1998ko azaroak 26, Osteguna | bestelakoak |

Oihaletik pantailara

Ordenagailuen bitartez artea eta Sarearen bidez hedapena.

Pantailen eta pixelen aroan gaude dudarik gabe. Interneten eta ordenagailuen aroan asko dira oihalak bazterrean utzi eta pixelak langai hartu dituzten gazteak. Asko dira ere papera eta inprentak ahaztu eta pantailak adierazpide bezala hartu dituzten artista, komikigile, diseinugile, fantzinero eta kazetariak. Euskal Herrian asko ari dira horretara jotzen. Ezin esan, ordea, gehienen hizkuntza euskara denik, hurrik eman ere ez.

(Barkatu Ama-n argitaratua)

PIXEL hitza akronimo bat da, ingelesez, eta "picture element"-etik dator. Pantailan zein ordenagailuaren memorian gordeta egon daitekeen irudi baten punturik txikiena da, lauki formakoa. Horretan oinarrituta konposatzen dira edozein pantailatan agertzen diren irudiak.

Arte birtuala esaten zaie oihalean barik pantailan agertzen diren arte lanei. Ez daude fisikoki zuzenean erakutsiko dituen euskarrian. Bitartekari bat behar dute, pantaila, disko gogorrean zeroak eta batak besterik ez baitira. Programak eta ordenagailua ezinbesteko tresnak dira horretarako. Honekin erabat lotuta dago azken aldion MZS edo mundu zabaleko sarea: lanak erakusteko, mezuak eta ideiak zabaltzeko jaio berri den medioa, denon ahotan dabilen Internet zorionekoa.

Pixelekin lan egiten dutenen artean sailkapenak eta multzoak ere badira: batzuk "artista hutsak" direla esan genezake, hau da, ordenagailuak erabiltzen dituzten artistak. Talde horren beste muturrean Bitniks aldizkariko ziberkazetariak daude. Denak pixelaren inguruan batuta ageri dira talde heterogeneo eta momentuz txikia osatuz. Jakina, multzo txiki bat –kasu honetan teknologia berrien inguruan dabiltzanen multzoa– Euskal Herri mailan hartuta, are txikiago bihurtzen da. Noski, oraindik txikiago egin dezakegu multzo hori, haren barruan euskaradunik bilatzen hasiz gero.

Alex Fernandez da azpimultzo txiki horretako ale bat. Ziberkulturaz aritzen den Bitniks aldizkarian dabil, baita Eusko Ikaskuntzarekin eta Elhuyar aldizkarian ere kolaboratzen. Bitniks aldizkaria Bilbon egiten dute. Hobe esan, Bilbon koordinatzen dute, espainiar estatuko eta munduko bazter askotako kolaboratzaileak baitituzte. Sortu zutenean paperezko aldizkaria zen, baina duela urtebetetik hona Interneten bakarrik argitaratzen da. "Interneten publikatzeak aldizkari baten aurrekontuaren gehiena aurrezten dizu: papera eta inprenta gastuak", diosku Alex Lamikiz zuzendariak. Gainera, Interneti buruz aritzen den aldizkaria izanik logikoagoa da aldaketa.

Kioskoetatik desagertzeak ez die ekarri, ordea, lan gutxiago egitea. Aldiz, estatu mailan aintzindaria den Bitniks ezezik duela gutxi Informatica vasca aldizkaria ezarri zuten sarean. Bitniksek ikuspegi gazteago, artistikoago eta geografikoki zabalago badu, Informatica vascak Euskal Herrian egiten denari begiratzen dio gehiago eta ikuspegi ezberdina du gaiei dagokienez, gehiago informatika jorratzen du. Inguruotan ekoizten den softwarearen eta enpresen gaineko berriak agertzen dira. Noizean behin Alex Fernandezek idatzitako artikuloren bat kenduta, gehiena gaztelaniaz dago bertan. Bitniksen egiten duten bezala, egunero artikulu berriren bat jartzen dute sarean, bisitarien arreta mantentzeko.

Lehenago aipatu dugun multzo horren muturrean arte birtuala dago eta arlo horretan Ana Mujika aipatu behar da. Bera Leioako EHUko Arte Ederretako Fakultatean irakasle dabil, teknologia berrien atala zuzentzen hain zuzen, eta arlo horretan zenbait lan egin ditu. Forma koloretsu eta oso psikodelikoak sortzen ditu ordenagailuan bere imaginazioa aplikatuz. Arlo berean aipatu behar dira ere Angelo Cacciola, Gipuzkoan bizi den italiarra; El Correo egunkarian infografista den Javier Zarracina eta Alvaro Ortega. Azken hau marrazkilaria da ere bai, besteak beste TMEO komiki aldizkarian. Izan ere, azken honek lotzen gaitu bigarren multzoarekin, komikigileekin hain zuzen.

Paperetik pixelera
Komikigileak Interneten hedapen izugarria izaten ari dira, medio honek eskaintzen dizkien abantailei esker. Horren erakusgarri dira Mauro Entrialgo eta Alvaro Ortega. Biak TMEOko komikigileak dira eta biek badituzte beren webgune propioak. Bien artean hain zuzen sortu zuten Pixel Mikel pertsonaia. Bitniksen agertu zen pertsonaia hau ziurrenik beraien buruetan pentsatuz egin zuten. Egun erdia marrazten eta beste erdia bere mac-aren pantaila aurrean pasatzen duen diseinugile grafiko edo marrazkilaria. Beren "alter ego", ziurrenik –ez "Alter Rollo", hori Mauroren beste pertsonaia baten izena baita–. Mauro Entrialgo gasteiztarra, Herminio Bolaextraren sortzailea, bere lehendabiziko luzemetraia prestatzen ari da, "Gente Pez" izenekoa, eta bitartean, Interneten sortu den Gente Pez fanzine edo webzinean kolaboratzen du.

Paperean barik Interneten bakarrik argitaratzen den Gente Pez webzinea bi hilabetero berrizten da eta bertan inguruotako marrazkilari ezagun askok esku hartzen dute: Orue, Larry, Diaz de Corcuera, Rober Garai, Victor Aparicio, Bernardo Bergara eta beste asko. Larry Izenaz ezaguna den Iñaki Larrinbek badu bere gune pertsonala, Bernardo Bergara Iruñarrak bezalaxe. Orue aldiz, Gente Pezen dioenez, TMEOren gunea prestatzen ari da. Gente Pezek normalean paperezko aldizkari batek eskaintzen ez dituen gauza bat badu: interaktibitatea. Adibidez, marrazkiz lagundutako abentura interaktibo bat dakar, egoera batetik abiatuta: "Kontzertu batera heldu zara, festibal handi horietako batera baina sarrerarako baino ez daukazu dirurik. Zer egingo duzu?" Aukerak berriz: "ordaintzea" ala "debalde sartzen saiatzea". Hortik aurrera, aukeraketak eginez aukera bakarra izango duzu bizirik ateratzeko. Beste aukera batzuk eskaintzen ditu webzine batek, mugimenduzko irudiak eta soinuak.

TMEOko kideak gehienak online badaude ere –tartean Alvarez Rabo eta bere "A las mujeres no les gusta follar" saio sexuala osorik– , komikigileen atalean konpetentzia duten La Comictivako jendeak ere badu webgune bat sarean. Dena esan beharra dago, gunea jartzen lehendabizikoak izan ziren Natxo Allendek zuzentzen duen aldizkarikoak, baina aspaldi ez dutela berritu ere egia da.

Diseinugileak ere online
Beste komikigile bat dugu Javi Royo, "La cebolla asesina"ren egilea. Baina horretaz gain diseinugilea ere bada, bere gunean ondo erakusten duenez. Izan ere, komikigile, marrazkilari eta diseinugileek horrexetarako jartzen dituzte beren webguneak, beren buruaren propaganda egiteko. Nork bere lanak erakusteko aukera ematen du sareak eta baita egileekin kontaktuan jartzeko. Beren kurrikulumak eta "portafolioa" edo eginiko lanen bilduma erakutsi eta beren lana eskaintzen dute Interneten bidez. Horixe bera egiten du ere Niko Vazquez MCDko baxujoleak. Marraztea baino, bere gaia diseinu grafikoa da, webguneena bereziki, eta beste zerbitzu teknikoago batzuk eskaintzen ditu, webgune birtualen alogera esaterako, baita Euskal Herriari buruzko berriak eta eztabaida forumak ere.

Informazioaren atalean, Bitniksek informazio asko ematen du gai hauei buruz, baina, hala ere, medio euskaldun baten falta nabaria dago. Mikel Amigotek Iruñeatik zuzentzen duen La Brujulak ere informazio dexente dakar egunero, baina hemengoak izan arren biek ikuspegi globala edo gutxienez estatukoa dute, eta hizkuntzari dagokionez are zailagoa da ikuspegi hori aldatzea. Hemengo artistek eta diseinatzaileek eurek ere beraien informazio guztia erdaraz jartzen dute.
Herrixka globalaren aitzakipean euskaldunak desagertuko ote gara Internetetik? Ez, lasai, ez gara desagertuko. Oraindik ez omen gara agertu eta.

Jabi Zabala

Aipatutako helbide interesgarri batzuk:

Gente Pez
http://www.gentepez.com
Iñaki Larrinbe, "Larry"
http://web.jet.es/larry/index.htm
Mauro Entrialgo
http://www.fortunecity.com/victorian/whistler/410/
Alvaro Ortega
http://www.arrakis.es/~alortega/
Bernardo Bergara
http://dreamers.com/vergara/
Alvarez Rabo
http://web.jet.es/design/
Diaz de Corcuera
http://mipagina.euskaltel.es/perrodedo/home.htm
La comictiva
http://comictiva.kender.es/
Javi Royo
http://www.coverlink.es/royo-izarra/
Niko Vazquez
http://www.euskal.com
Bitniks
http://www.bitniks.es
Informatica Vasca
http://www.ivasca.com
La Brujula
http://www.labrujula.net

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner