1999ko maiatzak 9, Igandea | Nabigatzen |
Aitorpen telematikoak
Errentaren aitorpena Interneten bidez
Errentaren aitorpena egiteko garaian gaudela eta, hainbat zerbitzu eskaintzen dute hegoaldeko lau diputazioek horretarako. Banku eta kutxen bidez egitea modu bat da, baina Interneten aroan gaudela eta, prozesuaren zati batzuk telematikoki egiteko aukera eskaintzen dute jada lau instituzioek.
Oraindik ez dago prozedura guztiak sarearen bidez egiteko modurik, ez baita aurkitu erabateko programa edo soluzioa. Gainera, diputazio bakoitzak programa ezberdinak eskaintzen ditu, dokumentuak formato ezberdinetan daude eta. Bestalde, hizkuntzari ere trataera ezberdina ematen zaio instituzio bakoitzean.
Esaterako, aitorpena etxetik egin nahi duen internauta arabar euskaldunak guztiz erdaraz dagoen Diputazioaren orrialde nagusian euskararen ikurtxoa sakatu beharko du bere hizkuntzara pasatzeko. Bertan, errenta dioen aukera sakatuta, errentaren gaineko menua agertuko zaigu. Halabaina, hortik abiatzen diren aukera guztiak ez ditugu Aitorren hizkuntzan aurkituko. Erderaz dauden eredu-inprimakiak PDF formatoan jaitsi ahal ditugu, Acrobat Reader programarekin irakurtzeko.
Simulazio programa eskatuz gero menuaren erdal bertsiora bideratuko gaitu. Bertan bai, aukera daiteke simulazioa. Errentaren simulazioa, errenta faltsua egiten duen programa baliagarria da. Nork bere ordenagailura jaitsi eta bertan instalatu daiteke. Hau eta beste diputazioetatik eskuragarri dauden programak Windowserako daude soilik eta autoexekutagarriak dira.
Bizkaiko Aldundiaren webgunean sartuz gero, gure nabigatzailea segituan, automatikoki eta ezinbestez erdal orrialde batera bideratuko gaitu. Makina bat aukera dituen gaztelaniazko menu bat ageriko da. Klik batzuren ostean euskal bertsioa aurrean izango dugu eta hor aukera guztiak euskaraz daude ikusgai. Programa baten bidez aukera dugu aitorpenerako inprimakiak gure ordenagailuan jasotzeko. Berauek bete eta inprimatu behar ditugu, baina ondoren inprimakiak diputazioari helarazi behar zaizkio. Beste aukera bat aitorpen telematikoa bidaltzea da. Horretarako aldez aurretik identifikatzailea eta pasahitza eman behar dizkigute.
Antzeko aukera aurkituko dugu Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunean. Bizkaian telematikoki pertsona fisikoen errentaren aitorpena bakarrik egin daitekeen bitartean, Gipuzkoan bestelako zerga batzuk ere telematikoki deklara daitezke. Osorik euskaraz dagoen webgunetik errentaren deklarazioa egiteko programa jaitsi daiteke. Bete ondoren, deklarazioa bidaltzeko aukera dute erabiltzaile baimenduek, PGP enkriptazio programa erabilita. Baina programaren gaineko arreta zerbitzutik azaldu digutenez, ondoren, egiaztagiriak eta bestelako paperak aurkeztu behar dira, Bizkaian bezala.
Amaitzeko, Nafarroako kasua aipatuko dugu. Hemen ez dago aitorpena telematikoki ematerik, baina berau ordenagailuan betetzeko programa bat jaisteko aukera dago. Pertsona fisikoen errenta arautzen duen legea PDF formatoan jaitsi dezakegu. Nafarroako Gobernuaren webgune osoa bezalaxe, programa zein PDF artxiboak erdaraz daude eta, beraz, ez dago euskara aukeratzerik. Izan ere, nafar internauta euskaldunak ez du gure hizkuntzaren zidurririk txikiena aurkituko webgune ofizial honetan.
Foru Aldundiak
Araba
http://dfa.jet.es
Bizkaia
http://www.bizkaia.net/
Gipuzkoa
http://www.gipuzkoa.net
Nafarroa
http://www.cfnavarra.es
Info: Hackerrak eta birusak hedatzen
Hackerren eta birusen ehiza
Sarearen bidez lapurretan egin daitekeela edo, besterik gabe, lagun hurkoari kalte egin dakiokela argi geratu da azken aldion. Hiru izen ageri dira azken hilabetean honekin harremanetan: Kevin Mitnick hacker mitikoa kondenatu zuten hainbat iruzur egiteagatik. Ezarri dioten kondenak dioenez, urtebeteren buruan gartzelatik irten arren ezin izango du ordenagailurik ikutu. Bestalde, birusa sortu, hedatu eta berehala Melissaren ustezko egilea harrapatu zuten apirilaren 2an. David Smith du izena eta New Jerseyko programatzaile bat da. Fidantza ordainduta baldintzapeko askatasuna lortu du baina hamar urteko zigorra eta 480.000 dolarreko isuna eskatzen du fiskalak bere kontra.
Zerrenda honetako azken izena, berriena, Chen Ing-Hau izan da. Taiwaneko 24 urteko informatikaria ustez CIH-Chernobyl birusaren egilea da. Milaka ordenagailuren disko gogorrak hondatu zituen birus honek iragan apirilaren 26an. Hala ere, Taiwango legeetan arlo honetan dauden hutsuneak direla eta, momentuz libre dago Ing-Hau.
Laburrak:
Bilboko metroa
Metro Bilbaok ezarri duen webgunean haren gaineko jakingarriak eskaintzen dira. Webgunea osorik ez badago ere, informazio guztia gure hizkuntzan jasotzeko aukera badago. Besteak beste Metroberri aldizkaria, prentsa oharrak, ordutegiak eta tarifak ikusi ahal dira bertan. Beste atal batean alderdi teknikoak, geltokien eta trenen gaineko informazio teknikoa dago. Internautarentzat nabigazioa geldotzen duten grafiko astun xamarrak ere badaude.
Metro Bilbao
http://www.metrobilbao.net
Boltxevike eta Amara Gorria
Bilboko eta Donostiako gorriek badituzte euren guneak sarean. Alde batetik, Bilbaoweb zerbitzarian aurki dezakegu Boltxevike aldizkaria. Bere burua "intelektualki bortitza" bezala definitzen duen argitarapena da eta Bilbo aldeko gorri talde batek egiten du. Donostiako Amaratik komunismoaren alde egiten du ere Amara Gorria webguneak. Bertan, 1936ko uztailan Donostian gertatutako gatazka oroitzeaz gain Felix Dzerzinsky komisario politiko stalinistaren gorazarre egiten dute.
Boltxevike
http://www.bilbaoweb.com/boltxe/
Amara Gorria
http://members.xoom.com/AmaraGorria/
Eta Kitto! online
Eibarko euskara elkarte honek webgunea ireki du Interneten. Ez dago momentuz guztiz osaturik baina oinarrizko hainbat gauza badakartza. Elkartearen gaineko azalpenak eta bazkide izateko informazioa datoz Eta Kittoren txokoan. Horretaz gain, izen bereko aldizkariaren edizio digital laburtua ere badakar webguneak. Aukeratutako artikulu eta elkarrizketa batzuk aurki daitezke aldizkariaren atalean. Honekin lotuta dago Euskara Lan Mundura kanpainaren webgunea, elkarte berak sustatua.
Eta Kitto!
www.jalgi.com/topagunea/etakitto/
Euskara lan mundura
http://web.jet.es/alberto-u/