bakoitza bere lekuan jarrita, instant batean agertuko da albistea bere lekuan. Hori prozesu nekagarria da eskuzko HTML edizioan, batez ere egunero hainbat eguneraketa egin behar diren webguneetan. Gainera, edizioa sarearen bidez egiten denez, editoreak ez dira zertan denak fisikoki leku berean egon, etxetik edo ziberkafe batetik eguneratzea idatzi dezakete.

Kazetaritza zuzena
Kazetaritza molde berria ekarri dute bitakorek, kazetaritza zuzena eta independientea. Hori frogatu du Christopher Allbriton kazetariak, bere kabuz bertara joanda, back-to-iraq.com bitakoran Irakeko inbasioaren berri eman baizigun egunero, gertatzen ari zena kontatuz. Zuzena izateaz gain, independientea da, edizioa ez dagoelako lotuta enpresa bati. Kazetaria bera da idazten duenaren editore eta erantzule bakarra eta bere gainetik ez dauka idazten duena baldintzatuko dion faktore politiko edo ekonomikorik.

Komunikazioaren esparrua gero eta erraldoiagoak diren talde gutxi batzuren eskuetan dagoen honetan, gero eta internauta gehiagok jotzen dute weblog edo bitakoretara, informazio independientearen bila. Gainera, ohiko komunikabideen webguneetan irudi gehiegi egoten dira, nabigazioa moteltzen duten multimedia animazioak eta gero eta publizitate iragarki astunagoak. Gero eta gehiagotan ordaindu behar da informazioak eskuratzeko. Horregatik internautek gai jakin batzuen gainean informazioa eskuratzeko nahiago izaten dute bitakora jakin batzuetara jotzea, informazioaz gain diseinu txukuna eta arina dutelako.

Gai horren gainean informaziorik gaurkotuena izan ohi dute, oso albiste freskoak izaten dira, lehen eskukoak edo beste komunikabideetatik hartuak, baina gaiaren inguruko informazioa eskuratzeko erreferentziarik onenak izaten dira eta bertan analisirik onenak eta iritzirik zuzenenak aurki daitezke. Bitakora horietako batzuk hain arrakastatsuak bihurtu dira ezen, doakoak izatearen joera apurtuz, egileak dirua irabazten duela. Hori da Rafat Ali kazetariaren kasua, bere paidcontent.org weblog-agatik aurtengo Netmedia online kazetaritza saria irabazi baitu. Hurbilagokoa eta pertsonala ere dugu divulcat.com zientzia aldizkaria. Alex Fernandez kazetari bilbotarrak egiten du, doakoa da eta beste webgune batzuekiko elkartrukearen bidez elikatzen da.

Esan dugunez, askotan prentsan agertutako albisteak aurki daitezke bitakoretan. Gai baten inguruko erreferentziarik onenak bitakorak izanik, prentsa konbentzionalaren heriotza iragarri duenik ere bada. Gu zuhurragoak izango gara eta fenomeno bitxi bati erreparatuko diogu: prentsa konbentzionalak ere bitakoretan bilatzen du informazioa. Izan ere, azken aldi honetan asko izan dira sustatu.com albistegian agertu ondoren paperezko prentsan eta beste komunikabideetan islatu diren albisteak eta iritziak.

Euskal bitakora kolektibo horrek erakutsi dizkigu gai baten inguruko weblog batek dituen ezaugarriak: albisteak ematen azkarrak direla, eztabaidak pizten direla eta azkenik erreferentzia bihurtzen direla. Bestelako weblog tematiko kolektiboak ditugu slashdot.org edo barrapunto.com, oso albiste iturri onak dira eta eztabaida interesgarriak sortzen dira bertan Internet, informatika eta teknologiaren inguruan.

Datorren astean bitakorak aztertzen jarraituko dugu, besteak beste, weblog euskaldunak aipatuz eta nork bere bitakora sortzeko dauden tresnak eta aukerak azalduz. Bitartean, zuen ekarpenak eta iruzkinak ongi etorri etorriko zaizkigu eta, badakizue, sarean.com bitakoran plazaratu ditzakezue.

LABURRAK

Pertsonalak eta harrigarriak
Bitakora pertsonalek badute exhibizionismo ikutua, normalean idazleak nahi duena idazten du, espazio, gaia edo edukia mugatu edo zentsuratuko dion editorerik gabe. Horren ondorioz, askotan ezinezkoa da jakitea zeri buruz idatziko duen hurrengoan weblogger batek. Batzuetan gai, planeta, herrialde edo pertsonaia bat asmatu eta haren inguruan idazten dute. Diario de un feo bitakoran, sorkuntza zutabe absurdoak bezala har daitezkeen artikulu laburrak aurki daitezke. Horrelako beste asko daude bertan aurkituko dugun aurkibidean.

Diario de un feo
feo.blogspot.com

Informatiboak
Irakeko gerra aipatu dugu eta ez da horren inguruko bakarra izan Back In Iraq bitakora. Kazetaritza molde berri honen adierazle izan dira beste batzuk, esaterako, Bagdadetik bertatik bonbardaketen kronikak idazten zituen irakiarra, Salam Pax ezizenekoa. Desagertuta egon zen egun batzutan amerikarrak sartu zirenean eta hiltzat eman zuten. Orain, The Guardian-entzat idazten ditu kolaborazioak. Beste kazetari bat Kevin Sites dugu, CNNrentzat egiten zituen kroniketan baino askeago mintzo zen bere bitakoran Iraketik, harik eta kateak webloga itxiarazi zion arte. Gerraren kontrako beste bitakora batzuek haren kontrako mobilizazioak iragartzeko eta hedabideetan izkutatutako informazioak plazaratzeko balio izan zuten.

Back To Iraq
www.back-to-iraq.com
Salam Pax
dear_raed.blogspot.com
Kevin Sites
www.kevinsites.net
No War Blog
www.nowarblog.org
warbloggerwatch.blogspot.com
Arms and the man
majorbarbara.blogspot.com

4 thoughts on “Bitakoren iraultza (I)

  1. kapt. kurtz

    bazen garaia, norbaitek euskal herrian honi buruz hitzegiteko. bazegoen berrirako erreportai proiektutxo bat, eta azkenean, zuk idatzi duzu. ondo gainera. bigarren atala gehiago interesatuko zaidalakoan nago.
    banuen blog euskaldunen sare antzeko bat sortzeko ideia, baina badakizu, zintzilik gelditzen den horietakoa izan zen. ibili nintzen bila, eta zurea, sustatu, eta besteren bat topatu nuen. ezer gutxi, kantitateari begira. penagarria, katalunian edo galizian aurki ditzakegunarekin konparatuz.
    beno, honek iruzkintxo bat baino, doktorego tesi bat dirudi.
    agur bero bat eta ondo izan! (hurrengo igandekoa irakurriko dudala zin egiten dizut).

    kapt. kurtz (www.zonalibre.org/blog/hansa eta taxigalduak.blogspot.com)

    Reply
  2. Belatza

    Ni ere euskalduna naiz eta batzutan gure hizkuntza erabiltzen dut ene bitakoran. Asko pozten naiz euskaraz idatzitako blog hauek ezagutzeaz. 🙂

    Reply
  3. ander

    Kaixo,

    Zure artikulu interesgarria irakurri det gaur Berrian. Eta jarri naiz bilatzen ea bazeuden weblog euskaldun gehiago. Ta hauek dira aurkitu ditudanak, zuk aipatutakoaz gain.

    Nere webloga helebiduna da.
    http://donosti.mundurat.net/mt/

    Beste hauek gehienak erderaz dira, baina badaude zenbait euskeraz daudenak:

    http://blogia.com/emakume
    http://blogia.com/art
    http://programacionlogica.blogspot.com/
    http://homepage.mac.com/joxe/hamaika/
    http://www.uztarria.com/albistiek
    http://www.i-barakaldo.com/myway/weblog.php
    http://ochoto.diariolinux.com/blog/
    http://orihuela.blogspot.com/
    http://blogzine.blogalia.com/
    http://www.jroller.com/page/aitor
    http://brunobord.free.fr/
    http://lur.deviantart.com/
    http://www.eguzki.com/lurra/
    http://www.jotake-lahaine.org/weblog/cronicas.htm
    http://www.noticias.anboto.com/index.php
    http://oier.blogalia.com/
    http://bilbao.blogalia.com/
    http://juugatsu.iespana.es/juugatsu/
    http://euskaletxea.antville.org/
    http://www.liur.blogspot.com/
    http://borja.casa-sotomayor.net/
    http://www.gorkalimotxo.net/mt/
    http://www.codigoescrito.com/
    http://home.earthlink.net/~woodmat/weblog/basqueblog.html
    http://kebawe.com/
    http://www.zuzuarregui.com

    Ziur zure bi artikuluen ondoren beste euskaldun gehiago animatuko direla weblog munduan sartzen. Ia ba ezagutzen garen guztiok.

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude