1999ko ekainak 20, Igandea | Nabigatzen |

Infoviari alternatibak nonahi

Konexio modu berriak

Infovia plusen erreinua amaitu da. Egun, badira hainbat alternatiba nork bere zerbitzariarekin konektatzeko Telefonicaren zerbitzu hau erabili nahi ez duten internautentzat. Monopolioaren egunak amaitua, badira Infoviaren antzeko zerbitzua ematen duten telefono enpresak. Hauetako gehienek gainera, zubiarena egiteaz gain zerbitzariak ere badira, doakoak gainera. Telefonica bera ere doako zerbitzariaren eskaintza egiten dutenen multzora bildu da aste honetan, bere Infovia zerbitzuaz baliatzen diren zerbitzari txikiak kinka larrian ipiniz.

Urtebetean aldaketa handia gertatu da Interneterako sarbidea eskaintzen duten zerbitzarien munduan. Enpresen kontzentrazioa gertatu da eta zerbitzari gehienak telekomunikazio enpresen eskuetara pasatu dira. Gero eta diru gehiago mugitzen du sareak eta telekomunikazioen munduak, eta Espainian Telefono enpresa berrien sorrerarekin batera gertatu da fenomeno hau.

Esaterako, Retevision zerbitzaririk handiena bihurtu zen 1998ko amaiera aldean RedesTB eta Servicom erosita. Pixkat beranduago, aurtengo urtarrilan Arrakis, geratzen zen ISP edo zerbitzaririk handiena BTren eskuetara pasatu zen. Orduan komentatu zen zerbitzari handietan bakarra geratzen zela, Jet arabarra, telekomunikazio enpresen eskuetara pasatu barik. Handik gutxira, CTV valentziarrarekin bildu ondoren Uni2en eskuetara igaro zen.

Gelditzen diren zerbitzariak txikiak edo alternatiboak dira, besteak beste APCko kide diren Pangea, Nodo50 edo Eusnet nafarra. Baina horiek ere konexiorako pasabideak erabiltzen dituzte. Eusnet-en kasuan esanguratsua da Infovia Plus utzita BTren Interpistara igaro direla, Telefonicaren zerbitzuak ematen zuen zerbitzu kaxkarra zela eta. Britainia Handiko konpainiak baditu tokian tokiko nodoak hegoaldeko hiriburu guztietan.

Baina telekomunikazio enpresen joera Interneten diruak barra barra sartzearena izaten ari da, zerbitzariak eta topatzaileak erosiz. Telefono konpainiak zuzenean Interneterako sarbidea ematea da oraingo joera. Euskaltel hasi zen zerbitzu hori eskaintzen eta ondoren besteak sartu dira: Retevision, Uni2, BT, Airtel, Jazztel eta, azkena, Telefonica. Telelineren bidez hasi da doako eskaintza egiten eta horretarako ez da beharrezkoa Telefonicaren bezeroa izatea, noski, Espainiako biztanle gehienak jada Telefoinicaren bezeroak direlako. Villalongaren enpresak eginiko azken mugimenduak modu independientean Infovia Plus-en bidez jarraitzen duten zerbitzari txikiak egoera larrian utzi ditu.

Hala ere, beste joera bat ere badago, zerbitzari independienteak pasarela zerbitzuak baztertuta euren nodoekiko zuzeneko konexioa ematea alegia. Zuzenean nodoarekin konektatuko zaituen telefono zenbakia markatuta ez dago pasabideak erabili beharrik. Deiaren kostua lokala izaten jarraitzeko nork bere inguruan duen zerbitzari batera konektatu behar du, hala ere. Horregatik tokian tokiko nodoak gero eta ugariago dira hegoaldeko hiriburuen inguruetan. Zuzenean zerbitzariarekin konektatzeko joerak desagertzera jo zuen Infoviaren sorrerarekin eta orain berriz izugarri igo da. Esaterako Sarenet enpresak baditu tokian tokiko nodoak Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Doako zerbitzua ematen duten zerbitzari txikiak oso estimatuak dira. Internauta batzuek Urnieta tarifa lauaren paradisua dela eta, Santa Urnieta internauten babeslea sortzea proposatu dute, Urnietatelen bidez bertako biztanleek nahi beste nabiga dezaketelako doan. Kablea beste alternatiba bat da eta laster probatuko dute Baraņaingo biztanleek Retena-ren bidez.

Jazztel-en agerpena
Estrategia berri eta erasokorra duen enpresa bat agertu da azken aldion Interneterako sarbidearen merkatuan. Martin Varsavsky negozio gizon eta jazzzale argentinarrak zuzentzen duen Jazztel enpresak mundu mailako telefono zerbitzua eskaintzen du, Euskaltelek edo Uni2ek egiten duten moduan, baina merkeago. Interneterako doako sarbidea ere eskaintzen du eta eskaintza onak egiten ari da telefono deien tarifetan. Baina Telefonicari min gehien egin diona goi mailako exekutiboen migrazio publikoa izan da, beste enpresetatik alde egindakoak eta batez ere Telefonicatik. Haren erreakzioa doako eskaintza izan da.

Jazztel
www.jazztel.com
Sarenet
www.sarenet.es/
Teleline
www.teleline.es
Euskaltel
www.euskaltel.es
Eusnet
www.eusnet.org
Retena
http://www.retena.es


Laburrak:

.eh domeinuaz

Euskal Herrirako domeinua eskatzeko webguneak badu jada bere domeinua. Azpidirektorioetan galdutako hainbat helbide ezberdinetan izan ostean, Igor Aiestaranen ekimenez sortutako EH online webguneak badu azkenik bere domeinua, ehdomeinua.org helbidean. Eusnet elkartearen laguntzarekin ezarri ahal izan du Aiestarenek bere webgunea domeinu berrian. Bestalde, http2 hasiera duten gezurrezko domeinuen desbideratze zerbitzuaren bidez webguneak .eh helbidearekin jar daitezkeela eta, hainbat lagunek amaiera hori duten domeinuak erregistratu dituzte jada, euren webguneetara bideratuz. Norbaitek euskadi.eh helbidea aktibatu du PP alderdiaren webgunera bideratuta.

EH domeinua
http://www.ehdomeinua.org/
Adibide bitxi bat
http2//euskadi.eh

Eliza online

Azkoitiako parrokiak badu webgune bat sarean iragan azaroaz geroztik. Bertan, astero paperean argitaratzen den aldizkariaren edizio elektronikoa eskaintzen da, edukia eta atalak berberak dira beraz. Iņigo Zubizarreta, Parrokiatik aldizkari elektronikoaren arduradunak Eusko Ikaskuntzaren Euskonews aldizkari elektronikoan azaldu duenez, aldizkari honen bidez munduan zehar sakabanaturik dauden azkoitiarrek beren Parrokiko gorabeherak jaso ditzakete. Webgunearen helburu nagusia da, bere esanetan, Ģkristau herriari zerbitzu bat ematea, eta azken batean, teknologia berri honi ahalik eta etekinik onena ateratzea Ebanjelioaren zerbitzurakoģ.

Azkoitiako parrokia
http://www.geocities.com/Athens/Styx/8688
Euskonews
http://www.euskonews.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner