1999ko otsailak 7, Igandea | bestelakoak |

Internetera adikzioa. Sarean harrapaturik

Bat bateko interakzioa, planetaren bestaldean dagoen jendearekin komunikatzeko gaitasuna eta informazio iturri interaktiboen multzo imaginaezina. Horiek dira Interneten sedukzioaren ezaugarri batzuk. Horiekin Mundu Zabaleko Sarea edo WWW famatua hasi da gizakume batzuk harrapatzen, webadiktoak edo web junkie-ak sortzen.

(Igandeko KZn argitaratua).

Ivan Goldberg Chicagoko psikiatrak Internet Addiction Disorder (IAD) kontzeptua asmatu zuen erdi brometan, Internetera adikzioaren sintomak definitzeko, baina bere lankideek seriotan hartu zuten eta lasterrera lehendabiziko ikerketak hasi ziren plazaratzen gaisotasun berri honen gainean.

Psikologoen artean, berriz, Pathological Internet Use (PIU) izena zabaldu zuen Kimberly Young doktoreak, eta EEBBetako psikologoen artean ofizialki osasun mentalaren gaisotasun (disorder) bezala sailkatu zen 1997an.

Internauta askorentzat sareak benetako mundua ordezkatu du. Nahiago dute konputagailuarekin komunikatu, lagun eta familiakoekin baino. Elektronikoki sarean zabaltzen diren neurrian, harreman pertsonaletatik isolatzen dira. Esperientzia birtualek benetakoak ordezkatzen dituzte eta horrela, familia, ikasketa, bikote eta lanpostu asko hondatu dira IAD edo PIU honen ondorioz.

Internet adikzioa portaeraren (behavioural) adikzio bat da, ludopatiaren gisakoa. Ez da fisikoa morfinismoa bezala baina nabigatzeak efektu psikoestimulantea du gaitza sufritzen duenarentzat. Erosketazale konpultsiboen, erretzailearen eta alkoholaren ezaugarri batzuk ere badituzte, hortaz, web junkie hauek.

Viktor Brenner psikologo eta irakasleak inkesta bat ezarri zuen sarean, 1996ko hasieran, erabiltzaileen artean gai honi buruzko lehendabiziko azterketa egiteko. Berau erantzun zuten 25 herrialdetako 408 lagunengandik lehenengo datuak atera zituen:

%58ri Interneten denbora gehiegi ematen zutela esana zieten etxean.
%46k gauren batean konektaturik egoteagatik lau ordu edo gutxiago egin zuten lo.
%31ren lan erritmoa jaitsi zen Internet erabiltzen hasi zirenetik.
%12k beren lagunik gehienak Interneten bidez ezagutuak zituzten.
%7ri ugazabek edo irakasleek errieta egin diete Interneten gehiegizko erabilera dela eta.

Web nabigazioa ez da, hala ere, Interneten adikziorik indartsuena sortzen duena, chat edo berriketa guneak baizik. Bertan jendeak orduak eta orduak ematen ditu ezagutzen eta ikusten ez duen jende birtualari bere bizitza kontatzen. Beti zerbait, laguntasuna eta maitasuna gehienetan, bilatzen du horretan ibiltzen den jendeak. Gehiegizko erabileraren ondorioz, efektu psikologikoak ezezik, efektu materialagoak ere badira. Telefono faktura heltzen denean beti uste baino handiagoa da eta horrek ere arazoak sortzen dizkie adiktoei etxean. Lan arloan aldiz, berriki ezagutu da Espainian enpresatik egotzi duten langile baten kasua.

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner