1999ko martxoak 7, Igandea | Nabigatzen |

Galizieraz eta katalanez nabigatzeko tresnak

XIS eta El Navegador

Interneten euskaldunok, hamaikagarrenez, berandu gabiltza. Domeinuaren eskakizunak, Vieiros eta Vilaweb eta beste hainbat adibide aipatu ditugu orain artean. Oraingoan ere, nabigatzaileen kontuarekin, internauta eta informatikari euskaldunen gabeziak agerian geratzen dira besteekiko konparaketatik.

Galiziarrek diotenez, botar un xis gauza bat aztertzea da, balio duen ikusteko. Horregatik izen hori ezarri diote beren nabigatzaileari, Navigator programaren galizierazko bertsioari. Sarean dago jada Communicator 4.5. multzo osoaren galiziar baliokidea. Momentuz Windowserako bertsioan dago baina Mac-erako ere egin nahi dute.

Bertsio bera, Netscaperen azkenekoa, katalaneraz ere badago. El Navegador izenarekin urtarrilaren 14an internauta guztien eskura jarri zenetik izugarrizko arrakasta ukan du, azaroan online ezarri zuten bertsioak bezala, baina honek nabigatzailea ezezik editorea, berri taldeak eta e-posta programa dakartza, denak batean bildurik. Arrakasta horren erakusgarri, Vilaweb bisitatzen duten internauten %28k El Navegador erabiltzen dute, eta Explorer nabigatzailearen katalan bertsioa soilik %1,9k.

Izan ere, badira euskaraz zein katalaneraz Explorer programaren bertsioak, Windows paketearekin baitatoz. Baina Netscape eta bere bertsioak libreak eta doakoak dira, enpresak programaren kodeak denen eskura jarri zituenetik. Microsoften konpetentziari aurre egiteko, Netscapek munduko informatikari guztien esku jarri zituen, Mozilla izeneko webgunean, denen artean garatu eta hobetu daitezen. Mozillako proiektuetarik bat 15 hizkuntza txikitara itzultzea da, tartean galiziera, asturiera, katalanera eta euskara. Mozillako gunean diotenez, euskararen bertsioa Jason T. Corey-ren eskuetan dago, oraindik plangintzaren fasean.

Softcatala irabazi asmorik gabeko elkartea da, informatikan katalaneraren normalizazioa helburu duena. Navigator eta Communicator itzultzea izan da eskuartean darabiltzan proiektuetan sonatuena baina ez bakarra. Galizian ere, beste proiekturik badute. Esaterako, XIS garatzen ari den talde berean gaztelania-galiziera itzultzaile interaktibo baten garapenean dabil Roberto Abralde argentinarra. Proxecto Rianxo izena du lan honek eta Java programazio hizkuntzan garatzen ari dira.

XIS
http://xis.vieiros.com
El Navegador
http://www.softcatala.org
Jason T. Corey (euskarazko bertsioa)
flarep@wandoo.fr,ikas-bi@wanadoo.fr
Mozilla
http://www.mozilla.org
Proxecto Rianxo
http://www.geocities.com/Athens/Aegean/7229/

info: Webgune nagusi berritua EHUn

EHUn antolaketa eta euskara gutxi

EAEko unibertsitate publikoak bere webgunean diseinu aldaketa batzuk egin ditu, baina orrialde honetan inoiz plazaratu den kezkari ez zaio konponbiderik aurkitu oraindik. Aspaldion EHUko ikastegi askotan sail, irakasle eta ikasle zenbaitek, bakoitza bere aldetik, webguneak sortzen dabiltza. Batzuek ikerketarako baliagarria izan daitekeen informazio mamitsua dute, beste batzuek gaurkotasuna eskaintzen dute... Era guztietako guneak daude EHUko ikastegietan eta denak, unibertsitatearen ikurrak –Txillidaren arbolak– irudikatzen duen bezala, ‘www.ehu.es’ enborretik hasten dira.
Baina enbor horren sarreran ez dago adar guztiak ikusteko modurik. Ez dago ikastegi guztiak eta bertan dauden webguneak jasotzen dituen erabateko direktoriorik.

Euskararen arloan ere ez du aurrerapen handirik egin EHUk. Orrialde nagusian euskara aukeratuz gero, goikaldean Pagina principal dioen aurkibidea agertuko zaigu. Izugarri tardatzen du behera kargatzeko, irudiz osatutako menua delako, hau da, testuak irudien barruan daude eta horregatik kargak irauten du horrenbeste. Bertan, aukerak eginez gero, gehienetan erdal orrialdeetara pasatuko gaituzte, guk aukeratutakoa euskaraz ez dagoelako. Bestela litekeena 404 not found abisuetako bat agertzea aukera gehienetan edo erdarazko en construccion abisua.

Euskal Herriko Unibertsitatea
http://www.ehu.es/

Laburrak:

Sagardoa Argian
Sagardotegien garai amaitu baino lehen Argiak sarean ipini duen gune batera bisita egitea komeni da. Bertan, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez, sagardoaren historia azaltzen da, sagardo motak eta haren presentzia munduko kultura ezberdinetan. Euskal Herriko sagardotegien direktorioa dago, helbide eta bestelako jakingarriekin eta, loturen atalan, sarean edari honen gainean dauden webguneak, mundu osoko hainbat herrialdetakoak.

Sagardoa
http://www.argia.com/sagardoa

Txipio Bai

Txipio Bai Barrika, Gorliz eta Plentziako Itsasadarra eta Hondartzen defentsarako Elkarte Naturalistak webgune bat zabaldu du. Taldearen berri ematen dute bertan, egindako eta egitekoen azalpenarekin batera. Kirol portu baten aurka egiteko jaio zen 1992an kolektibo hau eta, azkenik, proiektua geldiaraztea lortu zuten. Orduz gero, Barrika, Gorliz eta Plentziako itxasadarra, hondartzak, padurak, uhartea eta labarrak defendatzeko xedez hainbat ekimen antolatu dituzte.

Txipio Bai
http://www.geocities.com/RainForest/Jungle/3575

Realaren gune berria

Domeinuen kontuaren garrantziaz ohartuta, Real Sociedad futbol taldeak bere gunea lekuz aldatu du. Lehenago EAJ eta EA alderdiek egin zuten bezala, .es domeinuan zuten gunea orain .com domeinupean ezarri dute. Realaren kasuan, kokapena ‘politikoki zuzena’ bihurtzeaz gain, diseinua eraberritzeko baliatu dute aldaketa. Real sisteman bideo bat eta taldearen himnoa eskaintzeaz gain, hainbat atal eskaintzen du webguneak, besteak beste bazkideak online egiteko aukera.

Real Sociedad
http://www.realsociedad.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner