1999ko uztailak 11, Igandea | Nabigatzen |
EuskaraZ zerrenda berria
Euskarari buruzko zerrendan aldaketa
Aspaldian ez bezalako mezu andana ari dira jasotzen hainbat internauta euskaldunen postontzi telematikoek egunotan. Baten batek ahaztuta eta hainbatek defuntutzat zuen EuskaraZ posta zerrenda berpiztuta eta indartsu ari da gure disko gogorra euskal mezuez betetzen. Printzipioz horrekin erlazio zuzena behar ez lukeen aldaketa tekniko batek eta zerrendaren kudeaketaren eskualdatzeak eragin dute Fenix bere errautsetatik berpiztea.
Dena dela, ondorioa euskal eztabaidagunearen berpizkundea izan da momentuz eta hori da inportanteena. Espero dugu biziberritze hau iragankorra baino iraunkorra izatea ondorenean.
EuskaraZ posta zerrenda biziberritzeko asmoarekin Udako Euskal Unibertsitateak hartu du bere gain internauta euskaldunon lehendabiziko forum telematikoa. Zerrenda hau 1996ko udazkenean sortu zen, Euskal Kulturaren Batzarrearen ekimenez, eta erakunde honek kudeatzen zuen. Eusnet zerbitzariaren bidez bidaltzen ziren mezuak eta, beti mezuen trafiko urria izan duen arren, 240 harpidedun izatera heldu zen aldi horren azkenaldera, mezuen trafikorik urriena izan duen aldian hain zuzen. Elkartrukatzen ziren mezu apurretan gehienak sikate horren gainekoak ziren gainera. Teoria batzuk zirriborratu ziren orduan fenomeno hori azaldu nahian: euskaldunok zelatariak garela edo benetan zer esanik ez dugula zioten, besteak beste, azalpen saioek.
Halabaina, aldaketa tekniko baten eskutik etorri da edukiaren iraultza ekainean. Aurten EKB desagertu da eta zerrendarekin zer gertatuko zen zalantzak agertu ziren. Udako Euskal Unibertsitateak (UEU), zerrendaren balioa ikusita, bere gain hartu du EuskaraZ posta zerrendaren ardura. Eusnet zerbitzari nafarraren makinak egiten zuen banaketa lana eGroups doako zerbitzu komertzialaren ardurapean geratu da orain. Hori da, funtsean, izan den aldaketa. Printzipioz ez zuen zertan eragin behar zerrendan baina orduandanik hasi da zerrendaren iratzartzea. Ekainaren 17an hasi zen banatzen eGroups-en bidez, eta ordutik uztailaren 6ra, 60 mezu baino gehiago zabaldu dira EuskaraZ-en bidez.
Zerrenda bizitzeko asmoz, web orri bat ezarri zuen UEUk bere webgunean: «Izena emateko eta harpidetza eteteko sistema ere erreztu egin da, eta mezu guztiak artxibatuta uzteko sistema ere ezarri da», azaldu zuen UEUko Iñaki Alegriak harpidedunei zabaldutako oharrean. Izan ere, eGroupsek zerrendak kudeatzeko eskaintzen dituen baliabideak errazak eta argiak dira, dena nabigatzailearen bidez. Harpidedunak ere badu zerrendako baliabideak erabiltzeko aukera eGroups-en webgunean, bere burua identifikatu eta gero. Besteak beste, members atalean, harpidedun guztien izenak eta e-posta helbideak ikus daitezke. Zerrendaren kudeatzaile nagusia, ez moderatzailea, UEUko Alberto de Abajo da, bere lankide Iñaki Alegriaren eta Luis Fernandez kazetariaren laguntzarekin.
Zerrenda librea
EuskaraZ zerrenda ez da moderatua, hau da, mezuak ez dira inoren zentsurapetik igarotzen banaketaren aurretik. Beste zerrenda batzuetan erabiltzen den aukera da moderatzaileak ezartzea. Esaterako, Eibartarrak posta zerrendan sartu aurretik arduradunen onespena behar da. Haietako bat Luis Fernandez dugu, eta berak EuskaraZ-en idatzi duenez, «Normalean, izena ematea eskatzen dutenetatik, erdiak ere ez du pasatzen aurkezpena egitearen baldintza. Horrela harpidedun kopuru murriztua geratzen da, baina ia koadrila giroa dagoela esan daiteke». Beste zerrenda euskaldun bat EIZIEren ItzuL zerrenda da, itzultzaileentzat interesgarriak diren eztabaida eta berriekin.
Moderazioa, zentsura mezuak zerrendarako egokiak diren jagotera bidera daiteke, bidaltzailearen eta jasotzaileen arteko iragazki moduan. Baina moderatzaileen lana irizpide subjetiboetan oinarritzen da gehienbat eta erabaki eztabaidagarriak izan ohi dira mezu baten zabalpena galarazten dutenak. Esaterako, soc.culture.basque eztabaida talde moderatuan hainbat internautaren haserrea eragin du zentsurak, euskal ikuspegi abertzaleko mezu asko onartzen ez zirela eta. Azkenean sektore horrek beste eztabaida talde bat sortzea erabaki zuen aurtengo martxoan, alt.culture.euskalherria izeneko berri talde ez moderatua. Zentsuraren beste alderdi txarrak dira moderatzeak lan handia dakarrela eta mezuak atzeratuta heltzen direla.
Gaien esparruari dagokionez, printzipioz euskalgintzaren eta euskararen inguruko
iritziak, eta informazioa trukatzeko helburua du zerrendak. Baina printzipio hori malgutasunez aplikatzen da, izan ere, egunotako parte hartzea mantentzea oso garrantzitsutzat jotzen dute zerrendakide gehienek, baita internauta euskaldun gehiago biltzea ere. EuskaraZ-ek 305 kide ditu jada, duela hilabete baino 50 gehiago. Gonbite berezia beraz, EGUNKARIAtik ere, euskaldunok zerrenda honetan izena eman eta esku har dezagun.
Eibartarrak
http://surf.to/eibar
EuskaraZ zerrenda
http://www.ueu.org/euskaraz.htm
http://www.egroups.com/group/euskaraz/info.html
ItzuL zerrenda
http://www.eizie.org/euskara/tresnak/itzul.htm
Laburrak:
Dirulaguntzak Europatik
Euskaraz eginiko hezkuntza eta dibulgazio proiektuentzat dirulaguntzak emango ditu Europar Batzordeak aurten ere. Eremu urriko hizkuntzen laguntza programen barruan, Batzordeak diruz lagunduko ditu aukeratutako proiektuak, gehienez kostuaren %50 berak ipiniz. Lagunduko dituen hezkuntza proiektuak irakaskuntzarako materialen sorkuntza arlokoak izango dira. Dibulgazio arloan, berriz, Europan hizkuntza hauen arteko informazio trukeak, mintegiak eta sareen sortzea lagunduko dira, baita webguneen eraikitzea ere.
Eskabide orria
http://europa.eu.int/en/comm/dg22/langmin.html
e-postaz
langmin@dg22.cec.be
Tangoa Eibartik
EuskaraZ zerrendan Luis Fernandezek iragarri bezala, sarean euskaldunok badugu tangoak dantzatzeko eta haginetako mina sendatzeko nora jo. Beste eibarnauta batek, tangoaren maitale amorratua den Eneko Egiguren, Manute-k bere webgunean dantza honi buruzko irudi sorta, abestien eta letren bilduma ipini ditu, lotura interesgarriz lagunduta. Astor Piazzolaren edo Eibarren gainean solasean aritu nahi baduzu chat-ean aurkituko duzu Manute.
Tangozale euskaldun bat
http://members.es.tripod.de/manute/index.html
Manute IRC-n
ICQ: 14163146
Abizenak online
Euskal abizenen gaineko informazioa lortzeko webgune bat jarri du Kaixo topatzaileak. Momentuz abizen asko ez eta haien gaineko informazioa ere ez da oso zabala. Baina bere abizen euskaldunari buruz ezertxo ere ez dakitenentzat oso baliagarria da, diasporaren ondorengoentzat aproposa da beraz tresna hau. Gainera, euskal etxeen gaineko informazio apur bat ere badakar.
Euskal Abizenak
http://www.kaixo.com/euskaletxea