Azken urteotan sarri kexatu gara gure komunitatean (euskaldunon artean) dagoen teknofobiaz. Nire gurutzada partikular horretan maiz saiatu naiz ohiko nahaste bat argitzen tresna eta edukiak ezberdintzen ez direnean, (informatika eta Internet), beste hizkuntza komunitateen atzean geratzen ari ginela eta abar. Baina diskurtso hau jendartean zabaltzea kostatzen zaigu. Askorentzat teknofilo kantsagarri batzuk baino ez gara eta gure diskurtsoa marzianada bat. Azkenaldion bildu zaizkigu paperetik datozen idazle batzuk, sarearen botereaz eta aukerez jabetu eta diskurtso honen defendatzaile zintzo bihurtu direnak. Batzuetan argi bat ikusten dugu tunelaren amaieran, baina gero beti agertzen zaigu euskaldun jatorren bat bere borondaterik onenarekin gure finlandiar amets modernotik iratzar gaitezen eta gurea, suomiera barik, Aitorren hizkuntz zarra dela konturatu gaitezen.
Batzuen ustez genetikoa ei den euskaldunon teknofobiaren mila adibide jarri ditugu 1998an Luistxok Etxepare Porno liburuan lehendabiziko adibideak eman zituenetik. Arketipoak aipatzen zituen orduan, hainbat adibide barregarri eskainiz: telefono mugikorrak, idazleak eta Olivetti-aren ustezko xarma ordenagailuaren aurrean… Hedatutako pentsamolde horren arabera mendizaletasuna, txoko gastronomikoak eta txikiteoa euskaldunon berezko izaeraren zati dira, ordenagailuak eta Internet ez. Are, horiekin harremanetan hasten denak bere euskalduntasunaren zati bat galtzen omen du.
Geroztik beste internauta batzuek ere salatu dute kontzeptuen asoziazio maltzur eta kaltegarri hori: euskaldun batzuentzat harro egoteko arrazoia omen dela ordenagailu bat sekula ikutu ez izana eta horrelako txotxolokeriak. Kuriosoa da baina supereuskaldun hiperjator horiexetako batzuri harri bat sekula altxatu ez izanak, dantzan edo bertsotan ez jakiteak ez die punturik kentzen euskal puntukako karnetean.
Egunotan, euskal blogak direla eta, berpiztu da euskaldunon teknofobiaren inguruko eztabaida. Oraingoan nire irratikide Patxik hartu du ipurterre rola eta teknofobia erakustaldiak salatzen dabil.
Esaterako, lehengoan Euskadi Irratiko saio batean, marzianada bat balitz moduan, teknofobia isurtzen zuten galdera inozoak egin omen zizkioten blogei buruzkoa izan behar zuen saioan, gaixoa burumakur eta nahiko pesimista ibili zen ondorengo egunetan. Beste adibide batzuk ere bilatu ditu Patxik, esaterako iragan astean Aritz Gorrotxategik zutabe batean idatzitakoen haritik. Garia eta garoa nahasten zituen Gorrotxategik eta benetan adibide moduan jar daiteke testu hura euskaldun batzuek, lehen aipatutako arketipoen zama gainetik kendu ezinik, ezagutzen ez dutenaz egiten dituzten interpretazio okerren gainean.
Herenegun eguerdian Ikusgela ikusi nuen ETB1en, eta ohiko teknofobia zantzuak igarri nituen gaiak enfokatzean. Messenger-en (MSNrenean, noski) ibili ohi diren gazteez jarduten zuten “lagun birtualak” goiburupean. Noiz arte jarraituko dute telematikoa eta birtuala nahasten? Eta gazteei bere burua ezkajin baten rolean jarrita (zergatik Internetez jardutean beti hartu behar da jarrera hori) galderak egiten zizkien aurkezleak: engantxatzen duen, benetako lagunen ondoan ez al den harreman hotz eta artifiziala? Gazteek, berriz, naturaltasun osoz erantzuten zuten, jarrera hori gezurtatuz eta alde onak nabarmenduz: lotsatientzako sekulako tresna dela, aurrezten dela, geratzeko baliagarria… Aurkezleak, berriz, beldurrak, arriskuak nabarmenduz… Gazteak tinko, naturaltasunez, hortik sortutako harreman berriak tribializatuz… Etsigarria da batzuetan.
Baina tira, zantzu positiboak ere badira. Esaterako, gero eta blogari gehiago gara eta lehengo eguneko Blogs & Beers topaketak isla izan du euskal prentsan zein irratian. Adibidez, Igandean bertan Berrian agertu zen, luze eta zabal.
Barikua arratsaldean bertako kazetariak telefonoz deitu zidan testu nagusia osatzeko. Blog bat zer den azaltzeko eskatu zidanean malo pentsatu nuen, baina azaldu egin nion. Geroago, blogen inguruko gogoeten loturak eta informazio gehigarria bidaltzean bloga zer den azaltzen gehiegi ez luzatzeko aholkatu nion, etapa hori gaindituta geneukalakoan (blogak dauzkate eurek ere Berrian).
Atariko Blog & Bears (sic) kartela bezala, umorez hartu genuen blogariok erreportaiako CTP eta gainontzeko “nabarmenkeri eta topikoak”, lankide Imanol Muruak ere erreparatu duenez.
Eskerrak lehengoan Anjel Lertxundik fenomenoaren azterketa eta iragarpen intuitiboak egin zituen eta, berak idatzitakoak, statusa duen idazlea dugunez, eragin handiagoa izango ahal du paperezko irakurle euskaldun arruntarentzat… Baina hori berehala errealitateak ezabatu beharreko espejismoa zen.
Igandean Kafe Antzokiko hitzordua aurretiaz prestatzeko azaldu nintzen ordu eta erdi lehenago. Umeen ikuskizuna amaitu zenean hasi ginen txiringitoa montatzen gu. Orduan, nola ez, aurreko txotxongilo saioko artistei azaldu behar izan nien zer zen B&B eta, noski, zer den blog bat.
Hasi eta berehala Aizurako ekitaldiaren argazkiak egiten agertu zen argazkilaria bere kamara digitalarekin, aldizkariak aginduta. Heldu bezain laster galdera: “Aizu Jabi, ze demontre da blog bat?”.
Pingback: - Pedradas