1999ko apirilak 25, Igandea | Nabigatzen |

Unibertsitatera etxetik irten gabe

EHUko Campus Birtuala

Hainbat ikasgai Interneten bidez etxetik egin ahal izateko aukera eman du aurten, estrainekoz, Euskal Herriko Unibertsitateak. Kataluniako UOCen ereduari jarraituz, ikaragarri haziko den joera baten lehen urratsak dira hauek.

Aurten, proba moduan, 160 inguru ikasle Campus Birtualean ikasten ari dira. Ez dira klasera joaten, hau irakaskuntza ez presentziala delako, baina hezkuntzaren kalitatea ohikoarena bezainbatekoa edo hobeagoa izatea da sistema honen xedea. Kontua telematikak eskaintzen dituen baliabideak erabiltzea da, kontaktu fisikoaren abantailak galdu gabe.

Bere identifikazioa eta pasahitza sartuta Interneten bidez etxetik edo munduko edozein bazterretik campus birtualera sartzen dena zuzenean bere ikasgelara sartzen da. Ikasgai bakoitzaren gaiak, irakaskuntza planak, lanak, azterketak, emaitzak... Bere expedientearen kontrola izaten du ikasleak unean unean. Berari zuzendutako mezuak irakur ditzake, baita edozein irakasleri galderak edo kontsultak egin.. Campus honetako taberna birtualan berriz, denbora errealean chat edo berriketa egin dezake irakasle eta ikaskideekin.

Katalunian gai honetan aitzindaria izan den Universitat Oberta de Catalunya (UOC) unibertsitate telematikoak sortu zuen estatuko lehendabiziko unibertsitate birtuala. Geroztik, irakaskuntza modu berri hau probatu nahi izan duten beste unibertsitateek haren eredua jarraitu dute, UOCekin lankidetza hitzarmenak sinatuta. Horixe da EHUren kasua ere eta, horregatik Kataluniakoaren antzeko egitura du EAEko campus birtualak. Hala ere, Campus honen alderdi teknikoaz arduratzen den Manuel Benito irakasleak azaldu digunez, «datorren ikasturtean campusaren egitura EHUren beharretara egokituko dugu, gauza berriak ipiniz eta behar ez ditugunak kenduz». Egitura bera egokitu zuen iaz UOCek Ikastolen Elkartearen barne erabilerarako eta, hura bezala, fisikoki EHUko campus birtuala ere momentuz UOCen zerbitzarian dago. Alderdi teknikoez Benito eta berarekin EHUko Hezkuntz Zientzien Institutuan dabiltzanak arduratzen diren bitartean, Iñaki Goirizelaia Enpresarekiko Harremanetarako Errektoreordearen agintepean dago proiektua.

Sistema honek dituen abantailak aipatzean Benitoren iritziz garrantzitsuena «denboraren eta espazioaren mugak apurtzen direla» da. Ez da beharrezkoa ez batean, ez bestean bat egitea, ohiko unibertsitatean ere zaila izaten den gauza bat. «Irakaslea bere bulegoan aurkitzen ez badugu ere, badakigu gehienez 24 orduren buruan gurekin kontaktuan jarriko dela». Gainera, tratua ez da guztiz telematikoa: «Noizik behin aurpegiak ikustea komeni da», dio irakasleak, «horregatik telesolasaldiak egin ditugu horretarako Bilbon, Leioan, Donostian eta Gasteizen ditugun 4 egoitzak bilduz». EHUk lau leku hauek lotzen dituen zuntz optikoko barne sarea du.

Alternatiba serioa
Proba gisa eskaini diren hiru ikasgaiak egiteko guztira 6 talde sortu dira aurten, denen artean 160 inguru ikasle bilduta. Irakaskuntza modu berri honengatik dagoen interesaren erakuslea da izena eman arren kanpoan geratu den jende mordoa. Aukera libreko ikasgaiak izan dira, zuzenbide, ingeniaritza eta ekonomiako bana. Esperientzia laster amaituko da, maiatzan, baina Benitok adierazi digunez, datorren kurtsoan ikasle gehiagori ikasgai gehiago eta modu egokiagoan eskaintzeko bidean dago EHU. Izan ere, sistema honek duen beste abantaila bat ikasgaiak beste unibertsitateekin trukatzeko erraztasuna da eta, tartean Nafarroako Unibertsitate Publikoa dela Espainiako zazpi unibertsitateren artean sinatu berri duten akordioaren arabera, horixe egingo dute. Bakoitzak ikasgai bat kudeatuko du, esaterako EHUk C programazioaren oinarriak izenekoa, beste zentruetako ikasleei eskainiz. Horri EHUk eskainiko dituen 10 ikasgaiak eta atzerriko irakasleren batek eskainiko duen beste bat gehitu behar zaizkio. Orduan aurreikusita dauden 600 ikasleak proiektua oso seriotan hartzeko moduko «masa kritikoa» izango dira Benitoren esanetan eta, denborarekin campus birtuala «oraingoa bezain inportantea izango den eskaintza paraleloa bihurtuko da».

Euskal Herriko Unibertsitatea
http://www.ehu.es

Universitat Oberta de Catalunya
www.uoc.es/


LABURRAK


Lizarra-Garazi sarean
Lizarra-Garaziko hitzarmenak bere domeinua eta webgunea ezarri ditu ziberespazioan. Akordioaren berri emateko eta haren inguruko jakingarri nagusiak emateko xedearekin ipini dute sarean diseinu ikusgarriko webgune hau. Esan bezala, diseinua oso aurreratua da eta HTML lengoaiaren baliabideak erabiltzen ditu, zerutik jaisten dela dirudien menu interaktibo baten bidez. Edukien aldetik aldiz, nabaria da ingelesezko eta frantsesezko bertsioak falta direla.

Lizarra-Garaziko hitzarmena
http://www.lizarra-garazi.org


Euskal Kultur Erakundea
Iparraldeko kultur elkarte hau lehenagotik sarean bazegoen ere, oraingoan, zerbitzari birtualen hedapenarekin beste askok egin duten bezala domeinu izen propioarekin ageri da EKE. Uztaritzeko elkarte honek oso diseinu txukuna duen webgunea aurkezten digu, Caroline Philipsen lantaldeak egina. Hala ere, bertan informazioak du lehentasuna irudiaren gainetik eta dena euskaraz, ingelesez, gaztelaniaz eta frantsesez eskaintzen da.

Euskal Kultur Erakundea
http://www.eke.org


Mormoien artxiboa
Mormoien elizak urte askotxo eman ditu mundu osoko artxibo genealogikorik handiena biltzen. Euren sinismenen arabera, beharrezkoa da gizaki guztien datuak nonbait gordetzea inoiz zerura igoko badira. Horregatik izugarrizko bilketa, mikrofilmatze eta digitalizazio prozesua egin dute mundu osoan 3.200 bulegoren bidez. Miloika batzuk datu baseetan dituzte jada eta zati bat Interneterako egokitu dute. Egin ezazu proba bat zure izen-abizenak sartuta eta agian harrituko zaitu emaitzak.

Family Search
http://www.familysearch.org/

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner