2000ko azaroak 16, Osteguna | bestelakoak |

Musika denden akabera?

Interneten bidezko musikaren trukeak kinkan jarri du musikaren industria

Musikaren industrian sekulako lurrikara eragin du Interneten bidezko musikaren truke libreak. CD bateko abestiak ordenagailuko artxibo informatikoak bihurtuta, kalitatea urratu gabe konpresio maila altuak lortzen dituen MP3 formatora pasatu eta edonorekin elkartruka ditzakegu Interneten bidez. Horrek kinka larrian jarri ditu disketxeak eta musikarien artean iritzi kontrajarriak ageri dira.

Musikarako aproposena eta hedatuena mp3 formatoa da, Alemaniako Fraunhofer institutuak asmatu zuen MPEG layer 3 konpresio algoritmo indartsu honek kalitate-konpresio erlaziorik onena ematen du, CD kalitatea mantenduz artxiboen tamainua hamarren bateraino jaitsiz (128 Kbit). Hala, musika CD normal batean 74 minutu musika sartzen diren bitartean, CD hori 128 Kbitetan konprimitutako MP3 artxiboz betetzen badugu, 740 minutu sartuko zaizkigu. Are minutu gehiago sar ditzakegu konpresio maila handitzen badugu, baina soinuaren kalitatea nabarmen jaitsiko da.

Sarean ehunka milaka abesti daude, egileen baimenik gabe internauta guztien esku. Ordenagailuan ezezik, orain MP3ak walkman moduko aparailuetan karga daitezke eta edonon entzun. Kopiak egiteko erraztasun horri Napster programak abestiak bilatu eta eskuratzeko ematen dituen erraztasunak gehituta, musikaren truke librea mehatsua bihurtu da diskagintzaren industriarentzat eta sekulako gatazka sortu da sarean bertan eta EEBBetako epaitegietan.

Joerak berdin irautekotan disketxeak eta diska dendak kinka larrian egongo dira aurki, hainbat iragarleren arabera. Beste batzurentzat aldiz, gauzak ez dira horren modu gordinean ikusi behar. Baina EEBBetako egoera hemen berbera den eta disketxe handiak dauden bezala txikiek ere kezkatzeko arrazoirik duten jakin nahi izan dugu. Horregatik hurbileko testigantzak jaso nahi izan ditugu gai honen inguruan.

Gorkak Bilboko diska denda batean lan egiten duen arren, bere iritziz elkartruke librea ondo dago: «Alde batetik, bitartekariak kentzea ondo dago eta artisten ikuspuntutik musika ahalik eta jende gehienarengana heltzea ona da, bestela banaketa eskasa izaten delako». Noski, berak buruan dituen taldeak txikiak dira eta ez show bussiness-eko izar handiak. «Bestetik, ordea, ez dut zuzena ikusten musikariek grabaketan, instrumentuetan... gastatu duten dirua berreskuratzeko aukerarik ez izatea».

Argi dago: abestiak doan eskutik eskura ibiltzea egilearen gogoaren araberakoa izango da bidezkoa. Gorkak dioenez, «badira artearen jabetza kontzeptuan sinesten ez duten artista batzuk». Politikoki jarrera libertarioan inspiratutako anticopyright jarrerak, sarean open source mugimenduarekin egiten du bat. Open Source programak doakoak dira eta erabiltzaileen ekarpenei irekita daude. Hor dago Linux, sarean sortu eta garatu den sistema operatibo ikaragarri ona eta beste hainbat adibide. Izan ere, internautek sarean aurkitutako gauzengatik ez pagatzeko ohitura hartua dute, eta horretan musika ez da salbuespena.

Gauzak horrela, musika dendak desagertze bidean diren, horra hor bere erantzuna: «Bai, baina ez MP3ren eraginagatik, beste arrazoi bategatik ari dira jada desagertzen. Interneteko kontu hori oraindik ez dago nahikoa garatuta eta urteak pasatuko dira oraindik formato fisikoak desagertzeko». Dendak desagertzeko zorian jarri dituen faktore nagusia ez da, hala ere, musikaren elkartruke telematikoa, «merkatalgune handien konpetentzia baizik». Gorkak adierazi digunez, aurten sei bat diska denda itxi dituzte Bilbo aldean saltoki handien erruagatik: «Banatzaileekin tratua egiten dute: kopuru handian erosi, irabazi margen murritzagoarekin eta, hala, diska berriak merkeago jartzen dituzte baina beste diskak denda txikian baino garestiagoak dira. Hala ere, bezeroak erakartzen dituzte jokaera horren bidez eta jendeari buruan saltoki horiek merkeagoak diren irudi faltsua geratzen zaio».

Disketxeak ere
Liburu digitalek argitaletxeak eta banatzaileak alferrikakoak bihurtzen dituzten bezala, disken kasuan bitartekarien desagertze horretan hurrengo kaltetuak disketxeak eurak izan daitezke. Horregatik hainbat disketxe hasi dira, gurean bertan, zuzeneko salmenta egiten. Disketxeek salmenta zuzenean egiten badute, dendek ez dute irauteko arrazoi handirik izango. Baina zigiluak ere bitartekariak dira eta internautek bitartekari guztiak gainetik kendu nahi dituzte: dendak, banatzaileak, disketxeak eta egileak eurak ere. Ez diote inori ordaindu nahi.

Gaztelupeko Hotsak zigiluko Jose Felix Azkarate "Xarra-k" esan digunez, «Internetek ez gaitu bereziki kezkatzen, gertatzen ari den ohitura aldaketa orokorragoak baizik». Denden desagertzeko joera horretan «denda oso berezituak, kate txikiak eta saltoki handiak bakarrik salbatuko dira» bere aburuz. Beste disketxe gehienek egin duten antzera, laster webgunea zabaltzeko eta bertatik diskak saltzeko asmoa dute Gaztelupekoek.

Eta egileek zer iritzi dute honen gainean? Hilaren 1ean, irratia.com Interneteko irratiaren estraineko emanaldian, Fermin Muguruzak berea eman zuen internauta-entzuleen galderak erantzunez: «Zer arraio, kantuak elkartrukatzea ongi iruditzen zait, ez litzaidakeena ongi irudituko ordea norbait zure kontura aberasten saiatzea», zioen Ferminek. Iritzi finkoa oraindik osatu ez badu, berak ondo ikusten du MP3en elkartrukea: koadrillaren irudia ekartzen dit gogora. Guk koadrilan beti grabatu izan ditugu kasete batean gure gustoko diskak lagunentzat eta lagunek norberarentzat. Mundu guztia ibili gara horrela. Interneten koadrilla handia balitz bezala dabil jendea gauzak grabatzen eta trukatzen».

SOLUZIOA

Xarmaren balioa eta kostuak muriztearen beharra

Zergatik erosiko dut liburu bat sarean lor badezaket? Edo zergatik erosiko dut musika CD bat, sarean abesti guztiak doan lor baditzaket? Liburu digitalek paperezkoak inoiz ordezkatuko ez duten bezala, artxibo elektronikoen abantailak baino diskek duten xarma gailenduko den esperantza dago. Ferminek konparaketa hori egiten du: «Paperzalea naiz, Interneten batzuetan egunkariak begiratzen ditudan arren, gehiago gustatzen zait papera, periodikoa esku artean hartzea. Gerta daiteke kanta guztiak jaistea eta baita letrak ere, baina LPa objektu legez gustatzen zitzaidan bezala, nik maite dut CDko irudiak eta letrak begiratzea». Gauza bera nabarmentzen du Xarrak: «Guk disken diseinuak eta libretoak asko zaindu ditugu beti, batzuetan liburu-diskak ateratzen ditugu eta hori ezinezkoa da saretik jaistea».

Denak bat datoz CDaren abantailak aipatzean, horra disken aldeko ezaugarri bat, baina Gorkaren iritziz salneurria erabakigarria litzateke: «Diskak garestiegiak dira, mila pezetaren bueltan ibiliko balira, askoz jende gehiagok erosiko lituzke, CDak grabatu barik». Prezioak jaitsiko balira, musika saretik jaistea lan nekeza bihurtuko litzateke eta azken finean merkeago atera liteke CDa bera erostea. Konpresioa gora behera, oraindik kargatzeko astunak dira: MegaByte bat minutu bakoitzeko. Horrek zalantzagarria egiten du MP3ren abantaila, konexioaren abiadura hobetzen ez den bitartean behintzat deserosoa.


NAPSTER afera

Kalean saltzen diren CD piratekin batera, Napster programa da disketxe handien etsaia. Azken finean, neurri edo kopuru kontua da: gure lau lagunentzako kopiak egiten baditugu ez da aparteko kaltea izango eta disketxeek ez dute hori auzitara eramango. Baina zer gertatzen da kopia horiek programa baten bidez milioika lagunentzat eskuragarri jartzen baditugu? Horra hor Napster programarekin gertatu dena.

Orokorrean, talde eta bakarlari famatu eta aberatsak MP3 eta Napster-en aurka daude, salbuespenak salbuespen. Esaterako, Napster programaren etsai amorratuak direla erakutsi dute Metallica taldekoek, beraiek hasi baitzuten afera Napster-en aurkako salaketa jarriz. Madonnaren azken diska EEBBetan salgai atera baino lehen Napster-en zegoen. Aldiz, Prince, U2, Smashing Pumpkins eta beste batzuk Napster-en aldeko iritzia zuten. EEBBetako disketxe nagusiek jarri salaketaren ondorioz, epaileek zerbitzua ixtear zutela heldu zen duela bi aste ezusteko albistea: Napster-ek Bertelesmannekin hitzarmena sinatu du eta ondorioz 1.000 pezeta inguru (40 libera) kobratuko dute hilero zerbitzua erabiltzearren. Beste Napster txiki batzuk sortzen ari diren honetan, norbaitek ordainduko ote du diru hori?

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner