2000ko irailak 26, Asteartea | bestelakoak |

EITBko edukiak munduan hedatuko ditu Yahoo! bilatzaileak

Albistegien bideoak, kirolak eta Top Gaztea ikusgai izango dira munduko ataririk famatuenean

Yahoo bilatzailean EITBk sorturiko hainbat eduki ager daitezen akordioa sinatu zuten atzo EITBko zuzendari Andoni Ortuzarrek eta Yahoo Espańako zuzendari nagusia den Xabier Etxebestek. Akordio honi esker, EITBko edukiek hedapen handiagoa izango dute Yahoo-ren erakusleiho erraldoian.

Bilboko Ingeniarien eskolan egin zuten hitzarmenaren sinadura ekitaldian, Ortuzarrek «enpresa txiki baten eta oso handia den beste baten arteko hitzarmena» bezala definitu zuen atzo sinatutako lankidetza akordioa. Izan ere, eitb.com webguneak dituenak baino askoz bisita gehiago hartzen ditu egunero yahoo.es bilatzaileak. «Horregatik guretzat oso inportantea da sarean leku bat hartzea eta Yahooren eskutik bada, are gehiago», nabarmendu zuen.

Irudiak, soinuak eta testuak izango dira egunero EITBk Yahoo-ri igorriko dizkion multimedia edukiak: Alde batetik, Ameriketako euskal diasporari zuzenduta dauden Canal Vasco-ko Noticias para America izeneko albistegia eskainiko du Yahook egunero, Windows Media bideo formatoan. Bestetik, kirolari buruzko albisteak ETBko erredakzioak igorriko ditu eta, azkenik, Euskadi Gazteak astero egiten duen Top Gaztea entzungai izango da, Topaleku irratsaioaren bidez. Ortuzarrek nabarmendu zuenez, asteko 5 abestirik onenen aukera hau erakusten duen orrialdea bisitarik gehien jasotzen duenetakoa da EITBren webgunearen baitan, gazteak sarea gehien erabiltzen duen kolektiboa baitira.

Azken aldian enpresa amerikarra darabilen lokalizazioen estrategiaren baitan antzeko hitzarmenak egiten ari da Yahoo munduan zehar. Zentzu horretan, Ortuzarrek Yahoo-ren aldetik egon den jarrera positiboa nabarmendu zuen: «Oso interesatuta ikusi ditugu gure ikusentzunezko edukietan, gure kulturan eta hizkuntzan». Euskal edukiekiko hain jarrera ona izatea Xabier Etxebesteren laguntzari egotzi zion Ortuzarrek. Izan ere, Etxebeste iruinsemea euskalduna da eta euskaraz zuzendu zitzaien kazetariei. Yahoo egunero 150 milioi lagunek erabiltzen dutela nabarmendu zuen, horrek euskal edukiei ekarriko dien hedapena azaltzeko.

Hitzarmenak Aurki edo Kaixo bezalako bilatzaileak EITBtik baztertzea ekarriko duen galdetuta, bi arduradunek ezetz erantzun zuten: «Zerbitzu publikoa garen aldetik exklusibitatearen aurka gaude» esan zuen Ortuzarrek. Etxebestek, aldiz erabiltzaileari aukera eman behar zaiola azpimarratu zuen: «Erostea eta exklusibitatea hitzak ez ditugu maite. Gainera, Aurki-rekin harreman onak ditugu».

(EGUNKARIAn argitaratua).

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner