1999ko irailak 5, Igandea | Nabigatzen |

Kevin Mitnick, hackerren mitoa

Hacker, ustezko hacker eta hackergai guztien mirespenak, bere ospean oinarritutako albisteak, liburuak zein filmeak batetik eta bestetik sareak berak eraiki dute Mitnicken mitoa. Poliziengandik ihesian, bizitza klandestinoa egin beharrak eta bere atxiloketak irudi hori handitu besterik ez dute egin. Errealitatea eta mitoak bat egiten dute gizon honen biografian.

Aspaldi hasi zen mitoaren eraikuntza, artean hacker hitza inork ezagutzen ez zuenean eta Internet sortze bidean zegoen militar eta zientifikoen sare txikia besterik ez zenean. Bere lehendabiziko barrabaskerietan oinarritu zen Takedown eleberria, eta 1983. urteko War Games filma. FBIk munduko hackerrik arriskutsuena eta bilatuena zela zioen, horregatik hamar gaizkilerik bilatuenen afitxean izan zen bolada batez bere aurpegia. Ihesi zebilela ospea handituz joan zen.

Lehenago, oso gaztea zela, lau aldiz atxilotua izan zen 80ko urteetan sare informatikoetan sartu eta iruzurrak egiteagatik. Baldintzapeko askatasunean zela, 1992an, hainbat zerbitzaritan sartzea leporatu zioten baina ihes egin zuen eta 1995 arte izkutuan bizi izan zen, orduan atxilotu baitzuten North Carolina estatuan. Bitarte horrean egindako delituak leporatu zizkioten atxilotu ostean, besteak beste iruzur informatikoa eta softwarea lapurtzea leporatu zioten, baita Motorola, Fujitsu eta Sun enpresen fitxategi konfidentzialak lortzea ere. Orotara dirutan 600 milioi dolarreko kaltea eragitea leporatu zioten eta EEBBetako gobernuaren hainbat zerbitzaritan sartzeaz ere akusatu zuten.

Orduandanik gartzelan izan da, oraindik egin ez duten epaiketaren zain. Datorren urteko apirilerako iragarrita dago epaiketa baina akordio batera heldu dira berriki Mitnicken abokatuek eta epaileek. Ondorioz, baliteke datorren urteko urtarrilan aske gelditzea. Baldintzapeko askatasuna erdietsiko du, baldintza bitxi batekin: hiru urtez ezin izango du ordenagailurik ikutu, hala egingo balu berriz gartzelaratuko bailukete. Gizon honi dioten beldurraren erakusgarria da, inondik inora, erabaki hori.

Baina 1995ean atxilotu zutenez geroztik bere fama are handiagoa bilakatu da, Interneten hazkundeak eta hackerrek Mitnick euren santutzat hartzeak eragin dute fenomenoa. Mitnicken figura banderatzat hartuta, haren aske uztea galdatuz aktibismo uhin geldiezina sortu da hackerren artean. Erasoari ekin zioten 1997ko amaieran, hainbat webgune ofizial eta famatutan sartuta. Lehendabizi, Yahooren ordenagailuetan sartu eta hasierako orrialdean, munduko bisitatuenean, mezu bat jarri zuten, Kevin askatzen ez bazuten birusen bidez sekulako kaltea eragingo zutela mehatxatuz. Iaz, antzeko mehatxua egin zuten Nazio Batuen Erakundeak duen webgunearen bidez. Irailaren 13an berriz, egundoko oihartzuna izan zuen New York Times egunkariaren itxuraldatzea: Edizio digitala irakurtzeko bertara jo zuten internautek emakume biluzien argazki sorta aurkitu zuten, erasoaren zergatia azaltzen zuen testu batek lagunduta. Motorola, Penthouse edo NASA bera izan dira eraso hauetan jausi diren beste webgune batzuk. New Yorkeko egunkarian Mitnicken gainean idatzi zuen John Markoffek esandako batzuk gezurra zirela salatu du Kevinek eta horregatik egin zioten erasoa haren webguneari. Takedown liburuaren egileetako bat da Markoff eta bertan esaten den hainbat gauzarekin ez dator bat Mitnick. «Onartzen dut kalteak eragin ditudala, baina ez naiz inoiz maltzurra izan», zioen berriki gartzelatik.

Baina sarean sortu arren, Mitnicken aldeko mugimendua kaleetaraino iritsi da berriki, Moskun eta EEBBetako 15 hiritan aurtengo ekainan izan ziren manifestazioen bidez. Hacker talde batek deitu zituen manifestazioetan saretik banatutako kartelak eta pegatinak zeramatzaten manifestariek. RSAk bere enkriptazioaren segurtasuna frogatzeko egiten duen deialdian lehiatzen ari den cracker talde bat haren izenean ari da esaldi izkutua aurkitzeko lanetan.

Baina gartzela barruan ere izan du arazorik Mitnickek. Oraintsu arte zegoen San Bernardino espetxetik Los Angelesko beste batera eraman behar izan zuten, juduentzako menu berezirik ematen ez zutela eta, hainbat egunez jan barik egon ostean. Abuztuaren 25ean, Los Angeleserako bidean zela, istripua izan zuen Mitnick zeraman furgoiak. Bera eta beste hainbat preso zauritu ziren istripu hartan.

2600 Hacker Group
http://www.2600.org
Kevinen aldeko webgune ofiziala
http://www.kevinmitnick.com
The RC5 Crack Team for Kevin Mitnick
http://www.paranoid.org/mitnick


LABURRAK

Euskal Herria zabaltzeko
Sarean webgunea baduzula frogatzeko topatzaileetan egon beharra dago. Ez da erraza topatzaile guztietan zure webgunearen berri ematea. Horregatik, internauta batek EH zabaldu izeneko webgunea martxan jarri du, gurean eginiko webguneak topatzaile nagusietan egon daitezen laguntzeko. Gure webgunearen helbidea eta gure e-posta bertan idatzita minutu gutxiren buruan erregistratuta egongo garela diote bertan.

EH Zabaldu
http://come.to/ehzabaldu


Elhuyar online
Jakintzaren hainbat arlo euskaraz jorratzen dituen Elhuyar elkarteak badu webgune txukun bat sarean. Elkartearen gaineko informazioa emateaz gain, honek sortutako hainbat produkturen informazioa eta dendaren bidez erosteko aukera ere ematen du Elhuyarren webguneak. Izen bereko aldizkariaren bidez zientzia eta teknologiaren zabaltzeaz gain itzulpenak, hiztegigintza, komunikazio zerbitzuak, irakaskuntzarako materialak eta beste hainbat gauza interesgarri eskaintzen ditu interneteko leiho honek. Multimedia eta informatika arloetan lan egiten duen elkarte batek, hoba ez, sarean presentzia berezia izatera derrigortuta dago.

Elhuyar
http://www.elhuyar.com


Goiz-argi digitala
Hasierako orrialdean «burujabetzaren aldeko aldizkaria» dela dio. Webgune honetan izen bereko aspaldiko aldizkariaren jarraipen eguneratua egin nahi dute haren bultzagileek. Oraingoan, Goiz-argi «herri eztabaidarako bitartekari digitala bilakatu da, burujabetzaren aldeko eztabaidari eragiteko asmoz». Oraingoz artikulu bakan batzuk baditu aldizkari hasi berriak.

Goiz-argi
http://www.goizargi.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner