1999ko abuztuak 11, Asteazkena | bestelakoak |
Eklipsearen itzala sarean
Interneten Makina bat webgune bitxi sortu da gaurko eklipsea dela eta
Internet aroaren lehenengo eklipsea izango da gaurkoa eta, horregatik, sarean egundoko oihartzuna izaten ari da gertakizuna. Badira eklipsea zuzenean erakutsiko diguten webgune ikusgarriak zein ikuspegi erabat serio eta zientifikotik aztertzen dutenak, baina badira ere zerbait saltzeko edo turismoa erakartzeko aitzaki moduan jartzen dutenak. Multzo handia da munduaren amaiera iragartzen dutenak eta ez dira falta iragarpen horiei trufa egiten dietenak.
Euskal Herrian eklipsea ez da erabatekoa izango eta lainoak ongi ikusten utziko digun zalantza dago oraindik. Baina sarean zuzenean ikusteko aukera izango dugu ilunpean geratuko diren hainbat lekutatik. Exploratorium guneak (www.exploratorium.edu) itzala igaroko den hainbat lekutatik zuzenean konektatzeko aukera emango digu, webcam-em bidez. Helbide berean hainbat aholku ematen dute eklipsean zer eta nola ikusi behar den azalduta. Jakingarri zehatzak ere eskaintzen ditu NASAren webguneak (sunearth.gsfc.nasa.gov). Bertan, besteak beste, edozein hiritik nola ikusiko den aldez aurretik erakusten digute, eguraldiaren iragarpen zehatzak, gerizpean geldituko den gunearen mapa orokor zein zehatzak, Britainia Handitik Iranera. Talde behaketa programa batean izena emanez eguzkiaren koroaren azterketan laguntzeko aukera ere damaigu NASAk.
Espainiako Astronomia Behategi Nazionalak (www.oan.es) ere ematen du informaziorik, gaztelaniaz, eta azalpen orokorrez gain, argazkiak nola egin azaltzen du. Honek, Bayer enpresaren guneak bezala (www.bayer.es), fenomenoa arriskurik gabe behatzeko gomendioak azpimarratzen ditu.
Munduaren amaiera
Baina ikuspegi astronomiko eta zientifiko hutsetik at, eklipsearen etorrerak badu alderdi soziologiko, erligioso, eta astrologikorik. Bitxia da eklipsea eta milurtearen amaiera ia batera etortzea, eta hainbatentzat zerbaiten adierazle dira gertakizun biak. Nostradamusen iragarpenak gehitu behar dizkiogu kezka honi, izan ere, askok munduaren suntsipena ikusten dute erdi aroko astrologoaren testuetan. Hitzez hitz zera zioen aztiak: «1999. urtean, zazpigarren hilabetean zerutik etorriko da izuaren errege handia, Angolmoisko erregea iratzartzeko». Esaterako, Paco Rabanne diseinatzaile pasaitarrarentzat MIR espaziontzia Parisen jausiko den segurantzia dakarte Nostradamusen berbek.
Milurteen amaiera hurbildu ahala, zifra borobilarekiko kezka azaldu da iragarpen katastrofikoen bidez. Hala gertatu zen 1000. urtean eta berdin gertatzen ari da egunotan. Inoiz bete ez diren iragarpenen bilduma dago Religious Tolerance webgunean (www.religioustolerance.org), munduaren amaiera ziurtzat jotzen zuten ehun inguru teoria. Naturaren fenomenoekin lotutako iragarpenak ere izan dira, azkenetako batek Heavens Gate (www.heavensgatetoo.com) sektako kideak beren buruak hiltzera bultzatu zituen eta haien webgunea oraindik sarean dago ikusgai. Psikologoek ezezagunari diogun beldurrarekin lotzen dituzte teoria milenarista eta katastrofista hauek eta gaurkoan natura, iragarpenak eta zenbakiak bilduta, arrazoi franko badute hedatzeko. Gaurko anabasa iragartzen duten teorien bilduma jasotzen dute Britainia Handiko webgune batean (www.eclipse.org.uk). Halabaina, ez dira falta iragarpen horiei trufa egiten dieten guneak (www.cibercerdo.com).
Jabi Zabala.