Egun digitalizatzea da joera, testuak, artea… Jakintza oro datu bihurtu, eskaneatu, digitalizatu behar ditugu gal ez daitezen, informazio hori aldaezin, urraezin bihurtzeko. Zeroak eta batak erabateko konponbidea bailiran aurkezten zaigu digitalizazioa… Baina nork bermatzen digu egun euskarri digitalean daukaguna 50 urte barru irakurgarria izango dela?
Bruce Sterling idazleak Digital decay edo usteltze digitala goiburuarekin bataiatu duena fenomeno garrantzitsua da. Izan ere, bizi gaituen informazioaren gizarte honetan inoiz baino neurri handiagoan daukagun horixe informazioa artxibatu beharreko ondare handia da, gero eta handiagoa.
Digitalizazioa ei da irtenbidea, aurreko ondarea gordetzeko ere modurik onena dela argi daukagu. Gainera, digitalizatutako testuen kasuan, moldagarriak dira, kopiatu, pegatu eta aldatu daitezke testu zatiak nahierara. Baina egun dena digitalizatzen da: telebista, arkitektura, diseinua… Egungo sorkuntza ordenagailuetan gordetzen da.
Baina informazio digitala ez dago desagertzetik libre. Areago, bere ustelkortasuna paperezko testu batena baino agerikoagoa izan daiteke oso urte gutxiren buruan. Materiagabea zaintzea eta ganoraz artxibatzea da gure gizarteak duen teknologia eta kultura erronka nagusia.
Gure ondorengoei utziko diegun ondare hori zein formatotan dagoen begiratu behar dugu eta iragan hurbila gogoratuz etorkizuna nolakoa izan daitekeen asma dezakegu. Duela urte gutxi lehendabiziko ordenagailuek zulatutako papera erabiltzen zuten informazioa gordetzeko, baina egun formato hartan gordetako ezer irakurtzeko gai den makinarik nekez aurkituko dugu, are zailagoa izango zaigu egungo ordenagailuetara pasatzeko modua aurkitzea.
Urte hauetan informazioa gordetzeko beste hainbat modu aurkitu ditugu, oso denbora gutxian galdu direnak: zaratak grabatutako musika cassette arruntak, 5,5 hazbeteko floppy-ak, ondoren 3,5ko disketeak, CDak, DVDak eta flash memoriak azkenik. Kilobyte batzuk hartzen zuten hasieran eta egun ehunka Gigabyte gordetzeko ahalmena dute PCetarako azken disko gogorrek. Fisikoki ere iraungikorrak dira egungo euskarriak, DVDak kasu, ehunka urtera hel daitekeen paperezko liburu bat baino gehiago.
Baina neurria eta euskarri fisikoa ez dira akaso faktorerik inportanteena, formatoa baino. Duela urte batzuk Windows-ik ez zuen PC hartan idazten nituen testuak WordPerfect programa erabiliz eta egun, artxibo haiek disketeetan gordeta eduki arren, nire egungo Mac OSean edo Windows XPan zabaltzeko lanak izango nituzke. Hasteko, egungo ordenagailu askok jada ez daukatelako 3,5 hazbeteko disketerarik eta, gainera, formatoak bihurtzeko programak ez dira guztiz fidagarriak, gehienetan ez baitute jatorrizko artxiboa ondo ulertzen.
Orain, ikus dezagun zer nolako ondarea ari garen gure ondorengoei uzten: mpeg, jpeg, RealMedia, Power Point, Flash, HTML, Word, DivX, Excel, AutoCAD eta beste ehunka formatotan gordetako artxiboak, hemendik gutxira iraungita egongo direnak eta irakurgaitzak izan daitezkeenak. Egun Microsoft Windows-en nagusitasuna munduko gauzarik naturalena iruditzen zaie askori, baina 20 urte barru agian software librean oinarritutako sistema bat izango da nagusi eta zaharrenok bakarrik gogoratuko ditugu Word, Explorer eta horrelako programak. Sistema eragileak eta programak ez dira beste batzuekin bateragarriak, ezta sistema beraren aurreko bertsioekin ere. Gainera, ordenagailuak berak laster atzeratuta geratzen dira. Industriak berak gure lana suntsitzera edo laster irakurgaitza izango den euskarri batean gordetzera bultzatzen gaitu.
Zerbait gehiago dago, artxibatzea ez baita gordetze hutsa eta ez da neurri edo formato kontu hutsa ere. Artxibatzea gizakion ekintza da, aukeratzea eta sailkatzea eskatzen duena eta hori ordenagailuek ez dute oraindik ondo egiten, geuk egin behar dugu gure dokumentuekin eta horrek dirua eta denbora eskatzen du. Ganoraz osatutako artxiboak soilik izango dira erabilgarriak. Egun kantitatea hobesten da baina inork ez daki zer nolako neurria hartuko duten artxiboek hemendik gutxira eta informazioa nola aurkitu ahal izango dugun, bilaketa tresna aurreratuak eduki arren.
Webguneen galkortasuna
Zer materiagabearen galkortasunaren garrantzia argiro islatzen da webguneetan. Asko dira saretik betirako desagertu diren webguneak eta hemen kasuistika anitza dago. Batzuk ostatu birtuala ematen zion zerbitzaria desagertuta, betirako galdu ziren, gurean Eusnet zerbitzariaren kasua aipa daiteke, bere baitan hainbat webgune hartzen zituena.
Beste batzuk, kontratua amaitu zelako, ez zuelako ordaindu edo beste arrazoiren bategatik desagertu ziren eta, gainera, segurtasun kopiarik ez zeukan egilearen ordenagailua hondatu zen. Webmasterrak pasahitza galdu zuen.
Webgune askok, aitzitik, urteak daramatzate eguneratu gabe, ziberespazioan fosil digital bihurtuta. Baina horiek ere egunen batean desagertuko dira, sarea bere azala tarteka eraberritzen duen izaki biziduna baita.
Egilea hil ostean, batek daki noiz arte, sarean geratu diren webguneak ere badira, Bixente Iriartek edo Larry Trask-ek eginikoak aipa daitezke. Egun batean zerbitzaritik desagertuz gero, inork beste nonbait gorde ezik, webgune horiek, euren informazioa, irudiak eta diseinua betirako galduko dira.
LABURRAK
Denbora gehiago sarean
EAEko herritarrek denbora zertan ematen duten Eustatek eginiko azken inkestaren arabera, herritar bakoitzak, bataz beste, zazpi minutu ematen ditu sarean nabigatzen egunero, gero eta denbora gehiago. Gizonezkoek emakumezkoek baino hiru aldiz gehiago erabiltzen dute Internet. Hala ere, gizarte harremanetarako gero eta denbora gutxiago erabiltzen dute herritarrek, baita telebista ikusteko edo irakurtzeko ere. Otorduek, lan egiteak edo lanera joateak, berriz, lehen baino denbora gehiago kentzen digute.
Kaixoren euskaltegia
Kaixo atariak euskaltegi telematikoa ezarri du sarean, internautek doan euskara ikasi ahal izan dezaten. Bereziki diasporarentzat prestatu du Kaixok, HABEren eta Udalbiltzaren laguntzaz. Frantsesa, gaztelania edo ingelesa ama hizkuntzatzat daukatenek hizkuntza horietan laguntza izango dute. Irudi eta soinuak erabiliz ikasi ahal izango dute ikasleek eta ikasitakoa erakusteko probak ere egiteko aukera izango dute. Besteak beste, hiztegia, esamoldeak, gramatika eta berriketa egiteko aukera dago 936 ikaslek izena eman duten teleeuskaltegi honetan.
Euskal Encounter BECen
Bihar hasita eta igandera arte informatikazaleen urteroko topaketaren 12. edizioa izango da Barakaldoko BEC erakustazoka berrian. Lehenago Euskal Party zenak gero eta jende gehiago hartzen du eta aurten inoizko lekurik handienean izango da, Bizkaia Arena aretoan. Hitzaldiak, jokoen eta programazioen erakustaldiak, software librea, sareak, software librea, Linux, Gnome eta beste hainbat gai interesgarri jorratuko dituzte aurtengo party-an, bakoitzak bere ordenagailua eta bere jakintza bertara eramanda.
Kaixo, Jabi:
Aspaldi irakurri nuen pasadizo bat zure postaren harira datorrena eta hona ekarri nahi nuena. Baina egunotan non irakurri nuen ezin aurkiturik ibili naiz. Azkenean, gutxi gorabehera zer gogoratzen dudan esango dizut, ea beste norbaitek nik baino oroimen hobea eta ordenatuagoa duen (oharra: ez da Platonen Fedon elkarrizketa, nolabaiteko antza badu ere):
Nonbait, idazkera asmatu zenean, asmakizun berria defendatzen zuen batek hala esan omen zuen: oroimena hauskorra da, eta gauzak erraz ahantz daitezke; gorde nahi ditugun hitzak idatz ditzagun harriaren gainean eta bertan denak betiko iraungo du.
Mende batzuk geroago, beste batek hala esan omen zuen: harria hauskorra da; erraz eror daiteke eta apurtu. Idatz dezagun papiroaren gainean eta bertan denak betiko iraungo du.
Geroago hala esan omen zuen beste batek: papiroa hauskorra da; hezetasunak erraz desegiten du. Idatz dezagun pergaminoaren gainean eta bertan denak betiko iraungo du.
Bueno, hemen utziko dut, gehiago ez luzatzearren. Suposatu daiteke nola amaitzen den ipuina, ezta? Ala… ez du amaierarik?
Orduan idatz dezagun bihotzaren gainean eta besteen gainean ere.
Pingback: sarean.com »
Pingback: sarean.com » Zergatik, zertarako idazten dugu?