"For those about to pay", AC/DC ekartzearen negozioa

By | 2010/07/04

Beti izan naiz AC/DC taldearen zale handia, ziur aski gitarra elektrikoarekin (zein imaginarioarekin) gehien bertsioneatu dudan taldea izango da Bon Scott defuntuarena (batez ere haren garaiko diskoengatik). Horregatik iaz azkenik BECera etorriko zirela jakin nuenean Bartzelonarako hartua nuen sarrera saldu eta Barakaldorako bi hartu nituen prezio beragatik. Gozatu nuen ikuskizunarekin -hori baita gehienbat- eta Angus Young-ek beste ariketa egin nuen, alegiazko punteoak orain, kantak oihukatuta gero, edo esku batekin katxia eutsiz eta bestearekin adarren keinua alegiazko adatsa ere errime astinduz.

Aurten berriro San Mamesera etorriko zirela eta, hoba ez, sarrera ere hartu nuen. Ez ilusio berarekin, baina katedralean ia edozein kontzertuk merezi du ikustea. Show berdina izango zela jakitun egonda ere joan nintzen. Ondo pasatu nuen, hegoaldeko fondotik soinua gaizki entzun eta agertokia urrun ikusi arren. Hitzordu historiko honen inguruko kronika asko irakurri ditugu jada, beraz ez naiz horretan luzatuko. Hori bai, “Thank you Spain” batekin amaitu zuen Brian Johnsonek  emanaldia (Patxi Lopezen eraginez baino, bitartekarien zuhurtasun faltaren ondorioz, nik uste), eta seguru nago bihotzez eskertuta daudela taldekoak. Izan ere, han  geunden 40.000 inguru lagunen sarrerekin kontuak eginda zenbaki potoloak ikusiko ditugu.

The Great Rock’n’Roll Swindle zioten Sex Pistols taldekoek. Ez dugu ezer deskubrituko altura honetan bitartekari zenbaitek eta, batez ere, talde mitikoek dirutza ederrak egiten dituztela esaten badugu. Argitaratu denez, Live Nation eta Last Tour enpresek antolatua, Bilboko udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak lagunduta etorri dira australiarrak San Mamesera. Ez dakit denon dirutik zer zentzutan eta zer kopururekin lagunduta zegoen AC/DCrena, ez baitut inon daturik aurkitu, baina pentsatzekoa da tartean turismoa sustatzeko Promobisa udal enpresa eta Bizkaiko Aldundia egonda erraztasun franko izango zituztela bitartekariek San Mames lehertzeko.

Sarrera bakoitza 60,75+BEZ (4,25) + banaketa (7,50) = 72,50euro kostatzen denez, guztira 2.900.000 euro ordaindu dira. Hortik gutxi gora-beherako banaketa eginez:

  • Ticketmaster-ek bere 7,50 euroko banaketa gastuekin 300.000 euro eraman ditu (taldea dakarren Gamerco artisten bitartekaritza enpresa bezalaxe Live Nation taldekoada, berak iaz erosi baitzuen).
  • Estatuak ere bere zatia eraman du BEZ bidez: 170.000 euro.
  • SGAEk ere bere %10 eraman du 60,75 horretatik: 242.800 euro.
  • Taldeak zuzenean milioi bat eurotik gora eraman ditu. Ez dago datu zehatza jakiterik, bitartekariak behartuta baitaude talde handien cache-a ezkutuan mantentzera, baina normalki sarreraren %45 inguru izaten omen da.
  • Gainerakoa, ekoizpen gastuak kendu ostean, antolatzaile-bitartekarientzat da.

2 thoughts on “"For those about to pay", AC/DC ekartzearen negozioa

  1. Hasier

    Kasu honetan behintzat, eta udalak jarritako diruaren berririk ez dugunez, sarrera ordaintzen duenaren lepo eraiki da Rock &Roll-aren iruzurra. ACDC aspaldi bihurtu da zirko hutsa, hori bai, dirutzarekin ehundako sarez montatutako zirkua…

    Reply
  2. Jon

    Antzekoa esan leike asteburu hontan izango dan Kobetamendiko jaialdiari buruz, ze, dirulaguntza publikoekin eginda, benefizioak antolatzaile pribatu batek eroango ditu.

    Ganera, zelan kontrola da San Mameseko aforoa? Neu egon nintzen eta inoiz baino beteago ikusi dot zelaia, ezin zan inor mogidu bere egin ze, alarma bat egon ezkero a zelako abalantxa egongo zan! Zelan dakigu 37.000 sarrera saldu direzela eta ez 45.000?

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude