1997ko abuztuak 31, Igandea | Nabigatzen |

Azoka birtualean merkatari

Interaktibitateak interneten bidez gauzak saltzea eta erostea ahalbidetzen du. Etxetik irten gabe erosketak egin daitezke, artikuluak ikusi, entzun, eskatu eta ordaindu pantailaren bidez. Horrek goitik behera aldatuko ditu aurki kontsumoaren ohiturak eta merkataritza moduak.

Aldaketa horren bultzatzaile nagusien artean Bill Clinton EEBBetako presidentea dago. Internet fiskalitaterik gabeko gunea bihurtzeko asmoa du, "truke libreko gune globala" bere hitzetan. Hori defendatzeko prest dago Nazioarteko Merkataritza Erakundean. Bere argudio nagusia zehatza da: estatuen gainetik dagoen sarean ezeinek ez duela sal-erosketa elektronikoen gainean fiskalitaterik ezartzeko eskubiderik. Beraz, epe laburrean merkataritza librearen gunea izango da internet eta horrek are azkarragoa bihurtuko du aldaketa.

Diru gutxirekin negozio bat abaiarazteko aukera ematen du internetek, horregatik badago hemen bere neurriko negozioa aurkitu duenik. Adibidez, informatikari buruzko zenbait aldizkarik, publizitatea lortzeko zailtasunen ondorioz paperezko edizioa argitaratzeari utzi behar izan diote eta desagertu beharrean indarrak edizio elektronikoan finkatu dituzte. Bestalde, saldu nahi diren gaien eta erakarri nahi den eroslearen arabera baliteke inon dendarik eduki gabe denda birtuala soilik edukitzea.

Euskal Herrian joera hauek oraindik ez dago oso garaturik, baina bien adibideak baditugu jada. Batetik, Imagen Vasca On Line aldizkariak edizio elektronikoa egiten du bakarrik eta berau irakurtzean pantailan ageri diren iragarkien bidez finantziatzen da. Caroline Philipsen Basquearts guneak berriz mundu osoan euskal liburuak, diskoak, objektuak eta bestelakoak saltzen ditu on-line.

Marketing likidoa
Enpresa askok badute beren gunea sarean, baina gutxi baliatzen dira internetek eskaintzen dizkien baliabideetaz. "Marketing likidoa" interaktibitateaz baliatzen da, internautak nabigatzean utzitako informazioa erabiliz haren gustoko webguneak eraikitzeko eta erosiko dituen produktuak eskaintzeko.

Webgune komertzial "inteligente" batek internauta bakoitzak bere barruan egin dituen mugimendu guztiak gordetzen ditu: orrialde bakoitzan egoten den denbora, non egiten duen klik eta non ez; zein den bere konputagailu mota eta sistema operatiboa... Hori guztia aztertu ondoren enpresak gunearen edukiak aldatuko ditu erakargarriagoa izan dadin. Kontrol hau lortzeko bi baliabide erabiltzen dira. Lehenengoa cookie-ak dira, gure konputagailuan gure mugimenduak gordetzen dituen fitxategiak dira. Webguneek irakur ditzakete nor garen eta nondik ibili garen jakiteko. Beste baliabidea galdetegiak dira, edozein aitzaki jarrita gure datu pertsonalekin betearazten dizkigutenak.

Internautak guneetara erakartzea izaten da arazo nagusia interneten. Publizitatea beste guneetan jarritako iragarkien bidez egiten da eta iragarkian klik egiten den bakoitzeko kobratuko dute iragarleek. Publizisten etorkizuneko arloa da Internet, iaz jada 301 miloi dolar mugitu baitziren bertan publizitatean.


Aholkuak: Nola egin webgune arrakastatsua bezeroak erakartzeko

Webgune txukun batek internauten arreta erakarriko du. Gunearen xedea saltzea zein mezu bat zabaltzea izanda antzeko gomendioak jarraitu behar dira arrakasta lortzeko. Sinpletasuna da oinarrizko araua. Koloretako botoiez beteriko pantailek bisitaria informazioz saturatzen dute, hobe da gai nagusiekin aurkibide sinple eta zehatz bat egitea eta ondorengo atalak ere aurrerago banatzea.

Orrialde luzeak eta irudi handiak ekidin behar dira, kargatzeko denbora asko behar baitute. Internautek pazientzia gutxi dute eta zapping-a egiteko joera dute, denbora -eta telefonoarekin dirua- galtzea ez baitzaie gustatzen. Horregatik mezuak zehatzak eta sintetikoak izan behar dira. Ahaztu errepikatzen diren fondoak eta jarri kolore bakarra. Irudiek ahal dela konkordantzia bat izan behar dute, gunearen estilo bat sortuz. Handik eta hemendik hartu barik saiatu irudi originalak egiten. Gunearen barruan bilaketa tresna bat jar dezakegu eta baita erosketak online egiteko, baina ez da erraza izaten.

Jendea erakartzeko bilaketa tresnetan gure berri eman behar dugu. Hori baino lehen, gure orrialdeen MetaTag-etan gure gunea definitzen duten hitz klabeak jarri behar ditugu, bila dabilenak gu aurki gaitzan. Spamming-a baztertu, hobe da mezuak news guneetan zabaltzea nahi duenak irakur dezan. Titular erakargarri baten ostean, mezuan argi eta garbi azalduko dugu zer dagoen gure gunean. Beraz, gunea ondo antolatuta, gure bila dabilenak aurkituko gaituela ziurtatuta, kanpaina on bat eginda eta -inportanteena- gure produktuak benetan onak badira, arrakasta ziurtatuta dago.

Marketing-ari buruzko gomendioak
http://www.conver.es

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner