1999ko maiatzak 30, Igandea | Nabigatzen |
Sareko argiaren itzala
Argia astekariaren web proiektu handia
Urrats interesgarriak ari da ematen Argia Internet sarean. Berriki, astekariaren edizio elektronikoa online ezarri zuten, beste atal berri batzurekin batean. Hauek guztiak eta zenbait gehiago aurkeztuko dituzte heldu den astean Sareko Argiaren izenpean. Aldizkariaren Lasarteko egoitzara hurbildu gara euskarazko informazioaren gaineko proeiktu handi honen berri zuzena izateko.
Abiapuntu ikusgarria izan zuen Argiak sarean bere elkarrizketa guztiak online jarrita. Ordurarte inoiz euskaraz jarritako material kopururik mardulena, aurretik CD ROM batean argitaratua, denon eskura ipini zuen web nabigaziorako egokituta. Geroztik, hainbat atal berri agertu dira webgunean, Sagardoaren gida, Larrun eztabaidagunea, denda txiki bat, Asisko eta Marko komikigileen Absurde gunea eta beste.
Maiatzan etorri da ordea, bigarren urrats inportantea: paperezko astekariaren edizio elektronikoa plazaratzea. Edukien aukera zabala sareratzen dute astero, astekariaren gehiena, oso gutxi geratzen delarik web-era irauli gabe. Are urrunago doaz Argiakoak, Interneten bakarrik irakur daitezkeen informazioak argitaratzen baitituzte, egunero, Haria izeneko atalean.
Astekariaren zenbaki batean barneratuz gero, zenbaki horretako aurkibidea dakarren frame bat zabalduko zaigu pantailaren ezkerraldean eta eskubikoan informazioa irakurri ahal izango dugu. Aurkibidea gaiaren edo generoaren arabera ikuskatzeko eta beste zenbakietara joateko aukera izango dugu. Artikulu baten izenburuan klik eginez gero segituan agertuko zaigu eskubian. Argiako diagramazio arduradun Berdaitz Goiak azaldu digunez, metodo automatiko berezi baten bidez egokitzen dira paperezko Argiaren informazioak gure nabigatzailean ikus ditzagun.
Argiarekin batera Ametzagaina taldea osatzen duen Adur Software Productions etxeak sortutako bi tresnaren bidez lortzen da testuak era automatizatuan egokitzea: Kapsula eta HTModform. Hasteko, erredaktoreek paperezko aldizkaria egitean zuzenean Compagitest programa erabiliz maketaren gainean idazten dute. Egun maketazioan jada gutxi erabiltzen den sistema honi esker testuei eta beste elementuei kode edo norma batzuk sartzen dizkiete HTMLrako egokitzapen automatikoa ahalbidetzeko. Hemendik UNIXen gainean lan egiten duen zerbitzari batera igortzen dira testuak eta bertan Kapsula programak kode horien araberako indexazioa egiten du. Kapsula programak aplikazio asko ditu datu baseen gestioan eta jada elkarrizketen CD ROMean eta online bertsioan aplikatu dute Argiakoek.
Datu guztiak internet zerbitzarira pasako dira eta handik HTModform programak HTML itxurarekin zerbitzatuko dizkigu nabigatzailearekin eskatzen ditugun aldiro. Hala dirudien arren, Argiaren zenbaki batean nabigatzen ari garenean ez gara zuzenean HTML artxiboak ikuskatzen ari, aldez aurretik diseinaturiko plantilla baten gainean programak momentuan elkartzen dizkigun elementuen multzoa baizik. «Azkar egiten du, argazkitxo bat kenduta bestea testu hutsa delako», argitu digu Goiak.
Pello Zubiria Argiako zuzendariak aitortu digunez, automatizazio hori gabe «ezinezkoa litzateke» astekariaren bertsio digitala egitea, «lan gehiegi eskatuko lukeelako eta gu langile gutxi gara». Hala ere, Euskal Kulturaren Haria izeneko eguneroko berripaper elekronikoa eskuz egiten da, Argiaren urtekarirako biltzen diren hainbat berri e-postaz bidaltzeko moldatuz. Argiaren webgunean izena emanda, nahi duenak etxean jaso dezake egunero.
Aste honetan berri gehiago
Maiatzan emandakoa urrats handia izanik ere, ekainean ez da geldituko honen guztiaren erdian dagoen asmo nagusia: euskal komunikabide digital bat sortzea. Sareko Argia izango denaren ardatza aldizkaria izan arren, badira oraindik argitaratu ez diren beste elementu batzuk.
Datorren astean aurkeztuko direnetan orrialde nagusi berri bat dago, eduki berrietara sarbidea emango duena. Aurkibidea izeneko atal berriak euskal kulturaren agenda ordezkatuko du Interneten eta, astero berrituta, internautek ez dute urtarrila arte itxaron beharko berau erabiltzeko. Euskal kulturaren aurkibide hau ingelesez ere egongo da gure kulturara hurbildu nahi duten internautentzat. Beste berritasun bat Gotzon Garateren atsotitzen bilduma ederra izango da. Latinez, ingelesez, gaztelaniaz eta euskaraz dauden milaka atsotiz online egongo dira egun gutxi barru. Horiek ere Kapsula softwarearen aplikazio bat dira eta egokitzeko besteak beste Kapsularen egile eta ASPko kide diren Josu Landa, Simeon Barroso, Xabier Telleria eta Joseja Oiarbideren lana aipa daiteke.
Hala ere, hor ez da geldituko Sareko Argiaren hazkundea eta, udazkena aldera, www osoan euskaraz dauden edukien bilaketarako tresna indartsu bat jartzeko asmoa daukate. Beraz, kasu Argiaren webguneari.
http://www.ametza.com/
http://www.argia.com
http://www.adur.com/
laburrak:
Ataria eta Peoria
Iragarpenean NABIGATZEN astebete aurreratu bazen ere, iragan astean aurkeztu zen Eibarnauten Peoria izeneko portala, lehendabiziko euskal portal lokala. Bertan, guk iragarritako materixala atala eta beste batzuk badaude, Eibarren gainean sarean topa daitezkeen beste jakingarriekin batera. Tartean Luistxo Fernandez atal honetako arduradun ohiak eta beste batzuek kudeatzen duten Eibartarrak posta zerrendatik abiatu zen ekimen hau, «erdi seriotan, erdi brometan, inongo dirulaguntza edo gasturik gabe», Fernandezek adierazi digunez. Bere esanetan, «kontua medioaren aukerak esploratzea da». Baina ez da joera isolatu bat edo euskaldunon ohiko joera baten ondorio, dirudienez, gure portalek eremu lokalerantz jotzearena.
Duela hilabete batzuk agertu zen portalaren kontzeptuak aldaketa nabariak izan ditu tarte honetan. Hasiera batean bazirudien ezinbestez mundu mailakoak izan behar zutela portalek, milioika bisitarirekin. Gaikako portalen agerpenak hori ezeztatu du, baita orain lerrootara dakargun Ataria euskal portalaren agerpenak. Ekimen xumea da Emilio Perezen eskutik datorren hau, baina ideia bezala besteen buruetan dabilen kontzeptua da, ez bakarrik Eibarko Peoria amateurraren oinarrian, Canal 21 erraldoi komertzialaren oinarrian dagoen kontzeptua horixe baita.
Informatikaria da Emilio Perez ofizioz eta gaikako webguneak sortzea du afizio. Besteak beste kirolak.com, jaiak.net eta Langai zerbitzuaren webgunea sortu ditu.
Eibarnauten Peoria
http://surf.to/eibar
Ataria
www.ataria.com