1997ko abuztuak 10, Igandea | Nabigatzen |

Spamming-a, Postontzia zabortegi bihurtzen denean

Hiri handietan bizi denak ondo jakin badaki zer den etxeko postontzia ireki eta makina bat publizitate topatzea. Gure izenean datorren gutun komertzial piloa izan ohi da, hartzaile jakinik ez duten dozenaka panfletoen artean. Bada, antzeko joerak ari dira posta elektronikora igarotzen.

Spamming, junk e-mail edota unsolicited bulk e-mail deritzo ingelesez norberak eskatu gabe bere postontzi elektronikoan jasotzen dituen publizitate mezuei. EEBBetan bada egunean egunean horrelako ehun mezu baino gehiago jasotzen dituen jende asko, agian haien artean mezu pertsonal pare bat soilik aurkitzeko. Joera honek jasotzaileak eta zerbitzariak gero eta haserreago eta urduriago jartzen ari da, etengabe haziz doalako. Gainera, hazkunde honi galga ipintzeko oztopo ugari daude, oztopo tekniko eta juridikoak batik bat.

Zabor posta mezu hauetarik gehienek publizitate komertziala daramate eta horrelako mezuak bidaltzeko propio sortutako enpresek bidaliak dira. Cyberpromotions, BulletMail eta antzeko izenak dituzte konpainiok, eta euren aktibo nagusia informazioa da, hor nonbait lortuta beraien datu baseetan dauzkaten helbideak. Bestela, milaka mezu bidaltzea erraza da edonorentzat. Erraza eta merkea, mezuok bidaltzea ia debalde baita. Inoiz newsgune batera mezu bat igorri badugu edo webgune baten galdetegian gure helbidea eman badugu spamming-aren jasale izan gaitezke aurki. Spamming-a ez da Mail bombing edo mezu bonbardaketarekin nahastu behar. Lehenengoa mezu bat milaka lekutara bidaltzea da; bigarrena aldiz milaka mezu leku batera igortzea da, helbide horri dagokion postontzi elektronikoa blokatzeko xedez.

Spamming-aren aurkako borroka pribatutasunaren defentsarekin lotzen da. Halaber, ezkerreko ikuspegi politikoa dutenak, printzipioz sarearen merkantilizazioaren aurka egonik, zabor postaren aurkari sutsuenak dira. Kezka horren ondorio, Death to spam bezalako guneak sortu dira. Bertan, spamming-ari buruzko informazioa ezeze, zabor mezuak ez jasotzeko egin daitezkeen zenbait aholku praktiko azaltzen da. Bertako kudeatzailea den Steven Rimmer-ek dioenez arazoa "How to Make Lots of Money on the Internet" zorioneko liburua askok erosi zutela. Haietariko batzuek ez digute inolako errespeturik sareko beste erabiltzaileoi; gehienak ordea ezjakintasunagatik egiten dute spamming-a, ez baita efektiboa".

Iritzi berekoa da Robert Maynard, bere buruari "spammer damutua" deritzona. "Nire konpainia batentzat eskatu gabeko mezu andana bidaltzeko eskatu nion spamming enpresa bati, eragina izango zuelakoan. Bidalitako 100.000 mezuetatik harrituta utzi ninduen erantzun kopuruak: zero. Salmenta bat ere ez. Spaming-a ez da efektiboa". Rimmerrek badu aholku bat interneten dirua egin nahi duenarentzat. "Eskaintza on bat edukitzea eta webgune txukun eta erakargarri bat sortzea. Bezeroak berez etorriko zaizkio ondoren".

Legez arautu beharraz
Honelako jarduerak legeen bidez arautzea ordea sano gaitz ikusten da interneten. Saretik at, herrialde bakoitzak bere legeak dituelako. Espainiako Datuen Babeserako Agentziak kasu, ezer gutxi egin ahal izango du Ameriketako zerbitzari batek espainiarren datuak nahi duen moduan erabili ez ditzan. EEBBetan hainbat lege proposamen ari da eztabaidatzen, spam-a ezezik informazio konfidentzialen zirkulazioa galarazteko eta hainbat webguneren eta mezuren edukiak kontrolatzeko. Horrek eskubide zibilen aldekoen mesfidantza sortu du, euren ustez alderdi errepublikarrarengandik sortu diren proposamen horiek botere publikoek internet kontrolatzea bilatzen dutelako.

Erabiltzaileok iragazkiak jar ditzakegu spamming-ak gure kontuetara sar ez daitezen. Horrela, software baten bidez, bidaltzaile zehatz batzuk edo eta mezuan hitz zehatz batzuk agertzen badira ez dira gure postontzira helduko. EEBBetako Compuserve eta AOL zerbitzariek esaterako ez diete horrelako mezuei beren bezeroengana heltzen uzten. Baina jada agertu dira iragazki horiek igarotzen dituzten spammer-ak.

Spamming enpresa bi:
www.cyberpromo.com
http:bulk-e-mail.com

Spamming-aren aurka:
-Death to spam
-Get that spammer

Anonimotasunaren eta pribatutasunaren defentsan
-Electronic Frontier Foundation
-www.privacy.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner