Azken urteotako telebista serierik entzutetsuena amaitzear dago. Bihar gauean (astelehen goizaldean) emango dute Lost (Perdidos – Les disparus) seriearen azken kapitulua, AEBetan eta mundu osoan aldi berean, 2004an abiatutako kontakizuna amaituz. Milioika zale dituen seriea zinezko fenomeno mediatiko eta soziala dugu, Interneten isla berezia duena.
Hasieratik amaierara arte hari bat jarraitu du serieak 121 kapitulutan, ez dira atal solteak eta denak hasieratik ikusi behar dira bertan gertatzen dena ulertzeko. Horregatik izango da hain garrantzitsua amaiera, trama misteriotsuaren korapiloa askatu eta naufrago taldearen odiseari amaiera emango diolako. Horregatik ere askok saretik eskuratuta ikusi ahal izan dugu seriea lehenengo kapitulutik hasiz eta hilabete gutxiren buruan, telebistan sei urte iraun duen harian azkar eguneratu arte.
Irla misteriotsuaren eta naufragoen kontua oso literarioa da, eta zinematografikoa ere. Irudi eta osagarri erakargarriak nahasten ditu serieak, literaturari eta filosofiari keinuak eginez. Lokalizazio ikusgarriak, gidoigintza lan izugarria eta produkzio erraldoia dira serie honen gakoak.
Datorren igande gauean emango dute AEBetako FOX katean eta aldi berean munduko hainbat lekutan. Hemen asteleheneko 6:30 izango dira, baina sei urteotan seriea jarraitzen egon diren zale askorentzat ez da hori sakrifizio handia izango. Gau berezia antolatu dute Espainiako Cuatron eta Frantzian TF1 katean. (irudia: Mattson Creativek sortutako afitxa sorta).