1999ko abuztuak 22, Igandea | Nabigatzen |

Lanaren aldaketa dakar sareak

Interneteko gizarte postindustriala

Internet iraultza ekonomiko eta sozial ikaragarria da, XVIII. mendearen amaieran gertatutako Industri Iraultzaren parekoa ikerle askoren iritziz. Baina hura baino hiru aldiz azkarrago hedatzen ari da. Hauxe da Europan aldaketa sozialak ikertu eta aurrera begira iragarpenak egiten dituen Henley Centre of Forecasting izeneko erakundeak ondorioztatzen duen baieztapena.

Jada munduko mekaturik handiena bilakatu den Internet sareak lan harremanetan ere eragingo du, gizarte osoan eragiten ari den moduan. Sei hilabetero 60 milioi lagunek izaten du sarearekiko lehendabiziko kontaktua eta, trafikoari dagokionez, e-postak ohiko paperezko postari gailendu zaio 10:1 proportzioan. Etxeetan ordenagailuen eta telebista aparailuen presentzia baino askoz arinago igotzen ari da Interneten presentzia.

Iraultza bati dagozkion faktoreak aurki ditzakegu telematikak garamatzan ezagutzaren gizartea delakoan. Esaterako, makinak –orduan lurrun makina eta oraingoan PCak eta telefono mugikorrak, besteak beste–, prozesuak, merkatuak, osagaiak... Baina ondasunak, oraingo honetan ere, badirudi gutxi batzuren eskuetan geratuko direla. Eusneteko kideek eginiko Internet solidaria liburuan diotenez, informazioaren gizartean info-aberatsen eta info-pobreen artekoa bihurtuko da aberats eta pobreen arteko ezberdintasuna. Info-aberatsentzat, Euskal Herriko biztanle gehienontzat, aldaketa orokorra izango da: gizarte berriak oraingo zenbait ohitura aldatuko ditu, tartean erosteko, aisirako eta lanerako moldeak. Gizarte berriaren hiru arlo nagusiak dira aipatu hiru hauek.

Lanaren arloa nagusia da, beste biak lanaren logikaren baitan sartzen baitira soziologoentzat. Hemen, ordutegiarena ezezik lanaren kontzeptuaren beraren aldaketa goitik beherakoa dakar sarearen hedapenak. Lehendabiziko iraultzak, industriarenak, jendea nekazal girotik hirira eraman zuen; bigarrenak fabrikatik bulegora; hirugarren honetan bulegotik atera daiteke eta lanpostua bera ere kinkan izango da aurki. Nola gertatzen da hau?

Alde batetik, ordutegiaren amaiera dakar telematikaren gizarte berriak. Telematikarekin lana etxera ere eramaten da eta Europako ordutegi klasikoa, 9.00etatik 17.00etarakoa, zaharkituta gelditzen da. Lana aisialdiarekin nahastu egiten da eta fisikoki espazioak ere nahasten dira. Telematika, hitzak berak dioenez, informatika eta telekomunikazioen bat egitea da eta horrek, gero eta gehiago ordenagailuak erabiliz egiten diren lanak, gainera, urrutitik egitea ahalbidetzen du.

Enpresek dirua aurrezten dute langileak etxean edukita eta lana orduka edo lan konkretuen truke egiten da. Horrek prekaritatea areagotzen du langilearentzat, lan finkoaren eta aldi baterako lanaren arteko mugak desagertzen dira apurka-apurka. Jada internauten %41ek sareak eguneroko lanaldia luzatzen diela pentsatzen du. Ordutegiak bezala, betebeharrak ere ere eremu zabalagoan mugituko dira.

Enpresei dagokienez, negozio txikien hazkunde ikaragarria iragartzen du Henley Centrek, beraz, negozio horien kontrola jabeen esku egongo da. Baina bestalde, sareko negozio handien elkartzeak areagotuko dira, software saltzaile handiekin bezala, hornitzaile, portal eta bilatzaile handiekin gertatzen ari den fenomenoa.

Lanbide berriak
Lanbideak ere aldatuko dira: hainbat lanbide zaharkitu eta desagertzearekin batera, zeregin berriak agertuko dira, besteen ideiak diruz laguntzeko gai diren ekoizleak esaterako. Informazioaren bitartekariak ez dira desagertuko, aitzitik, hedatu egingo dira. Sareak informazio saturazioa dakar eta jendeak bitartekari horiek behar izango ditu, beraientzat informazioaren aukera egin dezaten. Mantenimendu lanak ere beharrezkoak izango dira eta horregatik hardware-a, makinak, eta sareak mantentzeko gai den jendea behar izango da. Programatzaileak eta konektatzaileak ere beharrezkoak izango dira, lehengoak programak sortu eta bigarrenak makinak elkarrekin konektatzeko interface-ak sortzeko.

Sareak lan munduan eta gizartean zer ekarriko duen kezka zabalduta dago eta horren erakusgarri dira sarean aurki ditzakegun iritziak eta ikerketak. Inkestak eta ikerketa soziologikoak egiten ditu Nua enpresa irlandarrak eta denetariko datuak aurki ditzakegu bere webgunean: Kroazian nolakoa den sarearen hazkundea edo EEBBetako umeen artean hirutik bik Internet erabiltzen dutela etxeko lanak egiteko. Estatuan, Mikel Amigot iruñearrak zuzentzen dituen La Brujulak ere aldaketa horiek guztiak gertutik jarraitzen ditu.

Henley Centre
http://www.henleycentre.co.uk/index2.html
Nuaren ikerketak eta inkestak
http://www.nua.ie/surveys

La Brujula
http://www.labrujula.net


LABURRAK

Timorko zibergerra
Ekialdeko Timorko erresistenziako buru Jose Ramos Hortak jakinarazi duenez, gerra piztu daiteke Indonesiako gobernuak Timortarren autodeterminazio erreferenduma oztopatzen badu. Gerra hasiz gero, Ramos Hortaren arabera, lurreko eraso militarra egingo luke gerrillak eta, aldi berean, hainbat hackerrek Indonesiako informatika gune nagusiak erasoko ditu. Timortar buruzagiak dioenez, koordinatutako hainbat agente-hacker ditu gerrillak mundu osoan sakabanatuta.


Euskal Herria eta Askatasuna
ENAMen gaineko informazioa eta dokumentazioa ematea du helburu sarean zabaldu den Euskal Herria eta Askatasuna webguneak. Euskal gatazkan izan diren une garrantzitsu zenbait azalduta ageri dira ingelesez eta gaztelaniaz, une horien gaineko RealVideo filme laburrak lagunduta. «Euskal borrokaren soinu banda» osatzen duten abestien bilduma zabala ere entzun daiteke RealAudio sisteman, abestiaren letrak, haren testuinguru historikoaren eta egileen gaineko azalpenak lagunduta. Dokumentuen atalean hainbat kontzepturen azalpena dator, gaztelaniaz soilik.

Euskal Herria eta Askatasuna
http://www.freespeech.org/askatasuna


Eurolagun euskalduna
Macintosherako programa bat sortu du Joxe Rojas euskaltzale eta maczale sutsuak. Guztiz euskaraz dagoen Eurolagun programak euroetara itzultzen ditu pezetak eta liberak. Rojasek sorturiko Hamaika Ikusteko webgunean aurki dezakegu programa hau eta beste hainbat gauza interesgarri.

Hamaika ikusteko
http://members.xoom.com/hamaika

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner