1999ko abuztuak 29, Igandea | Nabigatzen |
Domeinuak domeinatzeko lehia
Arazoak domeinu izenekin
Mundu materialeko hainbat enpresak ezin dute Interneteko webgunea euren izenarekin jarri, domeinu hori beste norbaitek hartuta dagoela aurkitzen dutelako. Horrek egoera bitxiak eta batzutan gatazka serioak eragin ditu. Bitartean, agindutako domeinu berriak ez dira oraindik indarrean jarri eta EH domeinuari buruz ez dago orainik berririk.
Duela pare bat urte gatazka serioa izan zuen Microsoft enpresak windows95.com domeinua erregistratu nahi izan zuenean, 17 urteko mutil batek jada erregistratuta zuela eta. Domeinu izen bat libre egonez gero, edozeinek har dezake berarentzat 70 dolar pagatuta. Ez da beharrezkoa enpresa bat izatea edo izen horrekin zerikusirik badugula frogatzea. Horregatik enpresa askok dirutza ederrak sartu behar dituzte domeinuen alokatzeko, nahiz eta gero agian eurek erabili ez, konpetentziak har ez ditzan.
Adibide hurbilak jarrita, Euskaltel enpresak milioi erdi pezeta (20.000 libera) inguruko gastua egin du aurten domeinu izenak erregistratzeko. Horien erdiak '21' zenbakia duten izenen konbinazioak ziren, canal 21.com, via21 edo comercio 21 esaterako. Beste batzuek euskaldata, euskadionline, euskaldeia edo euskaltel-euskadi hitzen konbinazioak zituzten. Eskarmentu ederra hartuta zuen jada Zamudioko enpresak euskaltel.com domeinua beste enpresa batek bereganatua zuela ikusi ondoren. Beste batek euskalnet.com hartu zion intentzio bihurriekin agian, Telefonica eta Retevision enpresen parodiak (timofonica.com eta timovision.com) egin dituen Vesatec enpresa.
Beste adibide batzuk ere badira, enpresa bati deia.com domeinua erosi behar izan dion Deia egunkariarena esaterako. Eroski kooperatibak ere bere izena beste baten eskuetan zegoela aurkitu zuen sarera heltzean. Bertoko garagardo marka berriarena ez den bertoko.com kudeatzen du EEBBetatik informatikari batek. Bilboko Guggenheim museoak bere izena erregistratzerakoan ezin izan zuen hartu, New Yorkeko fundazioak hartua zuelako, 'guggenheim' eta 'bilbao' hitzen beste konbinazio batzuk bezala. Fundazioak EEBBetatik ezarri nahi duen kontrolaz kexu izan arren, guggenheim-bilbao.es domeinu espainiarrarekin konformatu behar izan dira Bilbokoak.
Baina badira ordaindu barik domeinuak hartzen dituztenak, beste norbaiti saltzeko xedez. Domeinu bat erreserbatu ostean berau ordaintzeko dagoen 60 eguneko tartean okupaturik atxekitzen dute cyber-squatter hauek. Ez dute domeinua ordaintzeko asmorik baina batzuek bitarte horretan domeinu izena dagokion enpresari domeinua saltzeko eskaintza egiten diote. Beste batzuek, 60 eguneko epe hori amaitu ondoren, berriro eskatzen dute beste posta helbide elektroniko batetik.
Domeinu izenak kudeatzeko, EEBBetako Internic erakundeak oraintsu arte monopolioa izan du Network solutions enpresaren bidez. Baina aldaketa batzuk izan dira berriki Interneten antolaketan. Lehena, sarean zenbaki bakar batez identifikatuta dauden makinei letrazko domeinu izenak esleitzen dizkien IANA erakunde amerikarrak ICANN nazioarteko erakundeari pasatu dio Internic-en betebeharra. Ordutik, Network Solutions-ek monopolioa galdu du eta beste enpresa batzuk sortu dira .com, .org eta .net domeinu generikoak kudeatzeko. Baina Network Solutionsen lehiakideak agertzean, register.com zerbitzua esaterako, negozioa galtzearen beldurrak maniobra ilunak egitera eraman du enpresa. Erregistratutako domeinuen datu basera sarrerarik ematen ez diola salatu du ICANNek. EEBBetako gobernuak ere salatu du enpresa hori jarduera monopolistikoengatik.
Aldaketa hori gora behera, ez dirudi momentuz domeinu generiko berririk sortuko denik, aspaldi agindu zituzten arren. Jada hiru domeinu generikoetan hiru milioi domeinu daude erregistraturik eta arazo dexente izenekin. Horregatik, zazpi domeinu izen berri proposatu zituen CORE nazioarteko taldeak 1997an: .info, .nom, .rec, .arts, .web, .shop eta .firm. Webguneak gaiaren arabera banatzen dituen sistema honetako lehendabiziko biak izango dira milurteko berrian aktibatuko diren lehenengoak, informazio webguneak eta webgune pertsonalak identifikatzen dituztenak.
Nazioarteko erakunde horrek, bestalde, ISO 3166 zerrenda erabiltzen jarraitzen du eta ondorioz, zerrenda horretan ezagutu gabe dauden hainbat nazioren domeinuak ez dira oraindik sortuko, Euskal Herriari dagokion .eh domeinua esaterako. Horregatik ez du horrek momentuz aldaketa handirik eragin domeinua eskatzen duen webgunean. Hala ere, hemen inoiz aipatu dugunez, badago gezurrezko .eh domeinuak erabiltzerik suediako zerbitzu bat erabilita. Argibide gehiago aurkituko ditugu ehdomeinua.org webgunean.
ICANN
http://www.icann.org
Network Solutions
http://www.nsi.com
IANA
http://www.iana.org
EH domeinua
http://www.ehdomeinua.org
LABURRAK
ETAren gaineko txostena
Espainiako Barne Ministerioak webgune bat zabaldu du Euskal Herriari buruz eta ETAri buruz PPko gobernuak dituen tesiak azaltzeko. Bertan azaltzen denez, «hainbat herrialdetan askapen mugimendu bezala aurkezten den arren» ETAri buruz dauden irudi horiek faltsuak dira. Hori eta Espainiako demokraziaren errealitatea ezagutarazteko egin dute webgunean irakur daitekeen txostena. Paperezko edizioan eta bideoak erabiliz iaz Hego Ameriketan ministerioak egin zuen kanpaina baten egokitzapena da oraingo webgunea. ETAren su etena ez da horretarako eragozpena izan eta horregatik iazko El verdadero rostro de ETA txostenari aldaketa txiki batzuk eginda atera da España, la paz como meta y objetivo hau. Webgunea, gaztelaniaz ezezik, Europako beste hainbat hizkuntzatan dago eta txostena PDF formatoan ere jaits dezakegu gure ordenagailura.
ETAri buruz
http://ulises.mir.es/oris/infoeta/index.htm
UEMAren webgunea
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak webgunea dauka zabalik Jalgi zerbitzariaren barruan. Euskaraz bizitzea erabaki duten udalen elkarte honek bere helburuak, partaide diren herriak eta hartutako hitzarmenak aurkezten ditu bertan. Profesional euskaldunen aurkibide bat eta hainbat dokumentu jaisteko aukera dira aipagarrienak. Besteak beste word formatoan udaletxe batean erabiltzen diren hainbat agiri euskaraz har daitezke bertatik, egokitu ondoren nork bere udalean erabiltzeko modukoak. Elkarteko kide direnentzat pribatuak diren beste zerbitzu batzuk eskaintzen ditu ere webguneak.
UEMA
www.jalgi.com/uema