1999ko apirilak 10, Larunbata | bestelakoak |

Merkataritza elektronikoa (III)

Amazon.com eta Yahoo, lehenengoak izatearen arrakasta

Interneten bidezko liburudenda da Amazon.com. Jeffrey Bezosek abian jarri zuen 1995ko udan, orduko Interneten erabiltzaile apurrei milaka liburu eskainiz. Negozio txikiak eskaintzen zuen liburu kopurua biderkatu du hiru urte hauetan, sarean erabiltzaileak biderkatu diren moduan eta gaur egun milioika titulu eskaintzen ditu mundu osoko erosleentzat. Jada ez ditu bakarrik liburuak eskaintzen, CDak, DVDak eta bideoak ere bai.

Liburu saltzaile asko Interneten bidezko salmentak ohiko liburudendak hondatuko dituen beldur dira. Bezosek aldiz ez dela egia dio, azken finean tiradak hobeto kalkulatuta, ohiko merkatariaren onerako kostuak jaitsi eta ale kopurua igoko dela argudiatuz. Baina liburu saltzailerik handienek ez dituzte Bezosen hitzak sinesten eta badaezpada Internetera sartu dira eurek ere. Horrela, Barnes & Noble liburudenda talde erraldoiak, EEBBetako handienak, bere denda birtuala ezarri du oraintsu Amazon saretik egotzi nahian.

Pentsa daiteke Barnes & Noblek ez duela zaila izango Interneteko merkatua bereganatzea, hortik landa inolako egiturarik ez duen Amazon-en ondoan. Are gehiago, Bertelsman editorialarekin bat egin du berriki eta Ingram banatzailea erosi nahian dabiltza. Horrek hain zuzen eragin du EEBBetako gobernuak monopolioaren aurkako legeak aplikatzeko prozedura hastea. Daviden eremuan Goliath-en agerpena dirudi honek, baina Amazon-ek bere salmentei eusten die. Zergatik? Bada, lehenago heldu zelako eta merkatua bereganatuta daukalako.

Izan ere, negozio honetan aitzindari izan direnek badute beraien alde egiten duen faktore garrantzitsua. Yahoo! topatzailearen asmatzaileak, David Filo eta Jerry Yang Interneti esker aberastu diren bi gazte dira. Sarea hain handia ez zenean, erabilera pertsonalerako han hemenka aurkitutako helbideak datu base batean bildu eta hori sareko nabigatzaileentzat egokitu zutenean, sareko lehendabiziko topatzailea sortu zuten. Zerbaiten bila dabiltzan milioika bisitari jasotzen ditu egunero Yahoo-k eta horiei erakusten dizkieten iragarkien bidez dirutza ederra egin dute Filok eta Yangek. Bezosen antzera, bakoitzak mila milioi dolar baino gehiago irabazi dute oso denbora gutxian.

Geroztik etorri dira imitazioak eta konpetentzia. Datu gehiago eta hobeto sailkaturik dituzten topatzaileak sortu dira baina Yahook bere garrantzia izaten jarraitzen du eta portalen gatazka ospetsuan urrats ausarta eman du Geocities doako webguneen portal handia erosita. Bi leku hauek bilduta sareko botererik handiena lortu du Yahook momentuz erraldoien arteko lehian. Portalek garrantzi handia dute merkataritza elektronikoan, bertatik egunero miloika lagun igarotzen dira eta bertan publizitatea egiten duenak bere salmentak ikaragarri igotzen ditu.

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner