1999ko otsailak 28, Igandea | Nabigatzen |
.eh domeinuaren bila
Euskal domeinua lortzeko kanpaina abiatzear
Euskal Herriarentzako goi mailako domeinua lortzeko xedez, duela hilabete batzuk EH Online izeneko webgunea jarri zuen sarean Igor Aiestaran internauta euskaldunak. Orain, webgunea berritzearekin batera kanpaina bat abiatu nahi du ekimen xume eta indibidual hori mugimendu kolektibo indartsua bihurtzeko. Bere helburua Euskal Herrian erregistratutako domeinuen izenek .es edo .fr amaiera izan beharrean .eh erabili ahal izatea.
Euskal Herriak munduan nazio moduan agertzeko zailtasunak ditu baina ahalegina egiteko prest dagoen jendea eduki behar du, bultzagile lana egingo duena. Besteak beste, pilotan, futbolan eta surf-an bada lan horretan dabilen kolektiborik. Interneten Igor Aiestaran dugu lan honetan aitzindaria. Bere asmoa, ordea, lan horretan bakarrik ez gelditzea da eta horregatik gure orrialde honen bidez deialdi zabala egin nahi du, lan horretan laguntzeko prest dagoen jendea biltzeko.
Duela ia bi urte Nabigatzen atal honetan agertu zen Igor Aiestaran gazte gipuzkoarra. Orduan, lehendabiziko IRC berriketa kanal euskalduna sortu zuen, #euskara izenekoa, 17 urte zituela. Oraingoan euskal internauten talde bat bildu nahi du .eh izena lortzeko. Unibertsitateko azterketen tartea igarota, aurrekanpainaren abiapuntu moduan edo, egunotan EHonline bere orrialdea eraberritzea erabaki du diseinu aldetik, edukinean gauza berri gutxi sartzeko aukera izan duelako.
Interneten goi mailako domeinu izenak arautzen dituen IANA erakundeak erabakitzen du zeintzuk diren erabil daitezkeen izenak goi mailako domeinuetarako. Baina horretarako erabiltzen duen irizpide bakarra aldagaitza den ISO 3166 zerrenda da. Zerrenda horretan munduko estatu guztiak agertzen dira, baita estatu ez diren hainbat lurralde, Gibraltar eta Faroe irlak esaterako. Hortaz, printzipioz, presioa egin beharko litzateke ISO nazioarteko erakundearen gainean, Euskal Herria zerrendan sartzea baimendu dezan. Hori ezinezkoa ikusten du Aiestaranek, “zerrenda horretan sartzeko Europako Batasuna izaten ari den zailtasunak ikusita”.
Gainera, ISO 3166 zerrendaren arabera, .eh domeinua esleituta dago jada, Mendebaldeko Saharari baitagokio. Hala ere, dirudienaren kontra, horrek esperantzarako arrazoirik ematen digu Igorren esanetan, “sahararrekin akordio batera helduz gero eskuragarriagoa litzatekeelako”. Izan ere, izan dira euren domeinua erabiltzeko eskubideak beste norbaiti saldu edo alokatu dizkioten lurralde batzuk. Baina horretarako aktibaturik egon behar dute eta .eh esleiturik egon arren ez du IANAk aktibatuko “Saharan egoera egonkortu arte”, erakunde horrek dioenez.
Igor Aiestaranen lehendabiziko ekimena posta zerrenda bat osatzea izango da. Horregatik bere gunera jo eta zerrendan sartzeko e-posta helbidea eman behar dute bertan internautek. Orain arte izena eman dutenen helbide batzuk galdu dituela eta, egunotan bere mezurik jasotzen ez duenak berriro helbidea eman dezan eskatu du Igorrek. Bere iritziz, bere gunea eta zerrenda hori abiapuntuak izan daitezke: “Lehenengo pausua izan behar dute gai honi bulzada emateko”.
Hurrengo urratsak lantalde bat sortzea eta webgune osatu eta txukun bat sortzea izango dira, Katalunian egin duten moduan. Bertan .ct domeinua eskatzeko kanpaina indartsu bat egiten ari dira, atxekimenduak bilduz, lege proposamenak aurkeztuz eta bannerrak zabalduz.
Galiziarrak ere aspalditxotik dabiltza galdekizun berarekin, .ga domeinua eskatzen duen gune galiziar bat baitago. baina gurearen antzeko arazo bat dute, domeinu hori Gabon afrikar estatuari baitagokio ISO 3166 zerrendan. Hori ikusita, proposamena aldatu eta .gz domeinua eskatzen dute orain eta, diotenez, Manuel Fraga Xuntako presidentearen atxekimendua lortu dute.
Iazko azaroan Donostian egin ziren Informatikari Euskaldunen II. Topaketan euskararen eta Euskal Herriaren presentzia Interneten emendatzeko eginbehar batzuk aitatu ziren. Horietariko bat euskal domeinu izena lortzea zen, baina Aiestaran salbu, inork ez dio gogoz heldu orain arte gaiari. Ekimen indibidual hori kolektibo bihurtzeko proposamena plazaratuta dago beraz.
EH Online
http://web.jet.es/iaa/ehonline/index.html
Domini .ct per a Catalunya
http://www.domini-ct.org/
Puntoga-.gz
http://www.arnal.es/puntoga/
Laburrak:
Webguneak:
SHEEren webgunea
Soin Hezkuntzako Euskal Erakundeak webgune bat abian jarri du. Bertan, Gasteizen egoitza duen EHUko ikastegi honen gaineko informazioa eskaintzen da, euskaraz zein gaztelaniaz. SHEEren egituraketa, zerbitzuak, irakaskuntza planak, argitalpenak, egutegia eta bertara sartzeko probei buruzko informazioa ematen du. Ikerketa eta Ikasleak ataletan kurtso eta bekak agertzen dira. Irudi gutxi baina diseinu txukuna eta nabigazio arina du guneak.
SHEE-IVEF
http://www.shee-ivef.com
Artez aldizkaria
Arte eszenikoen aldizkari elektronikoa izenarekin, Artez paperezko aldizkariaren bertsio digitala sarean dago. Bertan agertzen diren gaiak dantza, antzerkia, musika, zinema eta ikus-entzunezkoak dira. Azpiataletan barneratuta testu batzuk gaztelaniaz eta besteak euskaraz aurkituko ditugu. Informazio kopuru handia ematen dute eta nahiko osatuak diren agenda, helbideen aurkibidea eta iragarkientzako atala. Azken honetan lehiaketen deialdiak aurkituko ditugu.
Artez aldizkaria
http://www.netbide.com/artez.html
Info:
‘Egutegi Soziala’ sarean
Aspaldi honetan badabil Bizkaia aldean gizarte mugimenduen ekimenen berri ematen duen Egutegi Soziala. Ezkerreko kristau ikuspegitik hurbil dabiltzan gazte batzuren ekimena da eta paperezko edizioan banatzen da Bilbo aldean. Bertan, edozein kolektibok bere ekitaldiak iragartzeko lekurik badu, baina partidu eta sindikatuenak baino gizarte mugimenduen iragarpenek dute lehentasuna bertan agertzeko. Bertsio digitalean ere badago Gizarte ekintzen egutegi hau.
Martxoko Egutegi Soziala
http://www.lander.es/~alde/egut.html