Soldata igoera lortuta greba amaitu dute Vietnamen fabrika bateko langileek. Bai, orain arte hilean irabazten zituzten 59 dolarrak baino sei dolar gehiago irabaziko dute aurrerantzean Nike markarentzat kirol oinetakoak egiten dituen enpresa horretako langileek. Eurek lau txakur txikiren truke egin eta Nikek mundu osoan saldu, marka ipinita. Orohar, Txinan baino %30 gutxiago kobratzen dute langileek Vietnamen, horregatik azkenaldion hainbat enpresek bertan ezarri dituzte fabrikak. Ez komunismoa, ezta demokrazia burgesa ere: marken produkzio eta kontsumo sistema dugu mundu osoan hedatzea lortu duen botere sistema globala.
Bitartean irakurtzen dugu Nike-ri lekua kendu diola Applek kontsumitzaileen markarik maitatuenen sailkapenean. Ezberdin pentsatzeko eskatzen zigun marka alternatiboa benetan ez pentsatzeko eta kontsumitzeko agindu nahi digun ipotx saltzaile arrunt moduan ageri zaigu orain. Duela urte batzuk marken boterea salatu zuen Naomi Klein kazetariak No Logo liburu bikainean, nola anti, underground eta alternatibo mozorrotzea sistema bera saltzeko amarrua baino ez den… Ea orain egiten duten enpresa gorrotatuenen ranking bat, seguru horko izen asko zerrenda bietan ikusiko baititugu.