1999ko ekainak 13, Igandea | Nabigatzen |

Europak sarea kontrolatu nahi du

ENFOPOL proiektua abian

Europako poliziek elkarlanean Internet kontrolatzeko bidea ematen du ENFOPOL proiektu onartu berriak. Mugak gaindituz eta epaileen baimenik gabe sarean zein bestelako telekomunikazioetan entzuketak egitea ahalbidetuko die ENFOPOLek. Honen agerpenak erantzuna izan du pribazitatea eta adierazpen askatasuna defendatzen dituzten elkarteen eskutik.

Iragan maiatzaren zazpian Europako Parlamentuak ENFOPOL (Enforcement Police) proiektua onartu zuen. Telekomunikazioen interzeptaziorako standard batzuk ezartzea da plan honen helburua, haien artean Interneten kontrolarako neurri batzuk badira.

Brusselan jaio zen ENFOPOL1995ean, telefono sistemetan epaileek onartutako entzuketak egin ahal izateko eskakizun teknikoen multzo moduan. Britainia Handiko Statewatch aldizkariak zabaldu zuen orduan 'EU-FBI sistema' izena zuen planak. Atzean EEBBen esku gidaria nabaritzen zen, eurek kontrolatutako mundu mailako sistema global baten proiektua. Baina proiektua hazi zen, telekomunikazio modu berrien hedapenarekin batera, eta 1998an Europako poliziek Internet, satelite bidezko telefonoak eta mugikorrak sartu zituzten planaren barruan.

Dena polizien artean eta sekretupean zeramatela eta, Brusselako parlamentari batzuek, haserre, ENFOPOLen gaineko dokumentu batzuk iragazi zizkieten Alemaniako Telepolis aldizkariari duela zenbait hilabete. Horien arabera, ENFOPOLek sarbidea erraztu nahi die poliziei telefono eta Internet zerbitzuen erabateko kontrolera. Telefono komunikazioak –deia moztu eta gero markatutako zenbakiak ere– eta datuak: IP helbideak, erabiltzailearen identifikazioa, PIN zenbakia, kontu zenbakia, pasahitza, e-posta helbidea, deitzaile zein deiaren jasotzailearen telefono zenbakiak, izen osoa eta helbidea, zerbitzuak ordaintzen diren bankuetako kontu zenbakiak... “Hitz batean laburtzeko: dena”, Telepolis-eko Eric Moechel kazetariak zioenez.

Arau honen arabera, informazio guztia telefono eta Internet eragileek eurek erraztu behar diete poliziei, backdoor edo atzeko ateak eta kontrolerako interface-ak sortuz. Oraingoz, ENFOPOLetik pixkat baztertuta geratu dira kriptografia eta Iridium mundu mailako telefono sistema, baina ez gogo faltagatik. Moechelen arabera, “apurka-apurka joan nahi direlako eta arlo bi hauek zailagoak dira”. Aipamen zehatza egiten da, hala ere, kriptografiaren gainean, kriptografia egotekotan “konfidantzazko hirugarren bat egon behar dela” agertzen da ENFOPOLen agirietan, hirugarren pertsona edo erakunde horrek “gako pribatuak eduki beharko lituzke eta enkriptazio metodoen parametro teknikoak”, hala eskatuta, ENFOPOLen eskuetan jarri ahal izateko.

Europol poliziak koordinatuta, entzuketen xedeak hooligans taldeak, pedofilia kasuak, terrorismoa, droga trafikoa eta barne segurtasuna orohar izango dira. Espainian Estatuko segurtasun indarrak izango dira ENFOPOL proiektura sarbidea izango dutenak. Goardia Zibilak Telefonicarako sarbidea prestatuta baduela onartu zuen berriki bertako Informatika Delituen Brigadako eledunak. Bere esanetan Internet zerbitzariak kontrolatzea izango da euren hurrengo helburua. Konstituzioak ez dira oztopo handiegia izango legez kanpoko entzuketak egiten adituak diren herrialdeentzat. Alemanian eta Suitzan telefono finkoen eta mugikorren entzuketa masiboak egiten direla salatu dute hurrenez hurren Der Spiegel-ek eta Sonntags Zeitung-ek.

Moechelek salatu duenez, ENFOPOLen estalpean edozein delitu eta edozein jarrera izan daiteke espioitzaren xede: “Droga trafikatzaile bat zein webgune iraingarri bat argitaratu duena izan daitezke kontrolatua”. Gainera, bere esanetan, poliziak ezezik beste batzuk ere sartuko dira ENFOPOLen, sistema montatu eta gero. “Esaterako, zerbitzu sekretuak ez dira CIAren pentzura egongo”. Europa mailako inteligentzia erakunde bat sortzea pentsatzen ari direla argitaratu zuen berriki Sunday Times-ek. Estatuen gaindiko sistema honek tokian tokiko legeak gaindituko dituen beldurra dago erabiltzaile elkarteetan. Erabateko kontrolak edozein herritarren jarduerak ikuskatuko duela argi dute Espainiako Fronteras Electrónicas elkartetik. Epaileen baimenik gabe egiteko aukerak eta proiektua sekretupean garatu izanak, gainera, argi uzten dute ENFOPOLen entzuketak “inolako bermerik edo baimenik gabe egingo direla”, FREEren agiri batek salatzen duenez.

FREEren beste agiri batek azaltzen duenez, Europako Parlamentuaren Askatasun Publikoen Batzordeak kontrako iritzia azaldu arren, eta parlamentuko kideen %25ek bozkatu arren, ENFOPOL onartu dute CIU, IU, PP eta PSOEren onespenarekin. Hala ere, Ministroen Kontseiluak erabateko onarpena udagoiena arte atzeratzea deliberatu du, gaiari buruzko eztabaida publikoa eskatuz. FREEk alderdi hauek Espainiako Konstituzioak bermatzen duen komunikazioen sekretua bortxatu dutela eta, bozkatzeko garaian hori kontutan hartzeko eskatu du.

Informazioa Telepolisen
http://www.heise.de/tp/english/special/enfo/6397/1.html

Fronteras Electronicas Espańa
http://www.arnal.es/free/
Electronic Frontiers Foundation
http://www.eff.org

Laburrak:

Ondare dokumentala

Irargi du izena Euskadiko Ondare Dokumentalaren Zentroaren webguneak. Bertan, Eusko Jaurlaritzak agiritegien inguruan ezarririk duen politikari buruzko informazio guztia eta politika hau gauzatzen duten programak ezagutu daitezke. Informazio baliabideak, prestakuntzaren gaineko informazioa, argitalpenen atalean eskaintzen dituzten zerbitzuak eta ondare dokumentalaren zaintzarako irizpideak. Diotenez, laster sareaan eskuragarri izango dira “agiri fondoen inbentario guztiak, nola publikoak hala pribatuak”. Erreprografiaren gaineko atal bat badago eta beste bat loturekin. Webgunea euskaraz dago hasiera-hasieratik nahiz eta edukiak erdaraz jasotzeko aukera ere badagoen.

Irargi
http://www.irargi.org

Info:

Deustuan ikastaro telematikoa

Graduondoko ikastaro bat Interneten bidez emango du datorren ikastaldian Deustuko Unibertsitateak. Iragan ekainaren 3an aurkeztu zen lehendabiziko ikastaldi telematiko hau, berau antolatu duen Hezkuntza Zientzien Institutuan. Ordutegi ezberdinak zituzten ikasle asko izena emanda egoteak eragin du ikastaro hau telematikoki antolatzea, antolatzaileen arabera. Ikasleek ikasgela birtuala dute pantailan eta bertan euren irakurketak ariketak eta probak egin ditzakete. Gai bakoitzaren gaineko dokumentazioa eskura dute, egindako lanak tutorearekin elkarbanatzeko portafolio delakoan gordetzen dituzte eta berarekin e-posta berezi baten bidez komunikatzen dira. Foroak eta bestelako tresnak ere badira momentuz ikasgai bakarra izango duen ikasgela birtual honetan.

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner