1999ko apirilak 10, Larunbata | bestelakoak |
Merkataritza elektronikoa (II)
Adibideak Euskal Herrian
Merkataritza elektronikoaren garapenari dagokionez, orohar, Europa EEBBekiko atzeratuta dago eta Euskal Herria Europarekiko ere bai. Urte gutxiren buruan sektore hau izugarri igoko dela aurreikusita dago. Iaz, EEBBetan 15.000 milioi dolar mugiarazi zituen, baina datorren urterako hamar aldiz gehiago izango dela dio Gartner Group ikerleen taldeak. Gu, betiko moduan, atzerago ibiliko gara. Geldiroago ibili arren, izugarrizko hazkundea izaten ari da arlo hau gure artean, adibide bakan baina esanguratsuak badira eta.
Lehendabizi, zehaztu behar dugu Interneten egotea eta merkataritza elektronikoa egitea ez direla gauza bera. Hiru presentzia mota bereiz ditzakegu: Interneten euren negozioa iragartzeko webgune bat dutenak, aldi berean sarean eta denda fisikoaren edo benetakoaren bidez saltzen dutenak eta, azkenik, erakusleihoa soilik Interneten dutenak.
Lehendabiziko taldean euskal taberna, jatetxe eta denda ugari daude. Orrialde gutxi batzuren bidez, negozioaren azalpen bat, helbidea, telefonoak eta irudi batzuk ematen dituzte. Ez dute sarearen bidez saltzen, iragartzeko erabiltzen baitute soilik. Normalean orrialdea paratzea eskaini dioten gida komertzial moduko direktorioetan kokatzen dira. Nonahi sortu diren Sorgina edo (www.sorgina.com), Bilbaoweb (www.bilbaoweb.com) bezalakoak dira. Sarean badago Gasteizko harategi bat Carniceria Elvira (www.car-elvira.es) bere produktu guztien katalogoa online duela.
Bigarren multzoan denda Interneten ere ezartzen dutenak daude. Donostiako Frudisk (www.frudisk.com) musika dendak adibidez, bere katalogoaren zati bat online dauka eta gure etxetik disko horiek erosteko aukera dugu. Lau euskal musika eta liburu dendak bilduta abian jarri duten Megadendan (www.jalgi.com/megadenda) Arriaga, Xalbador, Bilintx eta Urretxindorra dendetan aurki ditzakegun artikuluak eros daitezke. Aipatu ditugun denda birtual hauek biek erabiltzen dute saski birtualaren metodoa erosketak egiteko. Software baten bidez, internautak egiten dituen erosketak saski birtual batean biltzen dira. Erosketa guztiak erabakita ditugunean erosketa egiten dugu ordainketa modu batekin edo besterekin. Normalean kreditu txartelak erabiltzen dira.
Carolina Philips-ek zuzentzen duen Basque Arts (www.basquearts.com) hirugarren motaren adibidea da, soilik sarean aurki daitekeen dendarena. Duela bi urte eta erdi ireki zuten denda elektronikoan euskal produktuak saltzen dituzte. Beste batzuek eginiko produktuak saltzen dituzte: liburuak, diskoak, bitxiak, egutegiak, janariak... Baina nora bideratzen dute salmenta hori? Bada, EEBBetako euskal diasporara gehienbat. Philips-ek dioenez, “Euskal diaspora 3 milioi pertsona inguruk osatua da, gehienbat EEBBetakoak, eta horra doaz salmentarik gehienak”. Badute bezerorik beste herrialde zenbaitetan, baina askoz gutxiago dira. Carolinarekin batera beste 5 pertsona ari dira lanean eta Philips Internet Consulting, bere enpresak, Baionako egoitza nagusiaz gainera, baditu ordezkaritzak Berkeley-n eta Parisen. Enpresaren zeregin eta diru iturri nagusia webguneak diseinatzea eta egitea da, eta Basque Arts guneak askoz diru gutxiago ematen du momentuz. “Hilko ginateke hori bakarrik egingo bagenu”, dio Carolinak. Halabaina, etorkizuneko inbertsio moduan ikusten du berak webgunea: “Agian orain dirua gal dezakegu baina lehendabizikoak izan gara eta badakigu etorkizunean lehenak izango garela”.
Izan ere, Interneten bidezko salmenta webguneak ez dira berehala errentagarriak izaten. Amazon.com defizitarioa izan da denbora luzez, Jeff Bezosek jakin bazekielako lehendabizi merkatuan bere lekua lortu eta eroslego fidela bereganatu behar zuela emaitzak ikusi baino lehen. “Egun, Elkar argitaletxearen liburu gehiago saltzen dira seguruenik Amazon-en, Megadendan baino”.
Carolinaren iritziz estrategia onak zer produktu eta norentzat saldu nahi den ondo zehaztu behar du. Geroztik bezeroak zaindu behar dira, beraiek atxikitzeko. Adibidez, huskeria eman lezake, baina artilezko txapela, ohiko euskal txapela, Interneten bidez ongi sal daiteke: “Askok eskatzen dizkigute oihalak eta txapelak, horregatik laster hasiko gara txapelak saltzen”.
Aldiz, edozein dendatan aurkituko dugun lurrin bat zailagoa da nork bere dendaren webgunearen bidez saltzea. Lurringileak ere, akasko minoristei saltzeko bai, baina erosle arruntari nekez salduko diote etxe ondoan eros dezakeen artikulu bat. Gainera, oraingoz sareak ez du usaina dastatzeko aukerarik ematen.
Zer eta norentzat saldu ere Kukuxumusuk (www.kukuxumusu.com)argi ikusi duen gauza da. Kamisetak Interneten bidez saltzea ez da ideia txarra, diseinu bereziko euskal kamisetak saltzeko. Nori? Urtero San Fermin jaietara datozen bisitariei adibidez. Horretarako, balio erantsiaren kontzeptuaz jabetuta, jaien gaineko informazio gunea sortu dute (www.sanfermin.com) eta bertan informazioa emateaz aparte, berezko diseinua duen parafernalia saiatzen dira.
Basque Arts-en gehien saltzen direnak euskal bitxiak dira, lauburuak eta horrelakoak, eta ondoren musika CD-ak. Euskal irudiz apaindutako bitxiak, kikarak, oihalak eta hemengo askorentzat baliorik gabeko euskal kitsch izan daitezkeen gaiak oso estimatuak dira EEBBetan. Horri liburuak, janariak eta bestelakoak saltzen irabazitakoa gehituta, 75.000 libera (1.875.000 pezeta) mugitu zituen iaz Basque Arts-ek.
Nola abiatu gure ziberdenda
Zer eta nori saldu nahi dugun erabakita, adituen laguntza beharko dugu nola egiten den jakiteko. Interneteko domeinu bat, esaterako www.gureizena.com, hartzea ez da garestia 75 dolar bi urterako, eta webgunea jartzeko lekua alokatzea urteko 40.000 pezeta izan daiteke webgune txiki batentzat. Ondoren, webgunearen diseinua eta negozioaren egokitzea profesionalen eskuetan uztea da onena, ondoren egin beharko dugun publizitatea bezalaxe.
Baliabideak menperatuta, edonor bihur daiteke merkatari birtual. Esaterako, Partaide (www.partaide.com) ikastola taldeak bere webgunean denda bat ezarri du eta bertan denetarik eros daiteke: inprimagailuak garbikaria, arkatzak, laborategiko gaiak... Sinestezina dirudi baina funtsean ez da datu base bat eta sistema informatiko egokia baino gehiago. Edonoren dendak gure bidez edo guk beste norbaiten bidez produktuak salgai jar ditzakegu sarean. Demagun artikuluak datu Access datu basean dituen pintura denda garela. Bada, ez da batere zaila izango hori egokitzea eta gure gaiak sarean salgai ipintzea. Gure datu basea eguneratu ahala eguneratuko da automatikoki sarean dagoena ere. Bi bide ditugu hori egiteko: guk geuk Interneten, webguneen edizioaren, programazioaren eta datu baseen sekretu guztiak ikastea edo aditu baten laguntza eskatzea.
Sareak eskaintzen dituen bestelako aukerak balia daitezke Interneteko dendan. Adibidez, Megadendan eta Basque Arts-en, gure ordenagailuaren bidez salgai diren diskoen zatiak entzuteko aukera dugu. La Pollaren edo Negu Gorriaken diskoak gutxi gora behera hemengo prezioetan erosteaz gain, CD Nowren gunean erosi baino lehen abesti batzuk entzun ditzakegu RealAudio sistema erabiliz.
Kasu askotan ez da beharrezkoa ziberdendan eskaintzen diren gaiak, stock-a, gordeta edukitzea. Basqueartsek kasu, bezeroek eskatutakoa hornitzaileei, gaien egileei eskatzen die zuzenean.
Gure gunean saski birtualaren sistemak eta Visa edo Mastercard txartelen bidezko ordainketa ezartzeko, horretan adituak diren zerbitzarien laguntza beharko dugu. Gurean, besteak beste, Izartel (www.izartel.com), Coverlink (www.coverlink.es) edo Sarenet (www.sarenet.es). Segurtasunari dagokionez, eragiketen konfidentzialtasuna ziurtatzen duten enkriptazio sistemak. Hala ere, erosketa, ordainketa eta segurtasun sistema horiek izango dituzten kostuak eta negozioak emango dituen diruak ondo kalkulatu behar dira ezaugarri horiek guztiak ezartzea erabaki baino lehen. Geroztik denda birtuala bakarrik ibiliko da. Carolina Philips-ek dioenez, “denda birtual bat egun osoan irekirik dago baina ez duzu atean egon behar”.