1999ko abuztuak 15, Igandea | Nabigatzen |
Begira ezazu hiztegian
Hiztegiak eta itzultzaileak sarean
Leioako unibertsitateko liburutegian ez dagoela holanderazko hiztegi bakar bat ere? Ez kezkatu. Sarean bat baino gehiago dago eta are aurkigaitzagoak diren hizkuntzak ere itzuliko dizkizu. Funtsean, hiztegi bat sarean jartzea oso erraza da, hitzak eta haien esanahiak datu base formatoan egoten baitira. datu base hori liburuan barik webgunean agertzeko egokitzea gero eta errazagoa da webguneen diseinua eta datu baseen kudeaketa biltzen dituzten programen bidez.
Horregatik hainbat dira jada sarean dauden hiztegiak. Esaterako, hizkuntza asko biltzen dituen EurodicAutom hiztegiak Europako hizkuntza nagusien itzulpena egiten du zeinnahi hizkuntzatik Europako beste batera. Hitz bat zein hizkuntzakoa den ez badakigu ere, berak bilatuko digu. Baina bilaketa zehatzagoa egiteko, bila gabiltzan kontzeptua zein arlotakoa den aukera dezakegu hainbaten artean.
Sarean hainbat hizkuntzaren arteko hiztegiak daude bilduta loturen direktorio handi batean. A Web of On-line Dictionaries du izena aurkibide horrek eta bertan, besteak beste, euskara dago beste hainbaten artean. Ingush eta Txetxeniar hizkuntzekin batera sailkatuta dago bertan gure hizkuntza, Basque-Caucasian Languages izenburupean.
Baina hiztegia baino agian erabilgarriagoa izan daiteke Travlang guneak jarritako hizketa gida. Hizkuntza ezezaguna duen herrialde batera joatean patrikan eraman ohi diren gida horiek bezalakoa da, egoerarik ohikoenetan defendatzeko balio duena. Besteak beste, zenbakiak, ohiko elkarrizketak eta oinarrizko hiztegitxoa badakartza Travlangen gidak. Alabaina, sareak eskaintzen duen baliabidea du, edozein hizkuntzatatik datu basean dagoen beste edozeinera itzulpena egin daiteke. Esaterako, 'egun on' suomieraz, arabieraz, japonieraz edo okzitanieraz nola esaten den jakiteko, euskara eta beste hizkuntza aukeratuko ditugu. Zorte pixkatekin bila gabiltzan esaldia entzuteko aukera ere izango dugu RealAudio formatoan.
Guk emandako testua itzultzea zailagoa izango da baina baliteke zerbait lortzea gure hizkuntza ingelesa bada edo Europako beste hizkuntza handi bat, eta ingelesera itzuli nahi badugu. Soilik aukera horiek onartzen ditu Altavistaren doako itzulpen zerbitzua. Zaila da testu libre bat itzultzea, hizkuntzak ez baitira nomenklatura hutsak. Are zailagoa izanen da euskararen kasuan momentuz horrelakorik ikustea. Zailtasun horren adierazle da aipatu Altavistako itzulpen zerbitzuak sarean nagusi diren ingelesa eta gaztelaniaren artean itzultzean egiten dituen itzulpen aldrebesak.
Euskalterm
Hiztegia edo, hobeto esan, Terminologi Bankua da Euskalterm, sarean aurki dezakegun euskara hiztegi osatuena. UZEIren webgunean aurki dezakegun Euskalterm hau ez da hiztegi orokor bat, arlo jakin batzuetan egin diren hiztegien bilduma baizik. Online kontsulta daitekeen datu base honek hiztegien, itzulpenen eta Euskaltzaindiaren datu base dokumentalak biltzen ditu. Euskalterm 1987an sortu zen, ordura arte argitaratutako hiztegi guztiak elkartuz. Hasieran Minitel sisteman kontsultateko egokitu zuten. Geroago Bideotex sisteman eta VT-100 formatuan. Azkenean, askoz lagun gehiagok sarbidea izango duten Interneteko web nabigatzaileentzak egokitu dute eta, duela zenbait hilabete iragarri bazuten ere, ekaina aldera arte ez da internauton eskura egon.
Bertan kontsultak egin ahal izateko, lehendabizi UZEIren baimena lortu behar da. Gure identifikatzailea izango den izen bat eta gure e-posta helbidea emanda, sarbidea emango digun zenbaki-pasahitza bidaliko digute UZEItik. Horren bidez sartu eta kontsultak egin ahal izango ditugu datu baseetan. Euskaraz ezezik frantsesez, ingelesez eta latinez egin ahal izango ditugu bilaketak. Emaitzak berriz, arloka sailkatuta dauden fitxetan emango dizkigu makinak, aipatu dugunez arlo ezberdinetako hiztegi eta datu baseak elkartzetik sortu baita Euskalterm.
Sarean arlokako hiztegitxoak ere badira, Gorka Palazio EHUko irakasleak komunikabideen gainean egindakoa kasu. Berak egina da Laburzki, laburtzapenen hiztegia eta honek ere datu base egokitua erabiltzen du. Hiztegitxo txikiagoek, euskara-okzitaniera hiztegia esaterako, testu osoa biltzen duen web orrialdean aurkituko dugu. Horrela ere aurkituko ditugu Eibarko armagintza hiztegia edo EHUko Psikologia hiztegia.
Eurodicautom Europako hiztegi automatikoa
http://www2.echo.lu/edic/
Travlang
http://www.travlang.com/languages
Altavistako zerbitzua
http://www. altavista.com
Online dictionaries
http://www.facstaff.bucknell.edu/rbeard/diction.html
Euskara-Okzitano hiztegia
http://www.geocities.com/CapitolHill/2057/eu-oc.html
Armagintza hiztegia
http://www.geocities.com/Paris/Cafe/5812/tailerhiztegiarma.html
Euskalterm
www.uzei.com
Psikologia hiztegia
http://www.sc.ehu.es/scrwwwpt/bin/hiztegia/psi_hiz.htm
Hedabide, publizitate eta komunikazio hiztegi terminologiko elebiduna
http://www.ehu.es/BMM/BMM.hiztegia.html
Laburzki
http://www.ehu.es/laburzki/laburzki.2datu-basea.html
LABURRAK
Euskonet ataria
Euskal Herriari buruzko portal euskalduna da Euskonet atari euskalduna. Euskaldunak munduan zehar izeneko atala, argazkien bilduma eta chat gunea ditu besteak beste. Javaren erabiliz dabilen Volano tresna erabiltzen du chat guneak baina bisitatu dugunean ez zegoen inor konektaturik. Doako salerosketak egiteko datu base baten aplikazioa du baina bertan materialik apenas ez dagoen. Ideia osatuegia agian komunitate txikiegi batentzat.
Konpartsak sarean
Hasi berri den Bilboko Aste Nagusiak badu bere isla sarean. Udalaren webgune ofizialaz gain, Mugalari Gorriak webgunean bi konpartsaren berri ematen da: Tintigorri konpartsa eta Mairuak erraldoien konpartsa. Gainera, Mugalari Gorriak gunetik bi gune hauetara ezezik , beste bi direktoriotara jo dezakegu festa gehiagoren bila bagabiltza.
Mugalari Gorriak
http://www.fly.to/mugalari
Jai gehiago
http://www.jaiak.net/
http://come.to/jaiak
Musika Hamabostaldia
Donostiako 60. Musika Hamabostaldiak webgunea badauka. Abuztuaren 4an hasi eta irailaren 5ean amaituko den saio sorta honetako historia, aurtengo egitaraua, aretoak, eta sarreren salneurriak jakiteko balioko digu. Euskarazko bertsioa gaztelaniazkoaren azpian dauka orrialde guztietan.
Hamabostaldia
http://paisvasco.com/quincena/