1999ko abuztuak 1, Igandea | Nabigatzen |

Iragarri zure webgunea sarean eta doan

Bannerrak elkartrukatzeko aukerak

Bannerrak Interneteko iragarkiak dira. Web nabigazioan, webgune bat ikusten ari garela, goikaldean, behekaldean edo albo batean ikusten ditugun iragarkiak dira, bertan klik eginez gero beste webgune batera bideratuko gaituztenak. Gurean ez dago oso garatuta oraindik, baina Interneten egiten den publizitatearen elementurik garrantzitsuena da bannerra. Miloika banner badira oraintxe bertan sarean eta gutxi batzuk Euskal Herriko enpresa edo webguneenak, are gutxiago euskaraz. Gure artean merkataritza ekonomikoa bezalatsu ari da garatzen, apurka-apurka.

Normalean webgune komertzialetan ageri ohi dira bannerrak, gehienetan bisitari asko dituzten webguneetan. Horietan diru truk ezartzen dira, paperezko aldizkarietan edo telebistan bezala. Halabaina, ohiko prentsan baino zehatzagoa da sarearen bidezko publizitatea. Prentsa idatzian inpaktoaren kontzeptua erabiltzen da, begiradarena, iragarki baten arrakasta neurtzeko. Irakurleen kopurua estimazio batetik kalkulatuta, iragarkien salneurria ikusirik, CPM edo begirada bakoitzaren kostua atera dezakegu. Interneten aldiz, erabateko zehaztasunez jakin daiteke iragarki baten eragina: zenbat internautek ikusi duten iragarkia eta zenbatek sakatu duten sagua haren gainean.

Gure artean, ordainduzko bannerrak ezartzea ez dago modan oraindik. Adibidez, euskal hedabide gutxitan agertzen dira normaltasunez. Kaixo topatzailean bannerrak ageri ohi dira, «baina kontratatzen dituzten enpresak kanpokoak dira», adierazi digu bertako arduradun Aitor Lopez de Aberasturi internauta arabarrak. «Hemengo enpresek ez dituzte iragarkiak ez Kaixon, ez beste inon jartzen». Salneurriei dagokienez, Argia aldizkariak webgunean bannerrak ipintzea eskaintzen du, urte osoan agertzearen truke diru kopuru bat eskatuta. Kaixon aldiz, sareak uzten duen klik kopuruaren araberako tarifa zehatza aplikatzen du Aitorrek: lau pezeta klik bakoitzeko.

Aipatu dugunez, topatzaile, portal, egunkari eta bestelako webgune handietan, ordainduta, bannerrak jar daitezke. Baina badago nork bere burua bannerren bidez doan iragartzeko modua: bannerrak elkartrukatuz. Hori bultzatzeko webgune asko sortu dira ziberespazioan. Eskaintza horiekin trafiko handia bereganatzen dute eta ordainduzko bannerrak ere eskaintzen dituzte askotan. Printzipio sinplea dute zerbitzu hauek: bannerrak elkartrukatzeko zerbitzu batean izena emanda, gure webgunean besteen bannerrak ageriko dira eta gureak besteenetan.

Baina gaia edo lekua kontutan hartu gabe iragartzeak ez du zentzu handirik, euskaldunontzako batik bat. Horregatik horrelako zerbitzu gehienetan ordenagailuak erabakitzen du momentu bakoitzean internauta bakoitzari zein banner erakutsi behar dion, irizpide batzuren arabera. Besteak, beste, webgunearen gaiaren arabera sorta bat izango du eta, bisitariaren jatorriaren arabera, haren hizkuntzan eskainiko dio iragarkia, bere IP helbidea irakurrita. Horregatik ere, kasu askotan, gai edo eremu geografiko baten inguruko bannerrak elkartrukatzeko guneak sortzen dira, Galizan, Venezuelan eta beste lekuetan esaterako.

Euskalbanner zerbitzua
Euskal internauton webguneetan oraindik banner gutxi ageri da. Akaso, web espazioa debalde utzi dion enpresak derrigorrez ezarritakoa, edo webgune pornoren batera bideratzen duten horietako bat, baina beste euskal webguneen iragarki gutxi dago gureetan. Hau ikusita, eta beste lekuetan dagoen joera sumatuta, Euskalbanner zerbitzua abian jartzea otu zaio Aitor Lopez de Aberasturiri.

Euskalbanner elkarttrukatzean parte hartzeko, lehenengo, gure webgunea iragartzeko banner bat diseinatu beharko dugu. Neurri estandarrekoa izan beharko du (468x60 pixel). Normalean GIF motako irudi mugikorrak izaten dira baina ez dira astunegiak izan behar. Ole bilatzailean, esaterako, ez dira 15 Kb baino gehiagokoak onartzen. Ezinbesteko bigarren baldintza da gure webgunea Euskal Herrikoa izatea. Orrialde bakoitzean banner bakarra onartuko da eta gurean bannerra bi aldiz agertzen denean beste norbaitenean behin ikusiko da gurea. Gurean agertzen diren bi horietatik bat Euskalbannerrena da eta bestea beste norbaiten webgunearena. Momentuz, programa honetan parte hartzearren, banerra Kaixon agertzeko aukera ere doan ematen du Aitorrek. Duela astebete eman zuen Aitorrek zerbitzu berriaren berri eta, berak dioenez, jada 15 webgune ari dira esku hartzen. Musutruk eginiko ekimen honen bidez euskal internauton komunitatearen arteko loturak sortuko direla uste du Lopez de Aberasturik. Kasualitatez, Araban ere, antzerako beste zerbitzu bat sortu berri du Fidel Gomezek. Soilik Arabaren gaineko bannerrak bilduko ditu El Glorioso webgunearen baitan ezarri duen zerbitzu honek.

Spanish banner
http://www.spanishbanner.com/
Euskalbanner
www.euskalbanner.com/
Galicia City
http://www.galiciacity.com
Arabanner
http://www.glorioso.net/arabanner


LABURRAK

Legebiltzarreko ponentzia
Informazioaren Gizartea Euskadin izeneko ponentzia ari da osatzen horretarako Gasteizko legebiltzarrean bildu den parlamentarien taldea. EH ez beste talde politiko guztiek ordezkaririk duten taldea ari da lanean EAJko Xabier Ormaetxeak zuzendurik. Urte hasieran adostu zuen legebiltzarrak ponentzia osatzea eta egunotan aurkeztu du Ormaetxeak sarrera moduan aurretiazko testu bat. Lanerako oinarri hartu duten testuan, hasteko, EAE Interneten gaian atzeratuta dabilela onartzen da. Ondoren, bertan sarea garatzeko hamar lehentasun aitatzen dira. Besteak beste, sarea haurren artean bultzatzea, sarbidea merketzea eta egiturak bultzatzea aipatzen dira sarrera horretan. Amaitzeko, legebiltzarrean testigantza emateko lekukoak proposatzen dituzte. Denek badute nola edo hala sarearekin zerikusirik baina aipatzekoa da batek ere ez duela euskalgintzarekiko zerikusi zuzenik. Gainera, testuan eta hamar puntuotan ez zaio gure hizkuntzari inongo aipamenik egiten. Sarean dago testua, internauton ekarpenak jasotzeko prest.

Informazioa
http://parlamento.euskadi.net/BATZORDEA/BTE1.HTM
Ekarpenak jasotzeko
nv@parlam.euskadi.net


Euskal pegatinak
Euskal erakunde politiko zenbaiten pegatinak eskaneatu eta sarean ipini ditu internauta batek. Gehienak ezker abertzaleko erakundeen pegatinak dira, tartean ETA erakundearen sorta bat. Egileak, horien agerpenak sor ditzakeen erreakzioak aurreikusiz, zera dio hasieran: «Orrion edukia informatiboa da soilik. Ez da egilearen ardura irudiok norbaiten sentsibilitatea mintzen badute».

Euskal Pegatinak
http://members.es.tripod.de/euskalpegatinak/index.htm

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner