1999ko apirilak 11, Igandea | Nabigatzen |

MP3, musikaren iraultza Interneten

Soinua konprimitu kalitatea kaltetu gabe

Azken hilabeteotan sarean zabaldu den soinu konpresio formatoak musikaren industria asaldatu du. Konpresio maila oso handiak lortu arren, formato honetan jarritako artxiboek CD kalitatea izan dezakete guk entzutean. Horregatik, artxiboen –abestien– tamainua hain txikia izanik abestiak sarearen bidez trukatu, hedatu, saldu eta eman egiten dira, askotan copyright legeak hautsiz.

CD batetik abesti bat atera eta trinkotu gabe ohiko audio formatu batean gordetzen badugu –AIFF, WAV edo AU esaterako– dexente okupatuko du disko gogorrean, hamar Megabyte minutu bakoitzeko. Tamainu hori hamar aldiz egiten du .mp3 formatoan trinkotzeak, printzipioz CD stereo kalitatean inolako urradurarik sortu gabe. Are txikiago ere bihur daitezke artxiboak baina kalitatearen kalterako.

Konpresio ratio-a deritzaio bit-etan neurtzen den trinkotze mailari. Audio artxiboak trinkotzeko modu honek datuetatik gizakiak entzuten ez dituen hainbat datu baztertu egiten ditu. Ondoren, gure belarriak egingo lukeennaren moduko aukeraketa bat egiten du. Horrela, programa egokiarekin konprimitutako artxiboan gure belarriak ez du aldaketa handirik somatuko kalitatean, 1:10 128kbps aukeraketa frekuentzian behinik behin. MPEG layer 3 (.mp3) sortu arte trinkotze mailak txikiagoak ziren layer 2 izenekoarekin.

Honek esan nahi du hiru minutuko abesti batek 3 Megabyteko tamainua izango duela. Abesti banaka batzuk ftp bidez hartzea edo munduko bazter batetik bestera e-posta erabiliz bidaltzea ez da oso zaila izango. Badira jada makina bat abesti dohainik jaisteko aukera ematen duten webguneak, horrela nork bere gustoko abestien bilduma osa dezake abestiz abesti eta diskoak erosi behar izan gabe. Horrek sumindu ditu diska etxeak, euren negozioarentzat mehatxu handia baita.

Arazoa are larriagoa bihurtu da haientzat, mp3 mirakulutsua beste euskarri askotan bana daitekeela ikusita. Adibidez, mp3 hauek entzuteko edo nork bereak egiteko nahikoa da debalde jaitsi daitezkeen programa batzuk erabiltzea. Gure ordenagailuan CDa sartuta, nahi dugun abestia molda dezakegu eta ondoren mp3 bihurtu. formato horretan grabatutako abestiez osatutako CD bat grabatu dezakegu. Musika CD arrunt batean 74 minutu sar daitezkeela kontuan hartuta, mp3 formatoan 740 minutu sar daitezke, 12 ordu.

Formato berriak kalitatezko abestiak kontrolik gabe hedatzea errazten duenez, polemika piztu da egileen eskubideak direla eta. Enpresa batek, Diamond-ek, mp3ak ordenagailu barik entzuteko aparailu eramangarri bat atera zuenean salaketa ezarri zioten hainbat disketxek. Epaiak, aldiz, Diamond-i eman zion arrazoia softwarea eta aparailuak egitea ez dela delitua, baimenik gabeko kopiaketa egitea baizik. Hori zigorgarria balitz, grabatzeko audio zinta arruntak ere debekatu beharko lirateke argudio bera jarraituta, baita CD grabagailuak eta Minidisc-ak.

Duela aste batzuk orrialde honetan egile eskubideen gainean idatzi zuen Javier Diaz Nocik adierazi zuenez, Interneten nazioartekotasuna eskubide horiek eta noski, horiei dagozkien irabaziak ere, bermatzea eragozten dute, erraztasun teknologikoek arazoa biderkatzen duten bitartean. Sarean harat-honat dabilen musikaren gehiena pirata da. Horregatik Espainiako SGAE erakundeak robot bat abian jarri du sarean .mp3 amaiera duten artxibo guztiak bilatu eta ondoren baimenik gabe banatzen ari direnak salateko. Baina ahalegin hori Interneteko ozeanoan harri koxkor bat botatzea da. Legeen aldetik ezer gutxi egin daiteke eta. Alde batetik, erraza da artxiboa robot horrengandik izkutatzea, .mp3 barik .gif jarrita. Bestetik 384.000 webgune aurkitu ditu jada eta zaila izango du denak salatzea.

Portalen ondoren sarearen bigarren fenomeno handia da mp3 formatoa. Diamond-en ostean beste enpresa batzuk hasi dira horretarako aparailuak egiten eta sarean Goodnoise, Mp3.com, Music Matc eta Platinum webgune-banatzaileak oso indartsu daude musika dohainik banatzen.

Gure ordenagailuarekin ere Kodifikatzeko, hau da, CDtik atera dugun musika .mp3 bihurtzeko programa batzuk badira. Lehendabizi, shareware edo freeware izan daitekeen programa batekin abestiak ordenagailura pasatuko ditugu eta ondoren mp3 bihurtu. Honetarako Windows-en erabiltzaileek MusicMatch Jukebox erabil dezakete, saretik jaitsi ondoren. Power Mac bat badaukagu ere egin ditzakegu mp3-ak 30 dolar kostatzen den AudioCatalyst 1.0 edo doako Mpecker Encoder erabiliz.

Abestiak jaisteko
http://www.mp3.com
http://www.goodnoise.com/
Windowserako MusicMatc
http://www.musicmatch.com
Mac-erako Mpecker
http://www.anime.net/~go/mpeckers.html
www.audiocatalyst.com

Entzuteko
http://winamp.lh.net/
http://www.macamp.com

Doako programa gehiago
http://tucows.arrakis.es/


LABURRAK

Txakurren txipa
Txakur galdurik aurkitu baduzu datu base honetan jabearekin harremanetan jartzeko bidea aurkituko duzu. Txiparen zenbakia jarrita, gutxienez txakurra erroldatuta dagoen herria eta bertako udal zerbitzuen telefonoa aurkituko dituzu. Orrialde hau erdaraz dago, Nekanet webgunearen barruan. Nekaneten hasierako orrialdeak Cervantesen hizkuntzan dioenez, euskal nekazaritzaren gunea da berau.

Censo Canino
http://www.nekanet.net/censocanino/

B92 eta MedTV
Zentsuratutako komunikabideek Interneten aurkitu dute adierazpide librea. Horixe gertatu zen iazko udan Egin egunkariaren itxieraren ondoren eta horixe ari da gertatzen orain beste bi komunikabiderekin. Iragan martxoaren 24an Beograd-eko B92 irratia ixteko agindu zuten serbiar agintariek. Zuzendaria atxilotu eta irrati aparailuak kendu arren, emisioek jarraitzen dute Interneten RealAudio sistemaren bidez. Milosevic-en gobernuarekiko jarrera kritikoa agertu du askotan irrati honek. MedTV telebista kurdoaren emisioak ere eten zituen Britainia Handiko gobernuak martxoaren 22an, biolentziaren alde egiten zuela argudiatuta. Emisioek ez baina MedTVk bere webgunean bizirik jarraitzen du.

MedTV
http://www.ib.be/med/med-tv/medhome.htm
Radio B92 online
http://www.b92.net/

Korrikaren emisioa
Atsekabez hartuko zuen internautak Korrikaren zuzeneko emisioak iragarri bezala hartu ez izana. Hasierako ekitaldia ezin izan zen ikusi arazo teknikoak zirela eta. Korrikan zehar irudi bakan batzuk izan ziren eta bakarrik azken egunean ikusi ahal izan zen zerbait, soinurik entzuten ez bazen ere.

Korrikaren irudiak
www.directodirecto.com/korrika

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner