1999ko ekainak 27, Igandea | Nabigatzen |

Eman diezaiogun lana Anaia Handiari

Pribazitatea defendatzeko

Botereak badu Internet kontrolatzeko gogoa eta horretan saiatzen ari da etengabe. Saio batzuk agirikoak dira, kriptografia murriztu nahi duen Wassennarko ituna esaterako; beste batzuk erdi izkutuan egiten ditu, duela bi aste aipatu genuen Enfopol kasu; eta beste batzuk guztiz izkutuan egiten ditu. Boterearen eraso hauengatik arduratuta, bada eskubide zibilen aldeko ekintzaile antolaturik Interneten, eta har daitezkeen hainbat neurri proposatzen dizkiote internautari.

ŤAnaia handiak jagoten gaitu, eman diezaiogun lanať. Horixe da pribazitatea defendatzen duten internauta askoren leloa. Paranoian jausi gabe, kontrola badagoela onartuta, neurri praktikoak hartzea da onena. Pribazitatearen defentsan elkarrekin loturiko bi ardatz badira: anonimotasunaren defentsa eta kriptografia.

Anonimotasunari dagokionez, internautak jakin behar du oso zaila dela sarean berau mantentzea. Arrasto ugari uzten ditugu nabigatzean eta konektatzen garenean, sarean sartzeak identifikazioa eskatzen baitigu. Orduatantxe daturik inportanteena emango dugu gure hornitzailean: bere bezeroen datu basean zein garen begiratu eta sarbidea emango digu, aldi berean IP zenbaki bat emanez. Zenbaki hori bakarra da, guk bakarrik izango dugu sarean, eta konektaturik gauden bitartean identifikatuko du gure ordenagailua bisitatzen dituen leku guztietan. IP helbidea deritzon zenbaki hori bidaliko ditugun mezu elektroniko guztietan agertuko da, ikusgai egongo da esku hartuko dugun IRC eta ICQ berriketa talde guztietan, eta FTP zerbitzari guztiek erregistratuko dute. Bisitatuko ditugun webgune guztietan ere horixe da utziko dugun arrastoa. Nor garen jakin nahi duenak nahikoa du hornitzailearen log edo erregistro artxiboak begiratzea zenbaki horri momentu zehatz batean zegokion bezeroa nor zen jakiteko.

Baina hori ez da utz dezakegun arrasto bakarra. Berriki jakin izan da Microsoftek bere Office sortako programetan izkutuko identifikazio zenbaki bat ipintzen zuela eta zenbaki hori programa hauekin sortutako dokumentu guztietan ageri dela. Bestalde, ordenagailua identifikatzen zuen izkutuko zenbaki bat jasotzen izan da Bill Gatesen enpresa bere Windows 98 online erregistratzen zutengandik, berauek ohartu gabe. Ustez pirateriaren aurkako neurria den honen ondorioak ez dira larriena pribazitatearen aldeko elkarteen aburuz, erabiltzailea informatu gabe egin direla baizik. Intel enpresak ere konputagailu bakoitza zenbaki bakar batez identifikatzen du Pentium III prozesadoreetan eta hala egingo du aurrerantzekoetan ere. Merkataritza elektronikoa seguruagoa egitea da Intel-ek horretarako ipini duen arrazoia baina kontrol sozialerako tresna ezin hobeagoa da makinaren identifikatzailea.

Hartu beharreko neurriak
Identifikazioa ekiditeko proposatzen diren neurrien artean ez dago segurtasun osoa bermatuko digun neurri erabatekorik, Anaia Handiari gauzak zailago jarriko dizkion neurri multzoa baizik. Hauen konbinaketak babes onargarria emango digu.

Hasteko, e-postari dagokionez web bidezko e-posta zerbitzuak erabiltzea gomendatzen da. Hala, norbera identifikatzeko urrats gehiago eman beharko du Anaia Handiak: lehendabizi zerbitzu horretan gure IP helbidea lortu eta gero gure hornitzailean. Sarerako sarbidea Proxy-en (hornitzailean egon ohi diren iragazki modukoak) bidez egitea, horrela gure hatzmarka digitala proxy-aren helbidea izango da. Beste bat remailer-ak erabiltzea da. Berbidalketa zerbitzu hauek gure mezua jaso eta beraiek berriro bidaltzen dute guk agindutako helbidera. Badira e-mezuetatik datu sensible batzuk kentzen dituzten programak, Private Idaho eta Freedom kasu.

Web nabigaziorako onena proxie-ak erabiltzea da, Anonimizer zerbitzua erabil daiteke bisitatu nahi ditugun guneetan zantzurik ez uzteko. Bitarteko pantailarena egiten du honek: guk Anonimizer-era jotzen dugu eta berak ikusi nahi dugun webgunera, ondoren guri erakusteko. Horrela ez dugu webgunea zuzenki bisitatzen, beste baten bidez ikusten baitugu.

Kriptografiari dagokionez, mezuen edukia PGP programaren bidez enkriptatzea gomendatzen da. PGP enkriptazio modu indartsua da eta denen eskura dago, doan banatzen baita. Horregatik Wassenaargo itunak agintarien kezka azaltzen du. Besteak beste Espainiak eta Frantziak sinatu duten itun honek enkriptazio sistemen exportazioari mugak ipini nahi dizkio, eta gerra arma moduan sailkatzen dute. Honen kontra, eta baita Espainian enkriptazioa murriztu nahi duen Telekomunikazioen Legearen 52. artikuluaren kontra altxatu dira sareko ekintzaileak. Informazio guztia Kriptopolis eta Fronteras Electronicas webguneetan aurkituko dugu.

Amaitzeko, beste neurri on bat euskaraz idaztea izaten da. Gauza jakina da Bigarren Mundu Gerran, EEBBetako armadan erdi klabean hitz egiteaz gain, euskaldunak eta amerindiarrak erabili zituztela irrati bidezko komunikazioetarako. Ingelesa nagusi den Interneteko Babel berrian zerbaiterako balio behar digu gure hizkuntzak hain hiztun gutxi edukitzeak.

Free
http://www.arnal.es/free
Kriptopolis
http://www.kriptopolis.com
Anonymizer
http://www.anonymizer.com


LABURRAK

Euskal NAN
Euskal Nortasun Agiria gero eta jende gehiagok darama aldean. Euskal Nortasuna elkarteak bultzaturik espainiar edo frantziar agiriak eraman barik euskaldun guztiok elkarte honek egiten duen Euskal Nortasun Agiria eramatea dute helburu. Iragan igandean hainbat euskal politikari ezagunek botoa eman zuten agiri hau erakutsita. Karneta online agintzeko eta honen gaineko jakingarri gehiago izateko Euskal Nortasuna elkartearen webgunera jo dezakezu.

ENA
http://www.geroaweb.com/ena/

PP = ETA
Horixe dio bere webgunean espainiar internauta haserretu batek. Bertan azaltzen duenez, berak autoetan itsatsitako lehergailuak antzemateko gailu bat asmatu eta zuen eta berau erabiltzeko proposatu zion espainiar gobernuari. Egile eskubideak ahaztu eta dohainik erabiltzeko proposatu arren honek ez du sistema hori ezarri nahi izan. Internauta honen tesia zera da: PPri bost axola zaiela bere zinegotziak hiltzen diren, horixe nahiago duelako. Horregatik bere webgunea iragartzeko PP=ETA mezuak erabiltzen ari da berri taldeetara.

PP=ETA
http://www.arrakis.es/~bossco

Ordenagailurik merkeena
Ordenagailuak gero eta merkeagoak izatea da epe laburrerako adituek iragartzen duten joera. Kostuak murriztuta iToaster izenekoa 200 dolarren muga igarotzen lehendabizikoa izan da aste honetan. Pantaila kontatu gabe 199 dolar (28.000 pezeta edo 1160 libera) kostatzen den ordenagailu honek ez du Windows erabiltzen, bere sistema eragilea baizik. Besteak beste, webean nabigatu, e-posta jaso zein bidali, erosketa telematikoak egin ditzakegu ordenagailu honekin. Inprimagailuak eta eskanerrak ere erabil daitezke iToaster-ekin.

iToaster
http://www.microworkz.com/

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner