1999ko uztailak 18, Igandea | Nabigatzen |
Boterea infogerraren beldur da
Internet gerra informatikoen gatazkalekua
Amerikarrak famatuak dira etsaiak asmatzen. komunistak, errusiarrak, martiztarrak eta musulmanak izan dira mende honetan amerikarrak babesak bilatzera bultzatu dituzten mamuak, armak erosiz edo aterpeak eraikiz. Teknologiaren aroan Internet da hackerrak edo ziberterroristak, modako etsaiak, eroso mugitzen diren ingurunea.
Beldurra edo paranoia izan, kontua da Clintonek 1.400 milioi dolar eskatu zizkion EEBBetako senatuari urte hasieran infogerrari ekiteko. Infogerra hitza 1976. urtean erabili zuen estraineko aldiz Pentagonoko buruzagi Andi Marshallek. Balak barik bit-ak jaurtikiko ziren gerra bat imaginatzen zuen berak.
Hala ere, hackerrak normalean ez daude antolaturik eta eraso isolatuak egiten dituzte. Helburu militar-politiko zehatzak dituen hacker taldearen irudia, denak gela berean batera lanean, karikatura baino ez da. Halabaina, egia da gatazka lekua sarera igarotzen ari dela eta zenbait adibide izan dira, iragan berri den gerran Jugoslaviako gobernuak hacker taldea bildu baitzuen EEBBen kontra ekiteko. Baina zibergerra ekintza nagusiak amerikarren aldetik abiatu dira, NSAk etengabe Internet arakatzen baitu Echelon bezalako sareen bidez. EEBBetako gobernua, etsai dituenen sare militarretan eta banku kontuetan sartzen aditua da eta taktika hauek gehien erabiltzen dituena bera da, William Church-ek Tech Web aldizkarian adierazi berri duenez. Church infogerran aditua da eta CIWARS enpresa zuzentzen du. Enpresa honek herrialde eta enpresen informazio sistemen segurtasuna aztertzen du, puntu ahulak aurkituz eta soluzioak proposatuz. Informatikaren arloa ikuspuntu militarretik aztertzen dute, gaur egun sare hauetan ordenagailuz gidatutako zentral elektrikoak, telefono operatzaileak eta beste asko izan baitaitezke hacker bakan edo antolatuen xede. Halabaina, «terroristek oraino ez dute zibergerrarako trantsizioa egin», dio Churchek.
Hackerrak antolatzeko lehendabiziko saio bat egingo da Las Vegasen, Chaos Computer Club taldeak antolatuta, abuztuaren seian hasiko den hiru eguneko kanpaldian. Hacker gehienak indibidualistak dira eta helbururik izatekotan ekonomikoak izaten dituzte. Hala ere, egia da EEBBetako gobernuarekin lotutako erakunde askok hacker antolatuen erasoak jasan dituztela: maiatzan Etxe Zuriaren gunea, ekainaren hasieran FBIren gune nagusia eta ia hilabeteren buruan armadaren hasierako orrialdea hackeatuak izan ziren. Hau dela eta, gobernuak infogerrarako sail berri bat sortu du, FBIko, CIAko, fiskaltzako eta Defentsa Departamenduko kideek osatua.
Hackerren bilera
www.defcon.org
Hackerren erasoak
http://www.hackernews.com/archive/crackarch.html
Amarauna: hackerrak espainiar erara
«Hacker 'proetarra' bat atxilotua»
Honelako perla aurki genezake iragan osteguneko ABC egunkaria irakurrita. Irakurketa sakonagoak, ordea, baieztapen honen funtsa zein den erakutsi digu. Goardia Zibilak uztailaren 9an ustezko hacker bat atxilotu zuen, 22 urteko Daniel Ortiz, Murciako Aguilas herrian. Barne Ministerioko ordenagailuetan sartu izana eta, kalteak eragiteaz gain, sekretuak zabaltzea leporatu diote, momentuz, gazteari. Halabaina, espainiar egunkari honen arabera, hasieran uste baino larriagoak izan daitezke gazte honek eragindako kalteak. Izan ere, «sinesgarritasun osoko iturriak» aitatuz, Ortizek ETAren aldeko taldeentzat informazioa pasatu izana balitekeela baitio ABCk.
ABCren arabera, aspaldi zebilen Goardia Zibilaren delitu informatikoen saila ustez Barne Ministerioan sartu zen hackerraren atzetik. Iragan urteko ekainean igarri zuten erasoa ministerioko ordenagailu batean eta orduz gero erasotzailea identifikatzeko lanetan ibili dira. Duela zenbait hilabete erasoaren berri eman zuen Jaime Mayor Oreja ministroak. EEBBetako Hotmail doako e-posta zerbitzuaren helbide bat, terapia83@hotmail.com erasotzailearen arrasto bakar moduan eman zen ezagutzera orduan. Iragan asteko atxiloketa FBIren eta Los Angeleseko fiskaltzaren laguntzari esker egin ahal izan dute Espainian. Hotmail enpresaren log-ek Murciako zerbitzari batera bideratu zituzten ikerketak eta hemendik Daniel Ortizen atxiloketa eratorri zen, bertsio horren arabera.
Hala ere, ezustea gaztearen etxea miatzean etorri zen: ETArekiko lotura. Euskal gazte zenbaitekin lotzen duten eskutitzak aurkitu dizkiote Ortizi eta, bertan, Espainiaren aurkako irainak agertzen dira. Ikerketaren arabera, Ortizek lan egiten duen kanpinean hainbat euskal gaztek oporrak igarotzen dituzte eta, gainera, iragan ekaineko hauteskundeetan EHk boto bat jaso zuen Aguilas herrian. Erabateko froga eztabaidaezin horiek guztiek Ortizek ETAren inguruko taldeei Barne Ministerioaren gaineko informazioa eman izana balitekeela baieztatzera eraman dituzte aipatu iturri ezezagun horiek.
LABURRAK
Belar usaina
Izen hori jarri diote Guadalajarako (Espainia) euskaltegi bakarrak jarri duen webguneari. Gaztelaren bihotzean dagoen hiri honetan bada euskaltegi txiki bat iaztik, jada hamar ikasle eta bi irakasle dituena. Webgunean, Milmarcoseko Mingaña izeneko berbetaren gaineko informazioa ematen dute. Elkarte batek Mingañaren hiztegitxo bat osatu zuen 1979. urtean eta, bertan ikusten denez, euskal hitz batzuk baziren bertan. Mende hasieran zenbait artzainek oraindik hitz egiten bazuten ere, desagertuta dago egun mingaña hau.
Belar usaina
http://campus.fortunecity.com/boston/443/
Perretxikoak udan
Onddoak batzeko sasoirik aproposena ez badugu ere, Interneteko basoan Euskal Herriko perretxikoak agertu dira. Fenomeno bitxi horren eragilea Xabier Igartua oñatiarra izan da. Sua ezizenez IRCn ezaguna den gazte honek oso-osorik euskaraz dagoen webgunea prestatu du Euskal Herrian diren perretxiko eta onddoen bilduma zabalarekin. Jangarritasunaren eta izenaren arabera sailkatuta daude onddoak, latinez eta euskaraz dituzten izenekin.
Euskal Herriko perretxikoak
http://xoom.members/perretxikuak/
Departamenduaren alde
Ipar Euskal Herriko hautetsien elkarteak badu bere leihoa sarean. Goitik behera erdaraz dagoen webgunean elkartea aurkeztu eta euskal departamenduaren aldeko aldarrikapena azaltzen dute. Besteak beste, elkartearen osaketa, azken berriak eta kontakturako aukera ematen dute bertan. Gai honi buruzko dokumentazioa ere jaitsi daiteke webgunetik.
Hautetsien elkartea
http://www.paysbasque.com/asso-dpb/